Aktore profesionalak izateko asmorik izan gabe antzerkia ikasteko grina dutenei espazio bat eskaintzeko sortu zen Iruñeko Butaca 78 Eserlekua antzerki eskola. Duela hamar urte ireki zuten; eta, iaz, kamera aurreko interpretazioa lantzeko ikastaro bat gehitu zuten, eskolako eskaintza zabaltze aldera.
Olaia L. Garaialde
Korridore zuri luze baten amaieran, eserleku gorri bat. Zenbait gela inguruan: Evaristo tailerra, Chejov aretoa, Hitchock aretoa, Yerma aretoa eta aldagela, besteak beste. Sabaitik zintzilik, antzezlan batzuen gidoi zaharrak. Iruñeko Butaca 78 Eserlekua antzerki eskola bat da. “Antzerkia gustuko duen jendeak zenbait profesionalen laguntzaz ikasteko familia bat da”, azaldu du Leire Ruiz aktoreak.
Leire Ruiz eta Laura Laiglesia eskolako zuzendariak dira. Eskolaren xedea da aktore profesionalak izan nahi ez baina antzerkia ikasi nahi dutenei espazio bat eskaintzea Iruñean bat egiteko.
Duela hamar urte sortu zuen eskola Laiglesiak, eta, iaz, eskola elkarrekin zuzentzea eskatu zion Ruizi. Garai artan eskolako irakaslea zen Ruiz. “Oso proiektu polita iruditu zitzaidan, betidanik asko gustatu baitzait lan pedagogikoa”, esan du hark. Zuzendaritza aldatzearekin batera, lekuz aldatu dute aretoa: Arrotxapea auzotik Donibane auzora mugitu dira, Golem zinema aretoen ondoan dagoen Ilargiaren pasabidera.
Eskaintza zabalagoa
Iaztik irakasle gehiago dira eskolan, eta ikastaroen eskaintza handitu dute. Hasieran, antzerkia eta inprobisazioa irakasten zuten, baina, orain, kamera aurreko interpretazioa ere hasi dira ematen. “Bizilagunak zineman aritzen direnez, harreman polita egin dugu haiekin”, esan du Ruizek. Bi mailatan banatuta dago. “Lehengo graduan, ikus-entzunezkoetan dagoen hizkuntza ikasten dute, kamera baten aurrean esaten diren aginduak ezagutzeko eta kamera aurrean ongi ikusten ikasteko”. Bigarren graduan, berriz, arreta “handiagoa” jartzen dute interpretazioan.
Inprobisazio klasean bi maila daude: hastapena eta hobekuntza. Helburua da momentuan bertan zenbait akzioren bidez istorioak kontatzea. “Jolasaren bidez, entzumen aktiboa, berehalako erreakzioak eta azkartasun mentala lantzen dituzte”.
Antzerki eskolak, berriz, lau mailatan antolatuta daude: hastapena, erdiko maila, hobetze maila eta konpainia. Hastapenaren helburua lotsa galtzea eta taldea osatzea da, eta ikasturte amaierarako obra bat sortzea. Erdiko mailan, ahotsari eta gorputzen inprobisazioari ematen diote garrantzia. Hobetze mailan, irakaslearen laguntzaz baina norbere kabuz obra “zailagoak” lantzen dituzte.
Isabel Arrasate eta Javier Martin antzerki ikasleak dira, eta hastapen mailan daude. “Nerabezaroan antzerkia egiten nuen, baina unibertsitatean albo batera utzi nuen. Lagun batek esan zidanean izena emango zuela, pentsatu nuen antzerkiarekin berriz konektatzeko aukera bat zela”, azaldu du Martinek. Barruan dutena espazio seguru batean azaleratzeko tresna “baliagarria” dela uste du.
Arrasate, berriz, gauza berri bat probatu nahi zuelako hasi zen antzerkian: “Zerbait berria egin nahi nuen, baina bakarrik, inor ezagutu gabe. Oso gustuko dudanez antzerkia, antzeztera animatu nintzen”. Horrez gain, antzeztuz asetzen dela dio: “Oso polita da, eta bakea sentitzen dut”.
Astean behin bi orduko eskolak dituzte. Ruizek azpimarratu du formakuntza ez dela profesionala, baina bai “kalitatezkoa”: “Sortzeko, bilatzeko eta ikertzeko leku bat eskaini nahi diegu ikasleei; sorkuntzarako kapsula txikiak sortu”. Horrez gain, ikasleen arteko sarea sustatzeko, bestelako ekintzak antolatu nahi dituzte. Horretarako, Eserlekua femeninoan zikloa egin dute aurten. Kulturan lan egiten duten hiru emakume
nafarrek parte hartu dute: Sara Brun gidoilariak, Chica Sobresalto musikariak eta Maria Monreal zinema zuzendariak. “Oso interesgarria izan zen”.
Orain arte eskainitako gehiena erdaraz izan da, baina iaztik aurrera euskarazko eskaintza zabaltzen ari direla kontatu du Ruizek: “Horretan jartzen ari gara indarra”. Baina kostatzen ari zaie taldeak aurrera eramatea.
Ikasturtea amaitzeko
250 ikaslek parte hartu dute aurten, eta hemezortzi talde sortu dituzte. Talde bakoitzak obra bat prestatu du ikasturtea agurtzeko. Horietako gehienak ekaineko azkeneko asteburuan taularatu dituzte, Noaingo kultur etxean. “Antolakuntza aldetik ikaragarrizko lana eskatzen du”, adierazi du Ruizek. Arrasatek eta Martinek Delicadas (Delikatuak) obran parte hartu dute ikasturte amaieran, eta nabarmendu dute “oso aberasgarria” izan dela esperientzia. Leuntasuna hizpide duen obra bat dela kontatu du Martinek: “Gehienetan, pertsonaia delikatu bat dago, baina ez diote uzten delikatua izaten. Azpimarratzen dugu delikatuak izaten utzi behar diogula gure buruari, eta oinarrian denak garela delikatuak”.
Hamalau eszenak osatzen dute lana, eta, horiek sortzeko, Rosa Nagore aktore eta antzerki irakaslea izan dute bidelagun: “Oso polita izan da; hastapen talde bat izateko, oso lan fina egin dute, eta oso erraza izan da haiekin lan egitea”. Gaineratu du hasi berrientzat obra “xumeagoak” egiten zituztela, baina urteekin obrak “luzeagoak” direla. Dioenez, antzezlana “izugarria” izan denez, ikusleen balorazioa “oso ona” izan da.
Ikuskizunekin agurtu dute ikasturtea, eta irailean jarriko dira martxan. Hala ere, eskolako jarduna ez da eten; udako ikastaroak antolatuko dituzte abuztuan.