Nafarroako Museoak 9 Eguzki zikloa hartuko du

Nafarroako Gobernuak antolatu du, laugarren aldiz. Uztailaren 19tik abuztuaren 30era bitarte eginen dute, Iruñean, museoko begiratokian.

Edurne Elizondo

Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak 9 Eguzki zikloa antolatu du, laugarrenez; uztailaren 19tik abuztuaren 30era bitarte eginen dute, Iruñean, Nafarroako Museoko begiratokian. “Sormena laguntzea” da 9 Eguzki zikloaren helburu nagusia; Nafarroako Museoa bilakatu nahi izan du Kultura Departamentuak sormen lanen egoitza, zentro hori “herritarrengana hurbiltzeko”.

Iruñeko Alde Zaharrean da Nafarroako Museoa, baina herritar anitzentzat eraikin ezezaguna da oraindik ere, neurri handi batean. Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko arduradunek museoa “ireki” nahi izan zuten 9 Eguzki zikloaren bidez, 2020an lehenengoz antolatu zutenean. Asmo horri eutsi diote, eta, aldi berean, kultura “sustatu” nahi izan dute udan, eta Nafarroako artisten sormen prozesuen berri zabaldu —ikus-entzunezko lanena, bereziki—.

“Aurtengo proposamenen helburua da emozioak eta ideiak partekatzea egileen eta ikus-entzuleen artean; esperientzia artistiko zuzenak dira guztiak”, azaldu du Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak, uztailaren 19an abiatuko den 9 Eguzki zikloari buruz.

Kontseilariak erantsi du diziplinen arteko hartu-emana izanen dela aurtengo zikloaren ezaugarri nagusietako bat. Aurtengo proposamenen asmoa da, gainera, hartu-eman horien izaera soziala agerian uztea.

Pintura, musika eta bertze

Pinturak, musikak, literaturak, dantzak eta eskulturak izanen dute toki bat aurtengo 9 Eguzki zikloan. Denera, zazpi ekitaldik osatuko dute zikloa; Amaia Suberbiolak eta Sara Ezkerrok eskainiko dute lehenengoa, uztailaren 19an. Pintura, serigrafia eta beira nahasiko dituzte euren proposamenean. Elba Martinezek ehunak eta literatura lotuko ditu, eta Akira Yoshidak, berriz, dantzaren bidezko bidaia batera gonbidatuko ditu ikus-entzuleak.

Musika garaikidearen esparruan egiten du lan Yolanda Camposek, eta Pilar Rius, Elisa Urrestarazu eta Ines Badalorekin batera ariko da 9 Eguzki zikloan. Dantza izanen du euskarri nagusi La Trapecionistako Maitane Azpirozek, eta Alvaro Gilek, berriz, eskultura. Musika eta mendia lotuko dituzte, azkenik, Amaia Molinetek eta Urretabizkaia txarangak.

Ikuskizun guztietarako txartelak salgai dira jada, Nafarroako Museoan.

9 EGUZKI ZIKLOA

Aurtengo 9 Eguzki zikloak zazpi ikuskizun aurkeztuko ditu, uztailean eta abuztuan, Iruñean, Nafarroako Musoko begiratokian.

Uztaila

19. Módulo Porte. Amaia Suber- biola eta Sara Ezkerro.
26. Elba Martinez.

Abuztua

2. Burial of the Dark. Akira Yoshida.
9. Yolanda Campos, Pilar Rius, Elisa Urrestarazu eta Ines Badalo.

16. Artxipielago. Maitane Azpiroz, La Trapecionista.

23. Alvaro Gil.
30. Mendikate Mendekatu. Amaia Molinet eta Urretabizkaia txaran-ga.