Gina Madariaga, Aleyda Gaspar eta Maia Chozas artistek Iruñeko Emakumeen Etxean egin dute bat; arteak aktibismoan duen garrantzia nabarmendu dute, besteak beste.
Olaia L. Garaialde
Arteaz aritu dira Gina Madariaga (Santiago, Txile, 1971), Aleyda Gaspar (Mexiko Hiria, 1972) eta Maia Chozas (Buenos Aires, 1991) Iruñean, Emakumeen Etxean antolatutako topaketan. Maiatzaren 29an egin zuten; artea dute hirurek berezko espazio, eta bat egin izana aprobetxatu dute espazio hori ulertzeko moduez, euren erreferenteez eta arteak kolonialismoa salatzeko dituen gaitasunez hitz egiteko, besteak beste.
Hiru artistek nabarmendu dute, hain zuzen, aktibismoak eta arteak lotura estua dutela, eta Txilen, Mexikon eta Argentinan —haien sorterrietan— arteak gizarte gaietan eta aldarrietan duen eraginaz aritu dira. Nafarroa dute hirurek bizitoki, eta hemen ere lotura hori ageri da haien obretan.
Zenbait diziplina lantzen ditu Madariagak: besteak beste, grabatua eta eskultura. Iruñeko saioan, Violeta Parra musikari txiletarra omendu nahi izan du: “Tapizen bidez, ikusten zuen guztia kontatzen zuen, eta, haren bizitza gogorra izan zenez, hori islatzen da haren lanetan”. Gaineratu du Parrak Txilen ez zuela jaso merezi zuen aitortzarik.
Arte irakaslea da Madariaga, eta haurrekin lan egin du urte luzez: “Oso garrantzitsua izan da niretzat haurrekin lan egitea; asko eman dut, baina baita asko jaso ere”. Haurren omenez, hain zuzen, obra bat sortzen ari da, bizi izandakoa islatzeko.
Kakorratza, artea sortzeko
Grabatua eta eskultura ez dira Madariagak bere lan artistikoa garatzeko erabiltzen dituen bide bakarrak; kakorratza ere baliatzen du gogoetak adierazteko. Kakorratzarekin alu handi bat egiten ari da orain: “Haurrak oso zaurgarriak dira, eta askok min handia jasan dute sexu abusuen ondorioz”. Errealitate hori jorratu nahi du bere obraren bidez. Gaineratu du lanaren helburua aluak ikusaraztea ere badela: “Nire garaian ez genuen alua begiratzen, ezta ispilu batekin ere”, kontatu du Madariagak.
Aleyda Gasparrek Malincheren inguruko irudiak aztertu ditu, Iruñean egindako topaketan. Malinche emakume mexikar bat zen, eta Cetlaneko guduan Hernan Cortes militarraren esku utzi zuten, haren itzultzailea, aholkularia eta bitartekaria izateko. “Lapurtu, saldu, eman eta bortxatu egin zuten”, dio Gasparrek.
XVI. mendetik orain arte Malincheren inguruan dauden irudiak landu ditu Gasparrek, eta azaldu du XVI. mendekoak dituela gustukoen, “zintzoenak” direlako. Argazki horietako bi erakutsi ditu topaketan; Cortesen ondoan ageri da Malinche, itzultzen ariko balitz bezala
XIX. mendera arte ez du beste irudirik aurkitu, baina ordutik aurrera aztertu dituenak “zentzugabeak” direla uste du artistak: “Malinche europartuta eta sexualizatuta dago”. Gaineratu du beste irudi batzuetan “animalien antzera” irudikatzen dituztela indigenak.
Ez dago oso argi Malinche noiz jaio zen, baina esan ohi da 1505. urtearen bueltan sortu zela; izenarekin ere zalantzak dituzte: “Hasieran, indigenek Marina esaten zioten, baina, espainiarrek ezin zutenez ongi ahoskatu, Malina jarri zioten. Indigenek ere arazoak zituztenez, berriz ere izena aldatu zioten, eta Malintzin jarri zioten. Urtez urte izena etengabe aldatuz joan da, eta orain Malinche edo La Malinche deitzen diote”.
Gasparrek azaldu du Mexikon irain gisa edo emakume bat baztertzeko esaten dela norbait Malinche bat dela: “Oraindik ere diskurtso hegemonikoa da Malinchek indigenak saldu zituela, eta kolonizatzaileekin joan zela; traidore bat zela, alegia”. Horregatik, beste kontakizun bat sortzeko beharra nabarmendu du.
‘Artibismoa’
Maia Chozasek 2010. urtetik 2020ra Argentinan sortutako arteari, aktibismoari eta kulturari erreparatu die Iruñeko solasaldian. Horretarako, zenbait kolektibok egindako lana azpimarratu du, abortuaren despenalizazioaren aldeko aldarria nabarmendu dutelako: “Olatu feministak eta olatu berdeak eragin handia izan dute artibismoan“.
Beste askoren artean, La lengua en la calle kolektiboaren lana nabarmendu du Chozasek: “Arte grafikoaren bidez esaten dute patriarkatuari eta behartzen gaituztenei mihia ateratzen diegula”.
Lucia Reissig artistaren lana ere aipatu du Chozasek; Reissigen obrak, batez ere, etxeko lanen garrantzia hartzen du oinarri: “Aldarrikatzen du sektore feminizatu bat dela, eta lana ikusezina dela”.
Chozasek gaineratu du artisten lan egiteko modua aldatu egin dela, eta borrokarako tresna gisa erabiltzen hasi direla, batik bat: “Azken urteotako arteak Argentinan agendan dauden behar politiko eta sozialei erantzuten die”, erran du. Aldaketa horrekin batera, artistak uste du estanpazioaren eta serigrafiaren gisako tekniken erabilerak “nabarmen” egin duela gora: “Helburua da komunikazio tresna azkarragoak izatea, pieza gehiago produzitzeko eta mezua azkarrago zabaltzeko”.
Teknikez gain, artea sortzeko lekuak ere aldatzen ari dira: “Artibistak saiatzen ari dira euren obrak galerietatik eta leku instituzionaletatik kalera ateratzen”. Hori lortu nahi du Chozasek ere bere lanaren bidez. Collagearen teknika erabiltzen du, batez ere.