Zuhaitz bat bidegurutze batean

Zuhaitz bat bidegurutze batean

Arteak, naturak eta zientziak bat egiten duten eremuan sortutako ekinaldi bat da Arbola, «zuhaitzen kultura ospatu» nahi duen jaialdia. Labea laborategiak sortu du, eta Iruñean eginen dute, apirilaren 25etik 30era. Klima krisiak behartutako egungo trantsizio garaiari erantzun bat eman nahi dio.

Edurne Elizondo

Artea, zientzia eta natura gurutzatzen diren tokian; hor sustraitu da Arbola. “Zuhaitzen kultura ospatu” nahi duen jaialdi bat da, eta Iruñean eginen dute, apirilaren 25etik 30era; hiriburuko Labea arte, zientzia eta natura laborategiak prestatu du ekinaldia, klima krisiak behartutako egungo trantsizio ekosozialeko garaian “erantzun bat” emateko asmoz.

Isa Ferreira da Labea osatzen duen lantaldeko kideetako bat (Iruñea, 1970). Arbola antolatzeko, Antartika Kultur Container erakundearen eta Innova Kulturala programaren laguntza izan dute, bertzeak bertze. Babes horri esker, nazioartean lanean ari diren “lehen mailako” artisten proiektuak lotu ahal izan dituzte. “Ez dakit gai ote naizen Arbola jaialdiak duen indar guztia transmititzeko, baina garbi izan dezatela herritarrek ingurumenaren inguruko artearen esparruko sona handiko egileak izanen ditugula Iruñean”.

Ferreirak ongi ezagutzen du esparru hori, azken urteotan bereziki landu baitu. “Artea, zientzia eta natura gurutzatzen diren tokiak atentzioa eman dit azken urteotan; bidegurutze interesgarri eta emankor bat da; ikertzen hasi, eta hor sortutako proposamenak nire proiektuetan sartuz joan naiz”.

Arte komisario independentea da Ferreira, hain zuzen, eta Berlin eta Iruñea artean mugitzen da. Labea, halere, Nafarroan garatu du, eta Arbola jaialdia ere hiriburuan errotu nahi izan du. Zuhaitzaren irudia “oraingo garaiak behar duenaren ikur” bilakatu nahi izan du, ekinaldi horren bidez: “Egungo gizarteak erdigunean jarri beharko lituzkeen balioak adierazten dituzte zuhaitzek; hau da, soiltasuna, elkarren mendekotasuna eta, aldi berean, autosufizientzia”. Balio horiek ikur bilakatu ditu Arbola jaialdiak, “arteari, naturari eta bioaniztasunari buruz hitz egiteko”.

“Zorroztasunez”

Erakusketak, hitzaldiak, ibilaldiak, dantza ikuskizunak, zinema emanaldiak eta bertze; askotarikoa da Arbola jaialdiak erdigunean jarri duen eskaintza. Artea da ekinaldiaren ardatz, artea baliatu nahi dutelako antolatzaileek klima krisiaren gaiari heltzeko. Ferreirak garbi erran du, halere, jaialdiaren “asmo dibulgatzaile eta pedagogikoa” ere funtsezkoa dela. Lan hori, gainera, “zientziaren zorroztasunarekin” egin nahi dutela nabarmendu du.

Artearen, naturaren eta zientziaren arteko elkarlanaren adibide gisa aipatu du apirilaren 28an inauguratuko duten proiektu bat, hain zuzen ere: Antartika erakundeak Iruñeko Kale Nagusian duen egoitzako balkoian egin duten Plantadania izeneko instalazioa, alegia. Lucia Loren artistak, Camino Jaso biologoak, Ricardo Biurrun entomologoak eta Marion Dissenovski paisaia ingeniariak egin dute bat, “hiri bateko balkoi batean bioaniztasuna lantzeko”. “Instalazio botaniko-artistiko bat da”, azaldu du Isa Ferreirak.

Dantzaren esparruak jaialdian izanen duen presentzia ere nabarmendu du Ferreirak. Batetik, Laida Azkona (Betelu, 1981) eta Txalo Toloza (Antofagasta, Txile, 1975) ariko dira. Teatro Amazonas y otros delirios izenburuko performancea aurkeztuko dute apirilaren 29an, 19:00etan, Kondestablearen jauregian. “Munduko antzokirik onenetan erakutsi dute Azkonak eta Tolozak Teatro Amazonas obra; lan hori egokitu egin dute Arbola jaialdirako”, kontatu du antolatzaileak.

Bertzetik, Luciana Croatto dantzariak (Santa Fe, Argentina, 10985) Tentativas de convertirse en árbol izenburuko

Luciana Croattoren Tentativas de convertirse en árbol.

 

hogei minutuko pieza aurkeztuko du Arbola jaialdian. Apirilaren 29an ariko da Croatto, Piparrika hiri baratzean. Obra baso batean edo hiri bateko naturagune batean erakusteko sortu du Croattok, hain zuzen. Dantzariaren bidea ongi ezagutzen du Ferreirak, arte komisario izateaz gain Valentziako (Herrialde Katalanak) dantza garaikideko jaialdiko nazioarteko garapenaren arloaz arduratzen baita. “Dantza garaikidearen esparruan, Europako onenetako bat da Croatto”, nabarmendu du.

Bertzelakoa da Marina Guzzoren (Sao Paulo, Brasil, 1978) proposamena; erakusketa batekin parte hartuko du artista brasildarrak Arbola jaialdian. Mistura izenburuko proiektuko tamaina handiko argazkiak zintzilikatuko dituzte Kondestablearen jauregian, hain zuzen.

“Zoragarria”

Iruñean egindako argazkiak dira horiek, Guzzo 2022ko azaroan Iruñean egindako lan prozesuaren ondorio. Hiriburuko hogei emakumerekin elkartu zen, eta haien eta landareen arteko harremana jorratu zuen, prozesu horretan gertatzen zena irudi bilakatuz.

“Hagitz esperientzia polita izan zen Iruñekoa. Emakumeak dantzan jarri nituen landareekin; zoragarria izan zen”, kontatu du artistak. 2021etik ari da Mistura proiektua garatzen; Iruñean ez ezik, bertze hamaika hiritan egin du. “Oinarria bera izan arren, tokiak eta pertsonak aldatzen dira, eta, ondorioz, emaitza ere ezberdina da. Objektuak aldatzen dira batek edo bertzeak hartzen dituenean”, zehaztu du.

Kolektiboak bere lanetan duen indarra nabarmendu du Guzzok, talde bateko kideen arteko harreman horiei erreparatzen baitie bere sormen prozesuetan. Naturari ere egiten dio so, bai eta gizakien eta naturaren arteko loturari ere. Baso eta oihan handiak jarri ditu erdigunean, batetik, baina, bertzetik, “hirian basoak egiteko beharra” nabarmendu nahi izan du. Egungo klima aldaketako jokalekuan, hain zuzen ere, nork bere esparruan hiriko baso horiek sortzeko eta sustatzeko duen ardura aipatu du Guzzok.

Guzzoren erakusketa jaialdiak iraun bitartean bisitatu ahal izanen da. Bertzetik, ekinaldiko azken egunean, apirilaren 30ean, Mistura Txiki izeneko tailerra eginen dute Piparrika hiri baratzean. Ghislene Veranok eta Ines Aubertek gidatuko dute tailer hori, Guzzok landutako metodologia oinarri hartuta; helburua da landareen mundua ikertzea, landareon koloreen, usainen eta ehunen bidez; jokoa baliatuko dute horretarako, oihalak, era askotako objektuak eta elementu begetalak nahasiz.

Asteartean abiatuko da Arbola jaialdiaren lehen aldia, eta “irrikan” da Isa Ferreira. Proiektuak jakin-mina sortu duela erran du, eta herritarrak deitu ditu parte hartzera. “Lehen mailako egileak izanen ditugulako; eta arteak emanen digulako aukera trantsizioko garai honek eragin dezakeen beldurrari modu positibo batean erantzuteko”.

Egitaraua

Arbola jaialdia apirilaren 25etik 30era eginen dute, Iruñean. Informazio osoa, Labea.net helbidean.

Erakusketak. Apirilaren 25etik 30era. Marina Guzzoren eta Syx Studioren Mistura #4, Kondestable- arenean. Cecilia Malyken 365 Trees, kale Nagusiko 59.ean. Apirilaren 25etik maiatzaren 22ra. Martxin Etxauriren Fossil Plastics-Alegiazko enborrak, Kondestablearenean.

Zinema. Apirilaren 26an. Barranqueadores y cablistas de Irati. Kondestablearenean, 17:45ean.

Musika. Apirilaren 27an. Xabi Apestegia Reimy. Iruñeko kaleetan.

Ibilaldiak. Apirilaren 27an. Zuhaitz pedagogiako bidezidorrak. Antartika zentroan, 17:00etan.

Instalazioak. Apirilaren 27an. Plantadania. Lucia Loren. Antartikan, 19:00etan.

Dantza eta tailerrak. Apirilaren 29an: Conversación con un árbol. Rouge Elea. Aranzadin, 13:00etan. Tentativas de convertirse en árbol. Luciana Croatto eta Artistas Inflamables. Kondestablearen jauregian, 20:00etan. Apirilaren 30ean: Mistura Txiki tailerra. Ghislene Verano eta Ines Aubertekin.

Goiko argazkia: Cecylia Maliken 365 Trees proiektua.

 

 

Irudia. Izarbeibar.

‘Basoaren oihartzuna’, artea suteen kontra

Patxi Aldunate artistak Basoaren oihartzuna izenburuko proiektua jarri du martxan Izarbeibarren, iazko ekainaren 18ko sute handiaren arrastoari aurre egiteko. Aldunatek eta inguruko bertze zenbait artistak egin dute bat —Angel Arbe, Jose Luis Mayor, Ramon Satrustegi, Blanca Razkin, Koke Ardaiz, Itziar Alforja, Monika Aranda, Itziar Nazabal, Teresa Sabate eta Virgina Santos—, eta enbor erreak margotzen hasi dira.