Garnatxaren aldeko hautua

Garnatxaren aldeko hautua

Mahatsa biltzen ari dira Nafarroan, joan den abuztuaren erditik. Inoiz baino lehen hasi da aurtengo kanpaina, beroaren eta lehortearen eraginez. Erriberriko Unsi upategian atzo ekin zioten mahatsa biltzeko lanari. Garnatxa bertzerik ez dute, ardo zuriak eta beltzak egiteko.

Edurne Elizondo

Ardoaren arrastoa nabarmena da Erriberrin. Zortzi upategi daude herrian, eta han dute egoitza, gainera, Nafarroa sor-markak eta Evenak, Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzuak. Lan handiko asteak dira oraingoak Erriberrin eta Nafarroa sor-markaren barruko gainerako herrietan, abuztuaren erditik abian baita mahats biltzea. Inoiz baino lehen hasi dute aurtengo kanpaina.

Unsi upategiko kideak atzo hasi ziren haien uzta biltzen. Upategia Erriberrin dute, baina mahastiak, San Martin Unxen. “Mahasti batzuk gureak dira, eta herriko hamaika nekazari txikiren mahatsa erosten dugu, gainera. Garnatxa bertzerik ez dugu; barietate hori hautatu dugu, herrialdeko barietate tradizional bat delako eta ederki egokitzen delako”, azaldu du Javier Mendez Unsiko kideak (Iruñea, 1998).

Herrialdean 9.800 hektarea mahasti daude Nafarroa sor-markaren barruan —zortzi herri baino ez daude Errioxa sor-markaren barruan—. Abuztuaren erdian hasitako mahats biltzeak bi hilabete inguru iraunen du. Ez dute batera egiten toki guztietan, eskualdearen arabera, eguraldiaren eta lur motaren ondorioz, lehenago edo geroago heltzen baita mahatsa.

Behe Erriberan hasi zuten mahatsa biltzeko aurtengo kanpaina, joan den abuztuaren erdian. Apirileko beroak eta azken urteotako lehorteak eragin dute inoiz baino lehenago hastea. Halere, Evenako adituen ustez, fruituaren egoera “hagitz ona” da, eta uste dute 66 milioi kilo mahats inguru jasoko dituztela. Evenak nabarmendu du iaz baino %10 gehiago jasotzea espero dutela, hain zuzen ere.

Unsi, 2014. urtetik lanean

2014. urtean hasi zuen Unsik bere bidea. “Upategi gazte bat gara, eta gutxi ekoizten dugu, baina asmo handiak ditugu”, erran du Javier Mendezek. Izan ere, ardoa egiteaz gain, mahastizaintza eta turismoa uztartu dituzte, eta urte osoan egiten dituzte herritarrak hartzeko bisitak. Nekazari txikiekin duten elkarlanari esker, gainera, “herritarrak eskualdera lotu” nahi dituzte, herriak jendez gabetzeari aurre egiteko asmoz. “Gure esku dagoena egin nahi dugu”

Iaz Nafarroa erdialdea kiskali zuten suteek Unsi upategiko mahastiak ere jo zituzten. Unsiko kideek tristuraz oroitu dituzte iazko ekainean gertatutakoak. Haien mahasti batzuk erre ziren, baina bertze batzuek San Martin Unxeko sutea itzaltzen lagundu zuten: “Hagitz garbiak zeuden, eta sua ailegatu zenean, itzali egin zen”, kontatu du Mendezek.

San Martin Unxekoa du familia osoa, eta Iruñean jaio arren, Mendezek ere “harreman estua” du herri horrekin. Mingarriak dira iazko sutearen oroitzapenak, baina nabarmendu du berdea nagusitzen ari dela, berriz ere, errautsez betetako paisaiaren erdian, eta txalotu ditu herritarren ahaleginak “aurrera segitzeko”. Irailaren 16an San Martin Unxen antolatu duten Unx jaialdia aipatu du. Ardoa eta musika uztartuz, herriak ez husteko besta bat eginen dute.

“Erriberriren eta San Martin Unxen gisako herriotan garatu da Nafarroan dugun ardoaren kultura”, azpimarratu du Mendezek. San Martin Unxeko zenbait upategitan egin du lan, Unsikoan hasi baino lehen, eta giro horretan ikasi ditu ardoaren ingurukoak. “San Martin Unxen laurehun biztanle daude, eta bost upategi”, nabarmendu du Unsiko kideak. Herri horretan ez, baina, oro har, “ardoaren kultura galtzen” ari ote den beldur da Mendez. Herrien hustea jo du egoera horren eragile, hain zuzen.

Zuriak, beltzak eta gozoa

Datuen arabera, ardoaren kontsumoak behera egin du. Errealitate horri, “kalitatearen bidez” egin nahi dio aurre Unsi upategiak. Ardo zuriak eta beltzak egiten dituzte, bai eta ardo gozo bat ere, denak garnatxarekin.

“Garnatxa hemengo barietate bat da, eta guk gurea nabarmendu nahi dugu. Uste dugu Nafarroako ardoak bereizteko modu bat izan daitekeela”, azaldu du Javier Mendezek.

Unsik San Martin Unxen dituen mahasti guztiak daude lehorreko sailetan. “Nafarroako ubidetik gora daude denak; zenbait, zazpiehun metrora”. Garnatxak “ardo fresko eta azidotasun handikoak” ematen dizkio Unsiri. Mahatsa jaso bezain laster, upategira eramaten dute, Erriberrira. Han, upategiko deposituetan jasotzen dute, lehendabizi. “Mahats zuria zanpatu egiten dugu deposituetan sartu baino lehen. Mahats beltzari, berriz, txortena kentzen diogu andeletan sartu aurretik”.

Deposituetatik upeletara pasatzen dute ardoa. Upeletan sei hilabete inguru pasatzen du ardo beltzak, botiletan sartu baino lehen; zuriak, berriz, bost hilabete inguru. Botiletan, baina, denbora gehiago ematen du ardoak,

 

salgai jarri aurretik. “Ardo beltzak hiru urte inguru ematen du botiletan; zuriak, berriz, bat edo bi. Helburua da kartetan sartzeko ardoak egitea”

Ardo gozoa egiteko, berriz, mahatsa denbora gehiago uzten dute mahastian. “Kontua da mahatsak azukre eta alkohol gehiago hartzea”, azaldu du Mendezek.

Garnatxaren aldeko hautua egin du Unsik; aurtengo uzta biltzeko garaia dute oraingoa.

 

«Gure ardo gorriak baino gehiago gara»

David Palacios. Nafarroa sor-markako lehendakaria.

Mahatsa biltzen ari dira herrialdean, eta Nafarroa sor-markako lehendakari Palaciosek garbi du aurtengo uzta «hagitz ona» izanen dela. Sektoreak klima aldaketari aurre egin behar diola nabarmendu du.

E. Elizondo

Zerura begira eman ditu David Palacios Nafarroa sor-markako lehendakariak egun anitz (Erriberri, 1978), herrialdean mahatsa biltzen hasi zirenetik. Abuztuaren erdian ekin zioten bi hilabete inguru iraunen duen lanari. 9.800 hektarea inguru daude Nafarroa sor-markaren barruan. Orain arte jasotakoaren kalitatea nabarmendu du Palaciosek.

Inoiz baino lehen hasi zarete mahatsa biltzen.

Iazkoa izan zen ordura arteko mahats biltze goiztiarrena eta aurten berriz ere ondu dugu marka. Iaz baino lauzpabost egun lehenago hasi gara biltzen.

Zer eragin du horrek?

Azken urteotan, muturreko egoerak izan ditugu. 2018an, hain zuzen, hagitz berandu hasi ginen mahatsa biltzen; aurten, berriz, inoiz baino lehen. Egia da klima aldaketa ari dela muturreko egoerak nabarmentzen, eta, batez ere, ekarri du tenperaturak gora egitea. Hori kezkatzekoa da, baina, zorionez, Nafarroa sor-marka penintsulako iparraldean egoteak aukera ematen digu klima aldaketaren ondorioei bertze toki batzuetan baino hobe aurre egiteko.

Lehorteak nola eragin dizue?

Hiru urte daramatzagu lehorteari aurre egiten. Orain [larunbatean] euria ari du Nafarroan, baina azken urtean lehorteak markatu du gure sektorea. Lehortearen ondorioz hasi gara, neurri batean, mahatsa lehenago biltzen. Lehorreko zenbait sailetan, gainera, lehorteak produkzioari ere eragin dio. Sektorearen profesionalizazioari esker, halere, sail anitz ditugu ureztapen lokalizatuarekin, eta, horri esker, aurre egin ahal izan diogu lehorteari.

Asteburuko euriak nola eragin dizue?

Mahatsa biltzeko garaian ohikoa da euria egitea. Inportanteena da kazkabarra ez botatzea. Gehiegi ez bada, euriak aukera ematen dio mahatsari erabat heltzeko.

Zer-nolako mahatsa biltzen ari zarete?

Orain arte jasotako mahatsa hagitz ona da. Batez ere, zuria. Ekoizpena iazkoa baino handiagoa izanen dela garbi dugu, iazkoa ezohikoa izan baitzen. Iaz, garnatxa kenduta, gainerako barietateek emaitza hagitz txarrak izan zituzten.

Zenbat litro ardo lortzea espero duzue?

40 milioi litro inguru ari gara ekoizten. %35 inguru, Espainiatik at saltzen dugu.

Non, zehazki?

Alemanian, Suitzan, Ingalaterran, AEBetan, Kanadan, eta Asiako hainbat herritan.

Zer eskaintzen dute Nafarroako ardoek?

Nafarroan ardo gorria da gure ikur. Ardo gorriaz gain, baina, badugu bertzerik. Ospe handiko gure ardo gorrientzat erabiltzen dugun garnatxak ardo beltz hagitz onak ematen ditu, adibidez.

Zeintzuk dira sektorearen indarguneak eta ahulguneak?

Indargune nagusia gure ardoak dira. Askotarikoak dira. Gure ahulgunea da, hain zuzen, hori erakustea, ditugun gainerako ardoak zabaltzea. Nafarroan gure ardo gorriak baino gehiago gara.

Bertze ardo horiek saltzea da zuen erronka?

Ohiturak aldatzen ari dira: ardo gutxiago edaten da, baina edaten dena ardo ona izaten da. Gure erronka da, beraz, ardo hagitz onak ekoiztea. Bertzalde, klima aldaketari egin behar diogu aurre; horretarako, barietate zaharren alde egin nahi dugu, horiek hobeki egokitzen direlako; garnatxa eta graciano, bertzeak bertze.