Aranzadik eta Olatzagutiko Udalak ibilbide bat prestatu dute herri horretatik Koskobiloko aztarnategietara; azken urteotako indusketetan egindako lanaren berri zabaltzea da helburua. Aurtengo indusketa kanpaina uztailaren 3tik 28ra eginen dute.
Edurne Elizondo
Koskobilo mendigunean itsaso tropikal bat egon zen duela ehun milioi urte. Hori azaltzen du Aranzadi zientzia elkarteak eta Olatzagutiko Udalak herri horretako historiaurrea ezagutzeko prestatu duten ibilbideko karteletako batek. Olatzagutia eta Koskobiloko aztarnategiak lotzen ditu bide horrek; zehazki, herria eta Koskobilo II kobazuloa. Lur Geroa etxeko kideek diseinatu dute ibilbidea. Helburua da herritarrek aztarnategiak ezagutzea, eta azken urteotan egindako indusketen emaitzen berri jasotzea. Aranzadiko adituek uztailaren 3tik 28ra eginen dute aurtengo indusketa kanpaina.
2020tik ari da Aranzadi Koskobiloko aztarnategietan lanean. “Orain arteko emaitza oso interesgarria izan da, eta garbi dugu gauza interesgarri gehiago aurkituko dugula”, erran du indusketen zuzendari eta Aranzadiko arkeologo Daniel Ruizek.
Olatzagutiko Udalak Nafarroako Gobernuaren diru laguntza jaso du ibilbidea atondu ahal
izateko. Koskobilo II kobazuloaren aurrean plataforma bat eraiki dute, gainera: arkeologoen sarrera errazteko, batetik, eta bisitariak hartzeko, bertzetik. Uztailaren 1erako antolatu dute lehendabiziko bisita; ibilbidea eta indusketen orain arteko emaitzak aurkeztuko dizkiete herritarrei egun horretan.
“Gure lanaren helburua beti da aurkitzen dugunaren berri zabaltzea; jendeak jakin behar du bere inguruan zer dagoen”, azaldu du Ruizek. Sakanako herri horretako udalaren babesa eskertu du Aranzadiko arkeologoak. Herri horretako alkate Joseba Vizuetek txalotu egin du Aranzadiko kideek orain arte egindako lana: “Aranzadiko kideek guregana jo zutenean, ez genuen zalantzarik egin. Inportantea da zer dugun jakitea. Iaz antolatu genituen aztarnategiak ezagutzeko txangoak, eta aurten ere eginen ditugu”, erran du.
1940ko aurkikuntza
1940an aurkitu zituzten Koskobilo mendiguneko aztarnategiak —hango harrobia ustiatzeko lanen ondorioz—, baina 2020ra arte ez da indusketa zientifikorik egin inguru horretan. 2020an, Aranzadik bere proiektua aurkeztu zion Olatzagutiko Udalari, eta harekin batera garatu dute azken urteotako lana. “Koskobilo izenaren pean, hainbat aztarnategi daude; aztarnategi horiek, gainera, garai kronologiko ezberdinetako arrastoak badituzte”, zehaztu du Daniel Ruizek.
Koskobilo I aztarnategia da harrobiko lanek 1940an agerian utzi zutena. Maximo Ruiz de Gaona paleontologoak hamalau metroko sakonera zuen leize bat aurkitu zuen harrobian egindako leherketa bati esker. “Leizea lurrez beteta zegoen; lur hori aztertu, eta Nafarroako kuaternarioko fauna arrastorik zaharrenak aurkitu zituen Maximo Ruiz de Gaonak”, kontatu du Ruizek. Arrastoen artean baziren oreinen, hartzen —hartz arreak eta Himalaiako hartz beltzak—, eta makakoen aztarnak, bertzeak bertze. “Duela 210.000 urteko errinozero baten hortz bat ere badago”, azaldu du Ruizek.
Aztarnategi hori harrobiko lanek suntsitu zuten. Harrizko tresnak ere aurkitu zituzten han: “Neandertalak bizi izan ziren hor, duela ehun edo berrehun mila urte, eta haiek egindako tresnak daude; duela 23.000 urteko tresnak ere aurkitu zituzten”.
Koskobilo II aztarnategia da Aranzadiko kideak 2020tik aztertzen ari direna. “Hildakoen haitzuloa” da. Neolitoan eta aurretik ere, ehorzketak egiteko erabiltzen zen. Oraingoz, bi norbanakoren arrastoak aurkitu dituzte: 14-15 urte baino gehiago izanen lituzke haietako batek, eta 2 urte inguru, berriz, bertzeak. “Oraingoz, kobazuloaren sarrera aztertu dugu; ziur gara barruan arrasto gehiago aurkituko dugula”, erran du Daniel Ruizek.
Zehazki, ehortzitako bi gizaki horien hainbat falange, metakarpo eta hortz aurkitu dituzte. Uztailaren 3an hasiko duten indusketa kanpainaren helburua izanen da kobazuloan egon daitezkeen arrastoak bilatzen segitzea. Arkeologoak herritarren bisiten zain egonen dira hilabete osoan.