Denbora irabaztea da erronka

Denbora irabaztea da erronka

Maiatzaren 20ko uholdeak ezustean harrapatu zituen Bortzirietako herriak: Beran, bi orduan metro koadroko ehun litro baino gehiago bota zituen. 2019an, urak Tafalla hartu zuen, eta hango udalak ikasi du lezioa: alarma ahalik eta azkarren piztea helburu duen proiektu batean parte hartzen ari da.

Edurne Elizondo

Berako irudiak ikusita, 2019an sentitu nuen beldurra datorkit berriz burura”. Tafallako jarduneko alkate Jesus Arrizubietarenak dira hitzak (EH Bildu). Ekainaren 17an utziko du kargua, ez baita koalizioaren alkategaia izan joan den igandeko hauteskundeetan. “Etxeko lanak eginda” joanen dela nabarmendu du, halere.

2019ko uztailaren 8an, Arrizubieta Tafallako alkate bilakatu eta 24 egunera, Zidakos ibaiak gainezka egin zuen herrian, eta kalte handiak eragin zituen. Atarrabiako 25 urteko gazte batek ezin izan zion uholdeari ihes egin, eta Ezporogi ondoan zendu zen, urak autoan harrapatuta.”Garbi nuen udalaren ardura zela neurriak hartzea, egun hartakoa, ahal dela, berriz gerta ez dadin. Uholdeak gertatuko direla badakigu; denbora irabaztea eta alarma ahalik eta azkarren piztea da gure erronka”.

Denbora irabazteko asmo horrekin erabaki du Tafallako Udalak bertze hainbat erakunde eta enpresarekin batera garatu nahi duen proiektuan parte hartzea. “Gu gaude, baina badira Espainiako eta Frantziako hainbat enpresa ere sartuak. Europaren babesa lortu nahi dugu, adimen artifiziala erabilita alerta goiztiarrak aktibatzeko sistema bat sortzeko”, azaldu du Arrizubietak. Zortzi bazkidek sustatu dute proiektua, bertze sei laguntzailerekin batera. Bazkideen artean dago Zumarragako Udala (Gipuzkoa), eta laguntzaileetako bat da Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa. “Helburutzat hartu dugu uholdeak gertatu baino zortzi ordu lehenago piztu ahal izatea alarma”.

Zer egin jakiteko planak

“Uholdeei ezinen diegu ihes egin, baina, denbora irabaziz gero, eragin ditzaketen kalteak gutxitzea lor dezakegu. Herritarren segurtasuna da lehentasuna”, berretsi du Tafallako jarduneko alkateak. Garatzen ari diren proiektuaren asmoa ere bada urak azpian har ditzakeen eremuetan dauden azpiegituretan —eskoletan, lantegietan, kiroldegietan eta gisakoetan— larrialdi planak egitea. “Zerbait gertatzen bada, denok jakin behar dugu zer egin. Larrialdi plan batek ez du deusetarako balio herritarrek ezagutzen ez badute”.

2019ko uholdeak gertatu eta gero, Tafallako Udalak egin zuen herriko larrialdi plana. Oraingo proiektuarekin, urrats bat harago egin nahi dute. “Onena da lortuz gero udal guztiek erabili ahal izanen dutela”. Beran ere badute larrialdi plan bat, baina joan den maiatzaren 20ko goizaldean ezerk ezin izan zion mugarik jarri uraren indarrari: ekaitzak gogor jo zuen herria —bi orduan, metro koadroko ehun litro baino gehiago bota zituen—, eta, Zia errekak gainezka egin eta gero, urak hartu zituen herriko hamaika karrika, etxabe, denda, auto eta etxe.

Iciar Fagoagaren Oinatz zapata denda; kartelak jarri ditu uholdeetan izan duen babesa eskertzeko.

Uholdeak kalte material handiak utzi ditu Beran, eta berrogei oilo hil ditu, gutxienez. Lesakan, berriz, luizi batek ur kanal bat itxi zuen, eta ura etxeetara desbideratu; hainbat hustu behar izan zituzten. Nafarroako Gobernuak Espainiakoari eskatu dio urak azpian hartutakoa hondamendi eremu izenda dezala. Berako Udalak lau milioi euroren galerak zenbatu ditu, urak herriko bide eta azpiegitura publikoetan egindako kaltearen arabera. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa ari da urak herritarren ondasunetan eragindako kaltea zenbatzen.

“Amets egiten ari nintzela pentsatu nuen hasieran”, oroitu du Berako alkate Aitor Elexpuruk (EH Bildu) —kargua berrituko du ekainaren 17an—, etxeko leihotik karrika urez beteta ikusi zuen uneari buruz. “Goizaldeko ordubietan, lau tanta ari zuen; laurak eta laurdenean, dena kontrolez kanpo zegoen. Bat-batekoa izan zen erauntsia”.

Eskuinetik bigarrena, Iciar Fagoaga Oinatz zapata dendako jabea, uholdeen egunean.

Elexpuru 2019tik da Berako alkate. 2021eko otsailean, suak hartu zituen herriko zenbait mendi; urte bereko abenduan, Zia errekak eta Bidasoa ibaiak gainezka egin, eta uholdeak eragin zituzten. Kalbarioko errekaren emariak ere gora egin zuen 2021eko abenduan, eta urak zulo bat eragin zuen erreka ubidean sartzen den tokian. Iazko urtarrilaren 10eko euriteen ondorioz, okerrera baino ez zuen egin egoerak: Berako Plaza Zaharrean agertutako zuloak horma bat bota zuen, eta Lorenzobaita etxeko sotoan gainezka egin zuen urak. Azpitik pasatzen da ubidea.

Maiatzaren 20ko erauntsiak ere kalte egin dio Kalbarioko errekako lur azpiko galeriari. “Zia errekarekin bat egiten duen tokian buxadura bat dago, eta zulo bat eragin du etxebizitza bateko sotoan. Hori da orain ditugun puntu kritikoetako bat”, azaldu du Elexpuruk. Isidoro Fagoaga musika eskolaren inguruan dago bertzea, han ere lur azpiko erreka bat baitago. Musika eskolaren aurreko botikak, hain zuzen, kalte handiak izan ditu, duela bi asteko erauntsiaren ondorioz.

Laguntzen zain

Berako hainbat dendatan sartu zen ura maiatzaren 20ko goizaldean. Kirolak Zelako jabe Mari Jose Fagoagak dendaren gainean du etxea. “03:30ean, 112ra deitu nuen, ekaitzaren ondorioz putzu handi bat sortu baitzen etxe aurrean; handik gutxira, Ziak gainezka egin zuen, eta, suhiltzaileak etorri zirenerako, dena zegoen ur azpian”, gogoratu du. Biltegiko materiala galdu du Fagoagak, baina dendan zuena “herritarren laguntzari esker” salbatu ahal izan duela nabarmendu du. Galdutakoaren inbentarioa egiten eman ditu azken egunak, Nekane Lasaga langilearekin batera. “Beharko ditugun obren aurrekontua ere aurkeztu behar diogu partzuergoari”. Urak erakusmahaiei eta zokaloei egin die kalte, bertzeak bertze.

Orain gertatu denak duela berrogei urte denda ireki zuenekoa ekarri dio gogora Fagoagari: “1983ko abuztuaren 2an ireki nuen, eta, hilabete horretako 26ko uholdeen ondorioz, urak metro bat egin zuen gora denda barruan. Egun hartan ezin izan nien malkoei eutsi”.

Iciar Fagoaga herritarren babesak hunkitu du, batez ere. Jasotako laguntzari esker, uholdea gertatu eta hurrengo astelehenean zabalik zuen zapata denda. “Mari Josek [Fagoaga] deitu zidan denda urez beteta zegoela abisatzeko”. 06:00ak arte ezin izan zen sartu. “Erakusleihoak apurtuak ziren, eta urak zapatak eramaten zituen karrikan behera”.

Inbentarioa egiten segitu du Fagoagak azken egunotan, eta partzuergoak emanen dien erantzunaren zain da. “Perituak erran digu oraingoz Europako laguntzak badirela. Bukatzen direnean, ez dakit zer gertatuko den”. Beratarren babesa berretsi du, ororen gainetik. “Niretzat hori izan da inportanteena”.

 

«Muturreko fenomenoak dira, eta gero eta maizago ari dira gertatzen»

Peio Oria. Aemeteko ordezkaria

E. Elizondo Iruñea

Berako maiatzaren 20ko euri erauntsia tren konbektibo deritzon ekaitz mota bat izan zela azal- du du Aemeteko Nafarroako ordezkari Peio Oriak (Iruñea, 1982).

Zer gertatu zen Beran? Beran, Aranon, Goizuetan gertatu zena ekaitz mota bat izan zen; meteorologook tren konbektibo esaten diogu.

Zer da, zehazki? Izen hori du ekaitz horren egiturak bagoi asko dituen tren bat go- goratzen digulako: ekaitz bat sortzen da toki jakin batean, eta ur kopuru handi bat botatzen du; lehen ekaitz hori pasatuta, beste bat dator eta gauza bera egiten du, toki berean, tren bateko bagoien antzera.

Eta zergatik da konbektiboa? Hitz horrek erreferentzia egiten dio atmosferan gertatzen den zerbaiti: aire mugimendu bertikala oso eraginkorra denean gertatzen da. Ez da Nafarroan fenomeno hori gertatzen den lehen aldia.

Halako indarrez? Hori da kontua: halako fenomenoak muturrekoak dira, eta gero eta maizago eta gero eta indar handiagoz ari dira gertatzen. Hori da joera.

Beran metro koadroko 120 litro ur inguru bota zituen; ondoko herrietan, anitzez ere gutxiago. Bai. Ekaitza eremu jakin batean sortu zelako. Nafarroan, Bidasotik Leitzaranera; bereziki, Bera, Lesaka, Arano eta Añarbeko urtegiaren arteko lerroan.

Zerk eragiten ditu gisa horreta- ko fenomenoak?
Kontua da orain itsasoaren tenperatura oso altua dela, oro har, ez bakarrik Bizkaiko golkoan edo Mediterraneoan: Atlantiko osoan gauza bera gertatzen da. Tenperatura altua denean, ekaitz zurrunbiloen energia handiagoa da. Faktore horrek gisa horretako fenomenoak bultzatzen edo errazten ditu. Klima ereduek esaten digute fenomeno horien banaketa aldatzen ari dela, eta gero eta maizago eta era intentsoagoan gertatuko direla. Beran gertatu zena ikertzen jarraitu behar dugu, hala ere, gisa horretako gertaera puntualak zuzenaan klima aldaketarekin lotzea ez baita erraza.

Zaila da aurrez jakitea gisa horretako ekaitzak zehazki non eta noiz sortuko diren?
Oso zaila da jakitea zenbat euri botako duen, eta zehazki non bo- tako duen. Teknologiak hobera egin du, baina mugak ditu. Eredu fisikoek ezin dute gehiago egin, eta orain adimen artifizialaren bi- dez saiatzen ari gara. Landu beharreko bide bat da. Erronka nagusietako bat da gisa honetako feno- menoei aurrea hartu ahal izatea. Klima aldaketara egokitzea beharrezkoa da.