Iruñeko Nazioarteko Zinema eta Emakumeak erakustaldia gaur hasiko da, Iruñean. IPES fundazioak eta Golemek antolatutako jaialdian zortzi film luze eta bost labur erakutsiko dira.
Itsaso Jauregi
Iruñeko Nazioarteko Zinema eta Emakumeak erakustaldiaren 37. aldiak ateak irekiko ditu gaur. IPES fundazioak eta Golemek antolatutako erakustaldian zortzi film luze eta bost film labur erakutsiko dituzte, ekainaren 9tik 16ra Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan. Gainera, Tafallan eta Lizarran proiektu horiek ikusteko aukera ere egongo da: Tafallan hiru film ikusi ahal izango dira ekainaren 13an eta 16an, eta Lizarran, berriz, bi, ekainaren 14an eta 15ean. “Publiko zabalago batengana iritsi nahi dugu, eta erakusketa Iruñetik kanpo ikusi ahal izatea lortu”, esan du IPES fundazioko Amaia Zufiak.
Zufiak kartelaren sortzaile Maite Mutuberriarekin eta Golem Baionako Anna Apeztegiarekin batera aurkeztu du erakustaldiaren egitaraua. Zufiak azaldu duenez, programaren helburu nagusia da, batetik, begiradak zabaltzea, eta, bestetik, emakumezko zuzendarien lanak babestea: “Gure konpromisoa indartu nahi dugu emakumeek zuzendutako film onenak ekarriz; begirada zabalduz, jatorri desberdineko ekoizpenak ekarriz eta tokiko ekoizpenak babestuz”.
Zinemaren begirada
Pelikuletan landutako gaietan oreka mantentzen saiatu direla esan du Anna Apeztegiak: “Proposamenen aniztasunari eutsi diogu aurkeztutako gaietan. Gizartearen gehiengoa kezkatzen duten gaiak jorratzen dituzten filmak ekarri ditugu”. Trauma familiarrak, indarkeria matxistak, gaixotasuna, kolonialismoa eta disidentzia dira, besteak beste, filmetan lantzen diren gaiak.
Horietan sakontzeko, aurten bost zuzendarik aurkeztuko dituzte beren filmak. Golem Baiona aretoan izango diren solasaldietan parte hartuko dute, ikusleen zalantzak argitzeko asmoz. Ainara Vera iruindarrak gaur emango dio hasiera erakusketari, Polaris bere lana aurkeztuz; Izaskun Arandia gipuzkoarrak asteartean aurkeztuko du My Way Out (Nire irteera); Angela Palacios espainiarrak De eso hablábamos (Horren inguruan hitz egiten genuen) filma aurkeztuko du. Azkenik, Alba Cros kataluniarrak eta Nora Haddad andorratarrak, Alter pelikula aurkeztuko dute.
Izen horiek guztiak biltzen dituen kartela sortu du Maite Mutuberriak. Irudian, emakume zuzendariek begi bat zeharkatzen dute, esku argiekin bidea markatuz. Zinemaren begirada irudikatu nahi izan du diseinatzaileak: “Irudikatu nahi nuena da nola zineman emakumeek utzi dioten objektu izateari subjektu bihurtzeko; rol aktiboa hartu dute, zinemako pantaila hautsiz”.
Zineman emakumeek duten presentzia ohikoagoa dela ospatu nahi du Zufiak, baina eremu komertzialetan oraindik gutxiengoa direnez, esan du “lan handia” egin behar dela. Erakustaldia da hori egiteko pausoa, IPESeko kidearen arabera.