Iruritako Dorrea uztailaren 5ean irekiko dute; Baztango Udalarena da, baina Iruritako herriak du etxea kudeatzeko ardura. Baztango kulturaren gordeleku izan nahi du.
Edurne Elizondo
Bide luze bat egin dute Iruritako herritarrek, baina lortu dute, azkenean: herriko Dorrea etxeak ateak irekiko ditu asteazkenean. Nafarroako Gobernuak zaharberritu du XV. mendeko eraikina, eta bisitariak hartzeko prest da. Joan den ostiralean egin zuten etxea erakusteko ekinaldia.
Herritarrak auzolanean aritu dira Dorrea atontzen. Haietako bat da Pello Iriarte —urtarrilera arte, Iruritako zinpeko alkate izandakoa—. “18 urte nituen Dorrea zaharberrituko zutela lehenengoz aipatu zutenean; 43 ditut orain”, kontatu du. Dorrea Baztango ondare kulturala ezagutzeko toki bilakatu nahi dute.
Iruritako Dorrea Baztango jauregirik zaharrena da, eta Nafarroako Erresumako zaharrenetariko bat. Harlanduxkozko hormek osatutako eraikin kubiko bat da, beheko solairu bat eta bertze hiru dituena. Beheko solairuak, garai batean, animaliak hartu zituen;
lehendabizikoa eta bigarrena ziren jendea bizitzeko, eta hirugarrena, berriz, ganbara, lehortegi edo aletegi gisa erabiltzen zuten. Beheko solairuak badu estalitako eskailera bat, kanpoko aldetik; solairu nagusirako sarbide gisa erabiltzen zuten. Kanpoko eskailera hori XVII. mendean egin zioten etxeari; eraiki zutenetik, hain zuzen, hainbat moldaketa egin dizkiote Dorreari.
Ia milioi bat euro
Erortzeko zorian egon da eraikina. 2014an, arrisku horri aurre egiteko, Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko adituek esku hartzea erabaki zuten, etxea egonkortzeko, eta behera eror ez zedin.
Iruritako Dorrea Baztango Udalarena da, baina Nafarroako Gobernuak egin ditu eraikina zaharberritzeko lanak. 2016an hasi zituzten obrak. Egurrezko egitura desmuntatu zuten, lehendabizi, hormak egonkortzeko. 2017an, egurrezko egitura berreraiki eta hormak egonkortu zituzten. 2018an eta 2019an egin zituzten azken lanak: etxea barrutik moldatu zuten. Denera, ia milioi bat euro gastatu dituzte. Lanak amaitu zituztela ospatzeko, Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaola Iruritan izan zen, 2020ko irailean, eta Dorreara egindako bisita baliatu zuen Baztango orduko alkate Joseba Otondori eraikineko giltzak itzultzeko, lanak modu sinboliko batean amaitutzat emateko.
Dorrea Baztango Udalarena da, baina erakunde horrek Iruritako herritarren esku utzi du eraikina kudeatzeko ardura. Herritarrak auzolanean aritu dira Dorrearen inguruko lorategia txukuntzen, eta, batez ere, eraikina barrutik garbitzen eta hornitzen. Batetik, laxoari buruzko erakusketa bat prestatu dute, Iruritako hainbat bizilagunek utzitako materialarekin; bertzetik, Baztango arkitekturari buruzko bertze erakusketa bat ondu dute. Ikus-entzunezko bat ere prestatu dute, herriko dantzariei buruz.
Asteazkenetik aurrera, bisitariak hartuko ditu Dorreak. “Gure asmoa da udan eta besta egunetan irekitzea; neguan ez dakigu, berogailurik ez baitu”, azaldu du Iriartek. Iruritako bizilagunek Dorrea eta herriko gizarte bilgunea lotu nahi dituzte, nolabait, eta lan deialdi bat egin dute pertsona bera arduratu dadin Dorreako bisitez eta bilguneko tabernaz.
Kultura eta natura
“Nahi dugu Dorrea izatea baliabide kultural bat”, erran du Iriartek; kulturaren gordeleku izan dadila. Oroitu du iaztik herriko ondare naturala ezagutzeko ibilbideak ere badaudela Iruritan, eta bi esparru horiek lotu daitezkeela.
Kontent da aspaldiko asmo bat egia bilakatu eta Dorrea zaharberritu dutelako, baina aipatu du zenbait herritarrek zalantzan jarri dutela arkitektoak eraikineko hormak zuritzeko hartutako erabakia. “Harria agerian ezagutu dugu beti Dorrea; batzuek diote berriegia ematen duela orain”.
“Ohitu” beharko dutela erantsi du Iriartek. Herritarrak eraikinari “bizia” emateko prest direla nabarmendu du, halere, eta gogoz direla bisitariak hartzeko.
Oraingoz, uztailaren 5etik irailaren 17ra irekiko dute, asteazkenetik igandera, eta 11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara. Udan egunero irekiko dute, eta, gero, asteburuetan eta besta egunetan.