Egurrezko oholtxoen ondarea

Egurrezko oholtxoen ondarea

Eraikin historikoak konpontzeko egurrezko oholtxoak egiten ditu Javier Goikoak, eta Iratiko Elurretako Andre Mariaren ermitako teilatua zaharberritzeagatik saritu dute.

Itsaso Jauregi

Negu oro, Javier Goikoa (Orbaizeta, 1947) mendira igotzen da hilzorian dauden pagoen bila. Idorra dagoen zuhaitz bat aurkitzen duenean, moztu, eta etxera eramaten du, lortutako egurrarekin oholtxoak egiteko. Prozesu horri jarraituz, Iratiko Elurretako Andre Mariaren ermitako teilatua berritzeko materiala aukeratu zuen: ezagutzen zuen baso batera joan zen, eta hilzorian zeuden zazpi pago aurkitu zituen. Horiekin 7.500 oholtxo egin zituen, ermitaren teilatua zaharberritzeko. Teilatuan egindako lanagatik, Goikoak Richard H. Driehaus arte eta eraikuntza saria jaso zuen atzo.

Nahiz eta saria bere izenean egon, bere lankide Jesus Maria Larrañetarekin partekatu du Goikoak: “Lantalde bat gara. Txikiak ginenetik ezagutzen dugu elkar, eta proiektua elkarrekin egin dugu. Saria nire izenean dago, baina biontzat da”. Elurretako Andre Mariaren ermita zaharberritzeko

Iratiko Elurretako Ama Birjinaren ermitako teilatua.

prozesua 2019an hasi zen, teilatua ia hondoratuta zegoela ikusterakoan. Hala ere, Goikoak esan duenez, ia 50 urte zeramatzan oholtxorik egin gabe, eta ez zekien lana egiteko gai izango zenik: “Egur batzuk nituen lorategian, eta horiekin proba egin genuen; oholtxoak hogei egunetan amaitu genituen”.

Ilargiaren menpe

Oholtxoak egiteko prozesua ziurtatu ondoren, ermitaren teilatua egiteko egur perfektuaren bila hasi zen Goikoa. Hilzorian dauden pagoak erabiltzen ditu, besterik ez, zuhaitzari beste erabilera bat eman ahal izateko: “Gure lurraldean jaio den materiala aprobetxatzen dugu; gurea dena, eta hemen hilko dena”.

Goikoak esan du pagoa hilda dagoenean ebakitzea “ezinbestekoa” dela oholtxoen iraupena ziurtatzeko; horregatik, beti azaroa eta urtarrila artean joaten da basora. Bada oholtxoen erresistentzian eragina duen beste elementu bat: Ilargia. Goikoak ilgorarekin bakarrik mozten ditu zuhaitzak, egurra arin ateratzen baita eta sitsak barruan sartzea eragozten baita. “Izugarrizko aldea dago zuhaitz bat ilgoran edo ilbeheran mozten denean. Baina guk ez dugu deus asmatu; aspalditik datorren zerbait da”, azaldu du Goikoak.

Oholtxoak egiteko azkeneko pausoa itxoitea da. Zortzi edo bederatzi hilabetez, zurezko oholtxoak pilatzen dira, inork ukitu gabe. Prozesu horren bitartez, okertuta zeuden oholtxoak zuzentzen dira, eraikinaren teilatuan modu errazagoan mantentzeko.

Tradizioan oinarritutako pausoak banan-banan bete ditu Goikoak. Txikia zenean, auzokide batek erakutsi zion oholtxoak egiteko metodoa, eta gaur egun ere jarraitzen die arau horiei: “Oholtxoak egiten ikastea ez da zaila; zurak azaltzen dizu zer egin behar duzun”. Egurrak oholtxoa egiteko bidea markatzen du, baina urtarriletik aurrera Javier Goikoak eta Jesus Maria Larrañetak markatuko dute bidea; izan ere, eskola bat irekiko dute Orbaizetan.

Eskola horretan, bi egileek zazpi ikasleri irakatsiko diete zurezko oholtxoak nola egiten diren: zuhaitzaren aukeraketa, ebaketa eta materialak izan behar duen atseden prozesua erakutsiz. Goikoaren arabera, Larrañeta eta biak dira eskualdeko azken oholtxo egileak, eta, eskolaren bitartez, lanbidea hurrengo belaunaldietara iristea nahi du: “Azken finean, gure lanbidean historia babesten dugu: ez da bakarrik suntsitutako teilatuak konpontzea”, esan du Goikoak.

Oholtxoak egitea beharretik sortu dela azaldu du Goikoak: pertsona bakoitzaren gauzak babesteko premiatik. Orain, ordea, eraitsitako eta alde batera utzitako eraikinak berritzeko modu gisa ikusten du egileak: “Azken finean, nire lanbideari esker, nire inguruko eraikin historikoei bizia ematen diet berriro, eta hori oso polita da”.