Vesarte kolektiboak hamabost urte bete dituela ospatuko du irailaren 30ean, Lizarran. Rock talde bat eta 30 bateria jotzaile batera ariko dira. Iruñeko Udalak aurten ez die baimenik eman. Bihar egin behar zuten lehen kontzertua Lizarran, baina bertan behera utzi dute, azkenean, euriaren beldur.
Olaia L. Garaialde
Baterien burrunba Lizarrako Foruen plazara iritsiko da irailaren 30ean, ezohiko kontzertu baten bidez. Vesarte kolektiboak antolatu du, hamabost urte bete dituela ospatzeko. Hamalau pertsonaz osatutako rock talde bat eta 30 bateria jotzaile arituko dira elkarrekin, musika lau haizeetara zabaltzeko asmoz. Bihar egin behar zuten lehen kontzertua Lizarran, baina bertan behera utzi dute, azkenean, euriaren beldur.
Orain arte, Iruñeko Gazteluko plazan egin izan dute ikuskizuna, baina aurten udalak baimena ukatu die. Hortaz, irailaren 30ean eginen dute, Lizarrako Foruen plazan.
Ekinaldiaren hirugarren aldia izanen da aurtengoa; lehendabizikoz 2018. urtean egin zuten, eta 2019an azkenekoz. Bietan, Iruñeko Gazteluko plazan aritu ziren. Ez dute inoiz trabarik izan kalean jotzeko, baina 2020an Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako Sailarekin arazoak izan zituzten. “Esan zuten ez geundela hirian finkatuta, baina ordurako hamabi urte generamatzan arte herrikoia egiten, eta 25 ikastaro eta bederatziehun izen emate genituen hirian”, kontatu du Javier Orduña Vesarte kolektiboko kideak. Azkenean, udalaren oniritzia jaso zuten, baina, pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu zen kontzertua.
Aurten proiektua berreskuratzea erabaki dute, eta urtarrilean instantzia bat aurkeztu zuten: “Maiatzean esan ziguten Alde Zaharrean ezin genuela egin, bizilagunei traba egiten diegulako”. Berriz saiatu ziren, baina abuztuan, berriz ere, ezezkoa jaso zutenez, Iruñeko Udaleko Kultura Sailarekin mintzatu ziren: “Baiezkoa eman ziguten, baina esan zuten ongi begiratu behar zutela. Azkenean, ezetz esan ziguten, data horretan liburu azoka zegoelako”. Horren ordez, Baluarten egitea eskaini zieten. Vesartekoek uko egin zioten aukera horri, kalean jo nahi zutelako.
Orduñaren ustez, ez dauka zentzurik baimena ukatu izanak: “Gauza andana antolatzen dute Gazteluko
plazan; hala nola DJak eta zenbait enpresak antolatutako gauzak. Benetan ez badute jendez bete nahi Iruñeko Alde Zaharra eta ez badiete traba egin nahi bizilagunei, ez lukete deus antolatu beharko han”.
Gaineratu du enpresa pribatuen interesak sustatzen ari direla: “Gu ezin gara pare bat orduz egon, eta markak saltzen ari diren enpresak asteburu osoa egon daitezke plazan”. Orduñaren arabera, horrelako erabakiek “argi” uzten dute erakundeak herritarren interesetatik “oso urrun” daudela.
Lizarran, “erraz”
Gazteluko plaza berezia da kolektiboko kideentzat, “hiriaren egongela” delako. Horregatik, Orduñak uste du herritarrek plaza erabiltzeko eskubidea izan beharko luketela: “Plaza herritarrona da, eta udalak ezin du erabili jabea izango balitz bezala. Eskaria egin, eta udalak kudeatu beharko luke, eta libre dagoen data bat eskaini”.
Bidean oztopoak izan arren, gogotsu dira herrietara ere zabalduko dutelako proiektua: “Batzuetan ematen du hiriburutik kanpo ez dagoela eskaintza kulturalik, baina gauza asko daude”. Gaineratu du Lizarran “erraza” izan zaiela espazioa lortzea.
Urratsez urrats garatzen ari dira Vesartekoak proiektua: urtez urte zerbait berria eskaini nahi dute. Hasi zirenean, hiruzpalau kanta jo zituzten, eta aurten, 2019an bezala, bederatzi inguru joko dituzte. Horrez gain, kanten estiloa ere aldatu dute: “Rocka joko dugu, baina beste musika estilo batzuk ere bai”. Helburua da publikoa zabaltzea; adin guztietako jendea erakartzea. Bateria jotzaileei ikusgaitasun “handiagoa” eman nahi diete, gainera.
Musu truk
Urte osoa eman dute ikuskizuna prestatzen, eta Lizarrako plazara ateratzeko gogoz dira. Horregatik, herritarrak parte hartzera deitu dituzte: “Ezin da hitzez azaldu zer egiten dugun; txupinazoa bezala da, aurrez aurre ikusi behar da. Oso polita da ikus-entzuleak ia bateria jotzaileen artean daudelako”.
Proiektuan parte hartzen dutenek musu truk egiten dute lan, xedea “herritik herriarentzat” sortzea delako: “Etengabe produzitzen eta kontsumitzen ari gara, eta guk horren kontra egin nahi dugu. Horregatik, plazan sortzen den giroa ezin da kuantitatiboki neurtu”, aipatu du Orduñak.
Vesarte kolektiboko kideek garbi dute proiektuak aurrera egin duela ez dutelako irabazi asmorik: “Aurten izan ditugun oztopoekin, enpresa pribatu batek kudeatu izan balu, ez luke aurrera eginen. Guk aurrera egin dugu, historia eta kultura sustatu nahi ditugulako”.
Argazkiak: Vesarte.