Punka, laguntasuna, folklorea

Punka, laguntasuna, folklorea

Euskara, feminismoa eta landa eremua ditu ardatz nagusi Zaunka Lizarrerriko musika taldeak. Lau kide dira,eta oholtzara igotzen dira «ekintza politiko gisa».

Olaia L. Garaialde

Elkar ezagutu gabe, kalean jotzeko elkartu ziren egun batean, eta, ordutik, elkarrekin aritzen dira Carla Ruiz (ahots nagusia), Alba Etxarri (gitarra), Alba Legarda (pianoa eta perkusioa) eta Pau B. Sadaba (gitarra eta ahotsa). Zaunka musika taldea osatzen dute, eta 2021. urtean, LGTBIQ harrotasunaren egunean, Lizarran, Zaunka gisa jo zuten lehendabiziko aldiz. Lizarrerrikoak dira, eta oholtzan duten jarrerarengatik punk erromantiko folklorikoak direla diote.

Ruizek uste du Zaunka helburu zehatzik gabe eta “modu organikoan” sortu izanak “freskotasuna” eman diola taldeari: “Bidea zehaztu gabe zegoenez, espektatibak eta presioa txikiagoak ziren”.

Hiru hizkuntzatan sortzen dute: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. “Hasieratik argi genuen euskarari garrantzia eman nahi geniola”, nabarmendu du Etxarrik. Orain indarra euskarazko eta gaztelerazko kantetan jartzen ari dira, baina lehen, batez ere, ingelesez sortzen zuten. “Errazago egiten zait ingelesez sortzea, jende gutxiagok ulertzen duenez, babestuagoa sentitzen naizelako”, aitortu du Ruizek.

“Deserosotasuna eragin”

Landa eremua eta feminismoa ere dituzte ardatz nagusi, eta ekintza politiko bat da haientzat oholtzara igotzea: “Betidanik sentitu izan dut kultura eta musika hirian daudela, eta herrietan sortzen dena mutilek egindako punk rocka dela. Gainera, oso espazio arrotzak dira”. Espazio feministetan jotzen dutenean, “eroso” eta “oso gustura” daude, baina uste dute espazio “arrotzetan” ere egon behar direla: “Ekintza politiko gisa, deserosotasuna eragiten dugun tokietan egon behar gara; behintzat, molestatzen dugu”.

Etxarrik gehitu du herrien arteko saretzea sortzen saiatzen ari direla. “Asko gustatzen zaigu herrietara joatea, badakigulako beste giro bat topatuko dugula, eta umeak egongo direla ziurrenik. Hori bultzatzea eta bertan egotea garrantzitsu da”, nabarmendu dute Zaunka taldeko kideek.

Zaunka musika taldeko kideak: Alba Etxarri, Pau B. Sadaba, Carla Ruiz eta Alba Legarda.

Elkartasuna, maitasuna eta laguntasuna islatzen dute gehienbat, eta horri erreferentzia egin nahi izan diote duela gutxi kaleratu duten Mud kantuan. “Idazten hasi nintzenean, lagun batzuekin bizi nintzen, eta bertan sortutako giroa islatu nahi nuen. Etxe fisiko eta sinboliko bat sortu, eta lagun artean bizi, sentitu eta maitatu”, kontatu du Ruizek.

Erdi biluzik eta lokatzez zikinduta grabatu dute Sandra Urrak egindako bideoklipa. “Metafora bat da; hautsez beteriko partikulak independenteak dira, eta elkartuz gero lokatza egiten dute”, azaldu du Etxarrik.

Pentsatzen zuten lokatzarekin gehiago estaliko zutela gorputza, baina gorputzak uste baino gehiago ikusten zirenez, bideoa publikatu aurretik hitz egiteko elkartu ziren. “Zoritxarrez, badakigu zein begirada dauden sarean”, esan du Etxarrik. Gainera, irakaslea da hura, bideoan agertzen diren beste asko bezala: “Badakit ikasleek jarraitzen gaituztela, eta oso polita da, baina ez dakit zein begiradarekin ikusten duten”.

Hortaz, denak elkartu, eta lanketa bat egin zutela kontatu du Ruizek: “Ados geundenez, publikatzea erabaki genuen, maitasun guztia ezin delako kaxoi batean geratu”. Mezu bat jarri zuten bideokliparen hasieran: “Irudi hauek maitasun-laguntasuna eta abestiak transmititu nahi duen mezua irudikatzen dituen pieza artistiko bat sortzeko helburu bakarrarekin grabatu dira. Irudiak ezin dira beste helburu batzuetarako erabili. Ez gara arduratzen begirada lizun patriarkalez”.

Euren kantu propioak sortzeaz gain, bertsioak ere egiten dituzte; esate baterako, La pastora de Ibardin kantuaren bideoklip berria kaleratu dute. Ruizek azpimarratu du kanta “berezia” dela hori: “Lagunekin grabatu dugu, askotan kantatzen dugun kanta bat delako, eta asko identifikatzen garelako mugen eta Poliziaren aurkako mugimenduekin, herriaren identitatearekin eta elkartasunarekin”. Berretsi dute bide horretatik jarraitu nahi dutela lanean.