«Etxalar zerbaitengatik ezaguna bada, usategiengatik da ezaguna»

«Etxalar zerbaitengatik ezaguna bada, usategiengatik da ezaguna»

Gerardo Danboriena (Etxalar, Nafarroa, 1949) ez da sakelako telefonoari so bizi diren horietakoa. Harekin harremanetan jartzeko, deitzea baino eraginkorragoa da haren pausoei segitzea. Izan ere, litekeena da Etxalarko usategietan egotea; zerura begira, usoen arrastoari segika, eta sareetan sarrarazteko une egokiaren zain. 15 urterekin hasi zen usategietan lanean, eta, gaur egun Etxalarko usozalerik nagusiena da. 77 urterekin, paletak jaurtitzeari utzi dio, baina Iarmendi mendiarekin duen hitzordua ez du ia inoiz huts egiten. Urriaren 1etik azaroaren 20ra bitarte, ia egunero goititzen da, seiehun urte baino gehiagoko tradizioari segida emateko. 

Nondik datorkizu usozale izateko grina?

Hemendik kilometro eta erdira dagoen Landaburua baserrikoa naiz, eta 6-7 urterekin jada lagunekin etortzen nintzen usategira jostatzera. Batzuetan traba egiten genuen, eta garai hartako usozale zaharrek errieta ematen ziguten, baina, mantso-mantso, ikasiz joan nintzen. 15 urterekin hasi nintzen uso lanean finko. Lehendabizi, xatarrarekin paratu ninduten, eta gero, paleta botatzen ikasi nuen. 32 urte pasatu nituen Trapagibela postuan, eta azkeneko zortziak bertze batean. Adin batetik goiti, halere, hezurrak eta besoak gogortzen dira paleta botatzeko, eta ikusi ere ez da berdin ikusten. Orduan, uztea erabaki nuen, baina egunero etortzen naiz oraindik ere. Denbora txarra ez bada, ezin da etxean egon.

Urriaren 1etik azaroaren 20ra bitarte izaten da uso pasa. Nolakoa da zuen eguna?

Goizean goiz elkartzen gara, gosari txikia edo kafe pixka bat hartzen dugu, eta bakoitza bere postura joaten da. Abata edo ehiza postu bakoitzean usozale bana egoten da. Guztira zortzi postu dira  —Larrekua, Idoikua, Belata, Gibeltrapa, Haritzeko trapa, Trapagibela, Ezpondagaña eta Trapa; azken hau harrizkoa da, 1916an eraikia—, eta inbutu bat osatzen dute. Usoek ez dute abisatzen noiz heldu diren; hortaz, erne egon behar da, gerizatik esperoan. Ikusia izan gabe ikustea da usozale baten lana. Garai bateko usozaleen esaera da hori. Pazientzia eduki behar da, gaur ez bada bihar etorriko baitira. 

Etxalarko usozale bat paleta botatzen. JAGOBA MANTEOLA / FOKU

Uso banda bat ikusten duen lehenbizikoak segituan oihu egiten dio Trapa Nagusiko usozaleari. Hark korneta jotzen du, bertze guztiak ohartu daitezen. Abatetako usozaleek paleta edo makila zuriak botatzen dituzte, usoek miruak direla pentsatzeko, eta altuera jaisteko. Usoak beheititzerakoan, bertze bizpahiru usozalek zatarrak [makila bati lotutako zapi zuri eta luzeak]  astintzen dituzte, usoak sareetara bideratzeko. 

Etxalarko usozale bat zatarra astintzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Eta usoek kasu egiten diete usozaleen seinaleei?

Erraten dute usozale zaharrena ere aprendiz hil zela, usoak inoiz ez baitoaz abiadura, altuera eta minbera berarekin; hortaz, egunero ikasten da zerbait. Herrian behe lainoa baldin bada, erraterako, usoak gai dira sarea ikusteko, eta buelta erdia ematen dute edo goitiagotik joaten dira. Ikusmen izugarria dute, eta baita erreflexuak ere. Garai bateko usozaleek hauxe erraten zuten: «Usoak erotuak jausten dira, baina sekula ikusi dituzu elkar jotzen edo lesionatzen? Ez. Hortik atera kontuak piztia horiek nolako abilidadea duten elkar salbatzeko».  

Sarea, ordea, ez dute espero, eta tranpan erortzen dira, ezta?

Sei sare ditugu: Fortuna, Monua, Kalamua, Miarra, Elusa eta Lakaina. Batzuek kaxoi bat osatzen dute: usoak harrapatuak gelditzen dira hartan, eta tiro egiten diete. Sare horiek ez dira inoiz jausten; bertze batzuk, berriz, bai: usozaleek palankari tiratzen diote, abiadura bizian jaisten dira, eta usoak azpian gelditzen dira harrapatuta. Gero, zorro batzuetan sartzen dituzte uso guztiak; batzuei eraztun bat jartzen diete, eta berriz ere aske utzi. Bertzeak, berriz, hil egiten ditugu, eta gure artean banatu. 

Usoen luma hondarrak, sareekin harrapatu ondoren. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Zein izan da zure uso sasoirik onena?

Nire urterik hoberena 1970a izan zen; 4.400 uso harrapatu genituen. Franco hil zenean ere urte ona izan zen, hiru mila harrapatu baikenituen Etxalarren. Garai hartan, hamar usategi ginen: Aldude, Garategorena, Landibarre, Landa [Biarno], Lekunberri, Olhobi, Oxkaxe, Napal, Sara eta Etxalar. Elkarte bat dugu, eta sasoia akitzean bilkura egiten dugu talde bakoitzak zenbat uso harrapatu dituen publiko egiteko. 1972tik egiten da zenbaketa, eta urte hartan 31.000 uso harrapatu genituen. Bi sare toki gutxiago daude orain, eta joan den urtean ez ginen hiru mila usora ailegatu. Joera beheitiranzkoa da argi eta garbi. 

Dena den, usoak egon badaude, ezta? 

Ekologistek Pirinioetako sei tokitan kontatzen dituzte usoak, eta erraten dute sekula baino gehiago daudela. Alabaina, Etxalarren bi ehiza modalitate daude elkarren artean zerikusirik ez dutenak. Ez dira elkarren artean inoiz ongi moldatu, eta azken urteetan, gainera, okerrago, ehiztariek sosak eta kartutxoak sobran baitituzte, eta ezker eta eskuin tiro egiten baitute. Hortaz, gero eta itsasalderago, altuago eta izutuago heldu dira usoak. Merezi dugun saria dugu. Gero eta zailagoak dira harrapatzen, eta eskerrak: harrapatzeko errazak balira, gaurgero arraza akabatua izanen genuke seguru. Aurten badirudi hiru milatik pixka bat pasatuko garela, eguraldi onak egin baititu.

«Ehiztariek sosak eta kartutxoak sobran dituzte, eta ezker eta eskuin tiro egiten dute. Hortaz, gero eta itsasalderago, altuago eta izutuago heldu dira usoak»

Zein da usoak harrapatzeko eguraldirik aproposena? 

Ipar haizea behar dugu, usoek haizea lagun izan dezaten, eta abiadura handian joan daitezen. Horrela, ez dute sarea ikusten. Haize hegoak, berriz, aitzinaldetik jotzen ditu, eta mantsoago doaz. Orduan, denbora ematen die gehiago ikusteko, eta buelta ematen dute, edo goitiago egiten dute hegan.  

Sareak Iarmendi muinoan daude. Mendiaren magaletako batean Etxalar dago, eta bertzean, berriz, Sara. Nolakoa da bi herrien arteko harremana?

Mugarria Etxalarko usategitik metro gutira dago. Normalean, alde banatako zuhaitzen artean distantzia egoten da, baina hemen ez. Horrek erran nahi du betidanik izan dela akordio bat Sarako eta Etxalarko herrien artean. Izan ere, sareak Sarako lurretan daude, eta Sarako Herriko Etxeak Etxalarri uzten dizkio, tradizioa mantentzeko. Usategiak direla medio, elkar ezagutzen dugu, eta harremana sortu dugu saratarrekin.

2013tik, gainera, usategietako tradizioen besta egiten dugu Lizarieta gainean, usategietako denboraldia hasi aitzineko azken-aitzineko igandean. 250 lagun biltzen gara karpa batean, eta artisauen erakusketak, usategien bisitak, makila jaurtitzeko txapelketak, zikiro bazkaria, herri kirolak eta dantzak egiten dira. Era berean, Etxalarko eta Sarako alkateek bi herrien arteko hitzarmena berresten dute. 

Etxalarko herrian ere baduzue besta propioa, ez?

Usategietako igandea egiten dugu urriko hirugarren asteburuan. Herriarentzako inportanteak dira usategiak, Etxalar zerbaitengatik ezaguna bada usategiengatik baita ezaguna. Nafarroako Gobernuak interes kulturaleko ondasun izendatu zituen 2010ean. Orain erakargarri turistiko bat da, baina antzina gosea kentzeko ehizatzen zuten. Usategien lehenbiziko aipamena 1378. urtekoa da. Lehenagoko dokumenturik ez da agertu, baina segur aski baziren.

1960ko hamarkadan hasi zinen zu. Zer aldatu da ordutik?

Batez ere sareak. Lehenago, lau sare genituen, baina, kaxoi formako bi sare egiteko Donibane Garazira joan, eta hangoak kopiatu genituen. Haria ere aldatu diegu; lehen, lodiagokoa zen, eta orain nylonezkoak dira, gutiago ikusten baitira. Hogei bat urte irauten dute, baina batzuek urte gehiago dituzte. 

«Antzina, usozale izateko itxaron-zerrenda zegoen, baina etxola horretan ez zen emakumerik sartzen. Orain, ateak irekiak daude»

Usozaleen arteko harremana ere aldatu da, ezta? 

Antzina, ehiza mota honek garrantzi handiagoa zuen, eta usozale izateko itxaron-zerrenda zegoen. 1945ean, adibidez, Europan gizonak elkarren artean tiroka ari zirenean, nire aitak eta bertze usozaleek usoak pilaka harrapatzen zituzten hemen, eta sosa irabazi. Hogei urte geroago hasi nintzen ni, 1965ean, eta orduan etxola horretan ez zen emakumerik sartzen, garai hartako usozale zaharrak izugarri zorrotzak baitziren. Orain, gauzak bertzelakoak dira; ateak irekiak daude. Badugu taldean emakume bat 45 bat urtekoa.

Ez dira guti usategiak bisitatu dituzten pertsona ospetsuak; tartean, Napoleon III.a, Pierre Loti, Bernardo Atxaga eta Orson Welles. Wellesek, gainera, usategien berri eman zuen, ezta?

Orson Welles aktore eta zuzendari amerikarra 1955 inguruan etorri zen Ipar Euskal Herrira. Sarako alkatearekin itzuli bat eman zuen usategietan, eta liluratua gelditu. «Ez dituk errusiarrak, ez dituk amerikarrak, ez dituk frantsesak eta ez dituk espainolak; euskaldunak bertze arraza bat dituk», erran zuen. Usategietako irudiak filmatu zituen The Land of the Basques [Euskaldunen lurraldea] proiektu zinematografikoaren barrenean. 

Wellesek kontatutakoari tiraka, Aner Etxeberriak eta Pablo Vidalek Etxalarko usategiei buruzko Abata dokumentala ondu zuten iaz. Zuk ere parte hartu zenuen, ezta?

Bai, ez dugu kamera aitzinean egoteko ohiturarik, baina gustura egon ginen, eta ongi joan zen. Uste dut horrelako dokumentalak beharrezkoak direla gazteek tradizio hauek ezagutzeko. Olaizola pilotariak badu anaia bat argazkilaria Goizuetan, eta Etxalarko usategira etorri zen argazki batzuk ateratzera. Hark Aner ezagutzen zuen. Bilbo ingurukoa denez ez zekien honen berri deus, baina usategiak ezagutzera etorri zen, eta dokumentala Orson Wellesekin lotzeko ideia izan. Gainera, National Geographic aldizkariko 1949ko ale bat erakutsi zigun; orduko usozale batzuen irudiak agertzen ziren, eta batzuk ezagutu nituen.

Usozaleak Etxalarko txabolan, gosaria egiten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Eta etorkizunera begira, erreleboa zirtatuta dago?

Orain, 40 urte inguruko bizpahiru usozale dira gazteenak. Bertze guztiak jubilatuak gara. Antzina, hamahiru usozale izaten ziren; gaur egun, berriz, hogei bat. Izan ere, lehen baserrietatik egun guztirako etortzen ginen, baina orain fabriketan-eta lan egiten dute, eta zailtasunak daude postu bat betetzeko. Hortaz, bi lagunen artean egiten dute; bata goizean joaten da, eta bertzea arratsaldean.

Espero dugu tradizioarekin segitzea. Guretzat plazer handia da jende gaztea usategietara etortzea, eta istorioak kontatzea. Azken finean, Etxalarren urria diferente bizi dugu; beti naturaren zain, bihar zer denbora eginen ote duen, pasatuko ote diren…. Natural bizi gara, eta ongi.