Musika eta herria ospatzeko

Musika eta herria ospatzeko

Atarrabia abesbatzak bi kontzerturekin ospatuko du asteburuan bere hogeigarren urteurrena. Pello Goñik sortu zuen 2003. urtean; egun, Iñigo Casali du zuzendari.

Edurne Elizondo

Hasieratik nago”, erran du Esther Pagolak, harro. 2003. urtean sortu zuten Atarrabian herri horren izena daraman abesbatza, eta kantatzen hasteko urratsa egin zuten herritarren artean zen Pagola (Mendigorria, 1936). Hogei urteko bidea egin du taldeak, eta asteburuan ospatuko du: prestatu duten kontzertuaren bi emanaldi eginen ditu, bihar eta etzi, 19:30ean, Atarrabiako kultur etxean.

Euskal kantu tradizionalen inguruko zaletasuna dago Atarrabia abesbatzaren sorreraren oinarrian. “Herrian bazen jendea abesteko gogoz, eta Pello Goñirengana jo genuen. Hura izan zen gure lehendabiziko zuzendaria”, oroitu du Pagolak. Euskaraz abestea zen hasierako helburua, eta herriko ekinaldietan parte hartzea.

Bide hori ez dute bazter utzi, eta Atarrabiako bestetan eta herriko gainerako ekinaldi nagusietan parte hartzen du abesbatzak. “Konpromiso” horri eustea “inportantea” dela azaldu du Pagolak. Baina gehiago egin dute abesbatzako kideek, azken hogei urteotan, eguneroko lanak piztu baitie erronka gero eta handiagoei heltzeko gogoa. “Trebatu garen neurrian, gure kalitateak hobera egin du, eta gauza gehiago egin nahi izan ditugu”.

Pello Goñi lehendabiziko zuzendaria 2008. urtera arte egon zen karguan; urte hartan, Cum Agusti Ciuranak hartu zuen abesbatzaren ardura, eta lan horretan aritu zen 2014ra arte. Nekane Piñuelak ordezkatu zuen, eta 2017an, berriz, Isabel Señas izendatu zuten zuzendari.

2018an, egungo zuzendariak hartu zuen kargua: Iñigo Casali konpositoreak, alegia. Casaliren lana nabarmendu nahi izan du Pagolak, hain zuzen ere, eta haren eskutik abeslariek egin duten urratsari eman dio balioa. “Anitz eman digu; ahots teknikari buruz anitz ikasi dugu Iñigori [Casali] esker. Harekin ikasi dugu, gainera, kantatzea plazer bat dela; gozatzen dugu abesten, eta hori adierazten dugu oholtza gainean”.

Atarrabia abesbatzako kideak.

Abesbatzak berrogei kide inguru ditu gaur egun. “Erretiroa hartutakoak gara gehienak, baina bada jende gaztea ere”. Pagola hasieratik dago taldean, eta zaharrena dela kontatu du; belaunaldi aldaketarekin “kezka” izan dute azken urteotan, baina orain jende berria sartu dela erran du, pozik. “Polita da jende gaztea proiektura batzea”.

Bertze hainbat talderekin

Atarrabia abesbatzak asteburuko emanaldiak prestatzen eman ditu azken hilabeteak. Urtero prestatzen dute gai baten inguruko kontzertu berezi bat, eta aurtengoak, noski, 20. urteurrena izanen du ardatz. “Gure hogei urteotako ibilbidea laburbiltzea da asmoa”, azaldu du Pagolak.

Abesbatzako kideak ez dira bakarrik izanen oholtza gainean asteburuko bi emanaldietan. Izan ere, herriko bertze hainbat talderekin ospatu nahi dute abeslariek euren urteurreneko besta. Atarrabiako erraldoiak eta kilikiak, Milkelats dantza taldea, Ziripot txaranga, Atarrabiako txistulariak eta gaitariak ariko dira Atarrabia abesbatzarekin; Izaskun Iturri, Araitz Bizkai, Ismael Yague eta Itziar Perez de Ziriza ere izanen dira oholtzan.

Biharko eta etziko emanaldiak izanen dira urteurrena ospatzeko lehendabiziko saioak, baina ez dira bakarrak izanen. Urrian bertze kontzertu berezi bat eginen du Atarrabia abesbatzak, herrian, Iñigo Casaliren zuzendaritzapean. Kontzertu horretan, hain zuzen, Casaliren kantata bat eskainiko dute.

Urriko kontzertuan, herriko bertze bi abesbatzarekin batera ariko dira Atarrabia abesbatzako kideak: San Andres abesbatzarekin eta Paz de Zigandako gurasoen abesbatzarekin, alegia. Ez da elkarrekin ariko diren lehen aldia: Larrain dantza, Nafarroatik lau haizeetara izenburuko ikuskizunean ere parte hartu zuten. 2018an sortutako obra bat da hori. Mikel Taberna idazleak idatzi zituen hitzak; eta musika, berriz, San Andres abesbatzako Maximo Olorizek moldatu zuen, hiru abesbatzek kantatzeko.