Koleto, etxe bat herriarentzat

Koleto, etxe bat herriarentzat

Otsagabiko Udalak herriko Koleto etxea erosi eta moldatu du, bisitariak hartzeko. Eraikina 1786. urtekoa da, eta barruan dauden altzari eta apaingarri gehienak, berriz, 1920koak. Pirinioetako sukalde tradizional bat ere badu, tximinia handi batekin; gisa horretako bakarrenetakoa da.

Edurne Elizondo

Eguzkilore bat atean, eta atearen gainean, zenbaki bat: 1786. Urte horretakoa da Otsagabiko Koleto etxea. Herriko udalak erosi du, eta, moldatu eta atondu eta gero, ateak ireki ditu, bisitariak hartzeko; oraingoz, urrira bitarte, asteartetik igandera, 17:00etatik 20:00etara.

17:00etan puntuan, Virginia Casalek zabaldu du Koleto etxeko egurrezko atea. Udalak kontratatu du Casal, bisitariei harrera egiteko. “Uztailaren 11n zabaldu genuen etxea

lehenengoz. Jende anitz etorri da egunotan, eta bisita egin duten guztiak kontent atera dira. Denek erraten dute etxea zoragarria dela”, azaldu du Casalek.

Pandemia betean erosi zuen Otsagabiko Udalak eraikin hori, jabeek salgai jarri bezain pronto. Udal agintariek helburu garbia izan dute, hasieratik: herriarena izatea etxea. “Bagenekien udalak erosten ez bazuen, etxea hotel bilakatzeko eskuratuko zuela norbaitek. Guk erosi nahi izan dugu, gure herriko garai bateko etxeak nolakoak ziren erakusteko; altxor bat da, eta erakutsi nahi dugu. Koleto etxea, gainera, kultur ekinaldiak hartzeko toki bilakatu nahi dugu”.

Rita Labiano Mosorenak dira hitzak. Etxe bat nahi dute herriarentzat. Otsagabiko zinegotzi izan zen Labiano aurreko agintaldian (Otsagabia taldekoa). Gainera, Koleto etxea atontzeko osatu duten boluntario taldeko kidea ere bada Labiano. “Hogei pertsona inguruk egin dugu bat”, zehaztu du. Clara Goienetxe ere aritu da auzolanean Koleto etxeari azken ukituak

ematen, ireki ahal izateko. Otsagabiko zinegotzia da Goienetxe (Otsagabia taldea). Aurreko agintaldian hartu zuen kargua, eta joan den ekainaren 17an osatutako udalbatza berriko kide ere bada. Labianok bezala, udalak egindako “ahalegina” nabarmendu du, Koleto etxea herritar guztien ondare izan dadin. “Balioa eman nahi izan diogu gure kulturari, gure ondareari”, erantsi du.

Otsagabiko Udalak 270.000 euro ordaindu ditu Koleto erosteko, baina 120.000 euroren diru laguntza jaso du horretarako, Pirinioetako Planaren bidez. Obrak egin behar izan dituzte etxean; bertzeak bertze, balkoiak konpontzeko. Lan horiek ordaintzeko 130.000 euroren inbertsioa egin behar izan du udalak; 50.000 euroko laguntza jaso du, halere, landa garapenerako programa baten bidez.

Hamazazpi gela zabalik

“Asmoa da gutxinaka gauzak egiten jarraitzea, etxea hornitzen segitzea, ahal den neurrian”. Horixe azaldu dute Labianok eta Goienetxek. Koleto etxera bisita egiten duenak, halere, badu jada zer ikusi. “Jabeek etxean utzi dute etxean zegoena. 1920koak dira altzariak eta zenbait paretatako paper margotua”, aipatu du Labianok.

Beheko solairuan eta lehendabizikoan hamazazpi areto prestatu dituzte. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratutako esku orrien bidez jasotzen dituzte bisitariek areto horietan

jasotakoari buruzko azalpenak —informazioa idatziz baino ez dago, oraingoz—.

Otsagabiko dantzarien panpinak eta haien inguruko ikus-entzunezko bat ikus daitezke atariko geletako batean; etxeko jabeen armarriak eta ibarreko jantzi tradizionalekin apaindutako panpinak ere bai. Beheko solairuan daude, gainera, sotoa eta ukuilua. “Ukuilua da, Pirinioetako sukaldearekin batera, balio handiena duten geletako bat”, nabarmendu du Goienetxek. Sukaldean tamaina handiko tximinia da elementu bereziena; hain zuzen, gisa horretako bakarrenetakoa baita herrialdean. Ukuiluko piezen artean, berriz, egur puska bakar batekin egindako askak dira nabarmenenetakoak.

Erakusketa gela bilakatu duten bertze ukuilu txiki bat ere badago Koleto etxeko beheko solairuan. Egun, Lucia Gorria artistaren erakusketa bat ikus daiteke. Areto hori erabilera anitzeko gela bat izan dadila nahi dute Otsagabiko Udaleko arduradunek.

Patioa ere aprobetxatu nahi dute; bertzeak bertze, kontzertuak egiteko. Lehendabizikoak antolatu ditu udalak dagoeneko: abuztuaren 5ean, 20:00etan, Jorge Sanchez eta Eva Niño ariko dira han; abuztuaren 11n, Ruper Ordorika, 20:30ean; eta abuztuaren 20an, 19:00etan, Montxika Baut.

Lehendabiziko solairuan, sukaldea ez ezik, musika gela, josteko gela, bainu gela, logelak eta liburutegia ere daude. Eskailerak dira igotzeko bide bakarra. “Ezinezkoa zitzaion udalari igogailu bat jartzeko obretan sartzea”, onartu dute Goienetxek eta Labianok. Koleto etxeak ganbara ere badu, baina, oraingoz, ez dute bisitak hartzeko prestatu. “Aurrerago, ikusiko dugu”, azaldu du Goienetxek.

Elementu erlijiosoak nonahi ikus daitezke Koletoko geletan. Armairuak ere beteta dira: haietako batean Zaraitzuko jantzi tradizional oso bat aurkitu zuten udaleko kideek, etxea prestatzen hasi zirenean. Ez dituzte gela guztiak ireki bisitarientzat, eta haietako batzuk Otsagabiko dantzarien jantziak gordetzeko erabiliko dituzte, hain zuzen.

Liburutegia

Otsagabiko Udalak Vianako Printzea erakundearen laguntza eta aholkuak jaso ditu Koleto etxea prestatzeko prozesuan. Etxeko liburutegiko liburuak eta agiriak Nafarroako Artxibo Nagusira bidali dituzte. “1700. urte inguruko batzuk baziren”, kontatu du Rita Labianok. Etxean aurkitutako agirien eta gutunen bidez, gainera, adituak familiaren historia osatzen ari dira.

Koleto etxeko atea ireki bezain pronto, Nabaskozeko Alicia Barberrek bere alabarekin batera hasi du bisita. “Etxe zoragarria da; anitz gozatu dut”, erran du hark. “Denak ateratzen dira kontent”, berretsi du Virginia Casalek, irribarrez.

 

Kultur Ola sortu dute Orbaizetan, Lau Ibarrak elkarteak bultzatuta

E. Elizondo

Ondarea, natura, kultura eta Iratiko basoak dira Orbaizetan sortu duten Kultur Ola proiektuaren oinarri. Irati ukitzen duten eskualdeek sortutako Lau Ibarrak elkarteak sustatu du egitasmo hori, arma ola zaharreko jauregian. Joan den ekainean inauguratu zuten.

Zuberoako Mendi Sindikatuak, Zaraitzuko Biltzarrak, Garaziko Mendi Sindikatuak eta Aezkoako Biltzarrak egin dute bat Lau Ibarrak elkartean, “Irati bere osotasunean eta elkarlanean sustatu eta kudeatzeko, Iratiko eredu propioa sortzeko”.

Egitasmoaren barruan garatu dute Kultur Ola proiektua. Iratiko oihanaren sarreran dago arma olako jauregia. Lau solairu ditu eraikinak, eta han hartu du Kultur Olak bere tokia. Harrera gunea dago beheko solairuan; aterpea ere bada solairu horretan, eta kafetegi zerbitzua eskaintzen du, gainera. Goiko solairuetan bi erakusketa jarri dituzte: batek azaltzen du arma olak nola funtzionatzen zuen, eta bertzeak, berriz, Iratiko basoko lanak hartu ditu oinarri.

Kultur Olako azken solairua kultur ekinaldiak egiteko erabiliko dute. Asteartetik igandera irekiko dute Kultur Ola, 10:00etatik 17:00etara.

Kultur Ola joan den ekainaren 17an inauguratu zuten. Jendetzak egin zuen bat jauregian egun hartan. Harrera beroa egin diote herritarrek egitasmoari. Irati filmeko zuzendari Paul Urkijok parte hartu zuen, bertzeak bertze.