Patxi Larrea: “Maskara antzerkiaren esentzia da”

Maskaren bidez pertsonaiak sortzeko teknikak landuko ditu Patxi Larreak Butaka 78 Eserlekua antzerki eskolako udako ikastaroetan: «Xedea da pertsonaia identifikatzea eta bizitza ematea».

O. L. Garaialde

Umorea, jolasa eta plazera. Hiru ardatz horietan oinarrituta maskaren bidez pertsonaiak sortzeko teknikak landuko ditu Patxi Larrea aktoreak (Iruñea, 1969). Maskararen inguruko ikastaro bat eskainiko du abuztuaren 21etik irailaren 1era, Butaka 78 Eserlekua antzerki eskolan, Iruñean. Ikastaroan parte hartzera animatu du jendea: “Garrantzitsuena da dibertitzeko eta bilatzeko gogoa izatea”.

Zeri deitzen diozu maskara?

Erakusteko eta estaltzeko objektu bat da. Maskararen atzean ezkutatzeak pertsonaia garatzen lagundu dezake, eta, aldi berean, aktorearen bertuteak eta akatsak identifikatzen laguntzen du. Antzerkia beti egon da lotuta maskararen mundura. Hasieran, aktoreek erritual moduan erabiltzen zuten, pertsonaia sortu ahal izateko. Hortik aurrera, pertsonaien arteko elkarrizketak sortzen hasi ziren. Niretzat, maskara antzerkiaren esentzia da.

Zertan datza ikastaroa?

Maskararen teknika zertan dantzan ulertzen hasteko jarraibide batzuk izanen dira. Betidanik lotura izan arren antzerkiarekin, beti ez zaio garrantzi iguala eman maskarari. Zorionez, Jacques Lecoc irakasle frantsesak egindako pedagogiari esker, gehiago zabaldu da maskararen ideia. Lecocek sortutako teknika landu, eta maskara bakoitzaren atzean dagoen funtzionamendua eta teknika landuko dugu. Amaitu ostean, helburua da bakoitzak maskara horren bidez pertsonaia bat sortzea eta garatzea, hori izaten delako aktore baten erronka nagusia.

Zer-nolako maskarak erabiliko dituzue horretarako?

Hiru maskara landuko ditugu, hiru mundu esploratzeko. Lehenik, maskara neutroa erabiliko dugu; sortu zen lehenengoa da. Hala ere, gutxi landuko dugu. Gero, aurpegi osoa estaltzen duten maskarak erabiliko ditugu; hau da, ahotsik ez dutenak. Jarraian, aurpegi erdia estaltzen dutenak landuko ditugu; ahots edo testu pixka bat dutenak dira.

Nola egiten duzue lan aurpegi osoko maskarekin?

Aurpegi osoko maskararen kasuan, isiltasunetik lantzea da onena. Testurik ez izan arren, helburua da gorputz komunikazioa lantzea; hau da, ahoz esanen genukeen guztia gorputzarekin adieraztea. Horri esker, keinuak gehiago landu behar dira, eta lan korporal handia egin behar da.

Zer-nolako tresnak eskaintzen dituzte pertsonaiak sortzeko?

Lehenik eta behin, ulertu behar da nola funtzionatzen duen maskara batek; hau da, jakin zein den teknika, nola mugitzen diren, nola hitz egiten duten, eta zer forma duten. Maskara bakoitzaren barruan pertsonaia bat dago harrapatuta, eta aktore bakoitzak bere ikuspegitik landu behar du pertsonaia. Helburua da pertsonaia identifikatzea eta bizitza ematea beste gorputz eta ahots batetik.

Umorez eginen duzue; zergatik?

Lantzeko bi modu daude: ikuspegi dramatikotik edo umorez. Nik beti lan egin dut umorez, pedagogikoki asko laguntzen duelako, eta publikoaren erreakzioa berehalakoa delako. Umoreari esker, aktoreak berehalako emaitza lortzen du barrearen bidez, eta horrek lana errazten digu.

Beharrezkoa da prestakuntza berezirik izatea?

Plazerean eta jolasean oinarritutako ikastaro bat denez, garrantzitsuena da dibertitzeko eta bilatzeko gogoa izatea.