Suak San Martin Unxeko lurraren %95 kiskali zuen iaz. Herriko alkate Javier Leozek nabarmendu du herritarrek «dolu» moduko bat pasatu dutela. Errigorak emandako dirua suebaki bat egiteko baliatu dute.
Edurne Elizondo
Gogorra da duela urte batekoak oroitzea; herria azken unean salbatu genuen, eta hori bertzerik ezin dut nabarmendu. Anitz galdu arren, herria salbatu genuela”. Javier Leozenak dira hitzak, San Martin Unxeko alkatearenak. 2022ko ekainean, Nafarroa Erreniegatik Valtierraraino jo zuten suteetako batek hartu zuen San Martin Unx; udalerriko lurraren %95 erre zuen suak. Bizilagunek herritik kanpo pasatu behar izan zuten gau bat, eta, itzultzean, suak utzitako errautsezko arrastoa zuten zain.
“Anitz hitz egin dugu gertatutakoaz; hitz egiteko beharra genuen; dolu baten gisakoa izan da denontzat”, azaldu du alkateak. Dolu hori ixteko, hain zuzen, iazko sutearen urteurrena oroitzeko zenbait ekinaldi egin ditu San Martin Unxeko Udalak, joan den asteburuan: auzolana —herri ondoko eremu batean aritu dira lanean, sasiak kentzen—, bazkaria eta kontzertuak izan dituzte herritarrek. Errigora egitasmoko kideek ere parte hartu dute, suak kiskalitako herriak laguntzeko egindako diru bilketan jasotakoaren erdia San Martin Unxen baliatu baitute.
85.000 euro, erdibana
Zehazki, herriko hegoaldean suebaki bilaka daitekeen bide bat egin dute San Martin Unxen, Errigoraren babesari esker. Sarbiderik gabeko eremu bat zen hori. Iaz, hain zuzen, alde horretatik egin zuen suak aurrera. “Bulldozer baten zain ginen, sartu ahal izateko, baina makina baino lehen iritsi zen sua”, gogoratu du Javier Leozek.
Errigorak emandako diruari esker, bidea egin eta eremu osoa “garbitu” ahal izan dute San Martin Unxeko arduradunek. Udalak kudeatu du lana, erakunde horren esku jarri baitu Errigorak bildutako dirua. San Martin Unxeko agintariek “eskertu” dute laguntza.
“Suteak gertatu eta gero, garbi genuen zerbait egin behar genuela; suak, hain zuzen, guk Ager eremutzat hartzen dugun horri egin zion kalte, batez ere; Nafarroako erdialdeari eta hegoaldeari, alegia”. Horixe nabarmendu du Errigorako kide Peru Aranburuk.
Diru bilketa publiko bat hasi zuen Errigorak, iazko ekaineko suteek eragindako kalteak arintzeko asmoz. Ez hori bakarrik: “Lagundu nahi izan ditugu suteei aurrea hartzeko balioko duten herri proiektuak; auzolana eta nekazaritza guneak jarri nahi izan ditugu erdigunean”, erantsi du.
Errigorak 85.000 euro bildu zituen iazko udan egindako kanpainari esker; dirua zer proiektutara bideratu erabakitzeko mahaia bat osatu zuen, eta mahai horrek adostu zuen jasotako kopuru hori, erdibana, San Martin Unxeko eta Uxueko udalek hartzea. Mahai horretan egon ziren Mirian Otxotorena (Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseilua), Mikel Tabar (basozaina), Victor Rubio (suhiltzailea), Patxiku Irisarri (EHNE-Nafarroa), Juan Carlos Castillo (Azkoiengo alkatea eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria) eta Imanol Ibero (nekazaria eta Errigorako kidea).
San Martin Unxen bezala, Uxuen ere udalerriko eremu jakin bateko sarbideak egokitu dituzte Errigorak emandako laguntzari esker, sute batek ingurua hartzeko arriskua txikitzeko asmoz. “Garai batean iturri bat zegoen, eta bide bat. Erabilerarik ezaren ondorioz, sarbidea itxi zen. Hori garbitu eta bi aldeetatik egin dira erraz ailegatzeko bideak”, azaldu du Errigorako Peru Aranburuk.
San Martin Unxen eta Uxuen abeltzaintza estentsiboa erabili nahi dute Errigoraren laguntzari esker egokitu dituzten eremuek “garbi” segi dezaten.