Hizkuntza bat, komunitate bat

Hizkuntza bat, komunitate bat

Iraileko azken igandea da, 1958tik, Gorren Nazioarteko Eguna. Nafarroan, Asorna elkartean egiten dute bat. Irailaren 30ean ospatuko dute euren eguna, Tafallan. Keinu hizkuntza erabiltzeko duten eskubidea aldarrikatu dute, eta baliabideak eskatu, eskubide hori bermatu ahal izateko.

Edurne Elizondo

Keinu hizkuntza ez da bakarrik irisgarritasuna bermatzeko tresna bat; hizkuntza bat da, bertze edozein hizkuntza bezalakoa. Gorren berezko hizkuntza da, eta identitate bat eta kultura bat islatzen du. Gorrok komunitate bat osatzen dugu, gutxiengo linguistiko bat”. Asorna gorren Nafarroako elkarteko presidente Sofia de Estebanenak dira hitzak; gorren komunitateak iraileko azken igandean ospatzen du bere nazioarteko eguna, 1958tik; Asornak irailaren 30ean ospatuko du aurten, Tafallan, eta erdigunean jarriko du gorrak komunitate bilakatzen dituen keinu hizkuntzaren auzia. Keinu hizkuntza erabiltzeko eskubidea aldarrikatu dute, eta baliabideak eskatu dituzte eskubide hori bermatu ahal izateko.

Asornak Iruñeko Donibane auzoan du egoitza. 1957. urtean sortu zuten elkartea; hiriburuko Txantrea auzoan hasi zuen bere bidea. Ordutik egindako urratsak nabarmendu dituzte kideek, baina garbi utzi dute gorrena “iraupen lasterketa bat” dela. Aitortu dute, halere, irisgarritasunari eta keinu hizkuntzari buruzko interesak gora egin duela azken urteotan, eta garapen hori elkartearen jardueran sumatzen dela: “Hamabost pertsona inguru elkartzen ziren hasieran keinu hizkuntzako gure ikastaroetan; orain, berrehun baino gehiago hartzen ditugu urtean. Hamaika tokitatik deitzen digute interpreteak eskatzeko”, kontatu du Asornako kide Carmen Artoletak.

Astelehenekoa lan handiko eguna izan zen Asorna elkartearen egoitzan; gimnastika eskolen lehen eguna zuten, goizez. Zaharrentzat antolatzen dituzten jardueretako bat da hori, gor horiek etxean gera ez daitezen. Arratsaldez, berriz, keinu hizkuntzako A1 mailako ikastaroa abiatu zuten. Monica Sanz dute irakasle parte hartzaileek. Lehen eskolako aurreneko minutuetan, Sanzek Nuria Asperilla interpretea izan zuen ondoan. “Hutsetik hasten direnez, aurkezpenak egiteko tartean ni egoten naiz, lehen harreman hori laguntzeko eta errazago bilakatzeko”, azaldu du Asperillak.

Asorna pertsona gorren Nafarroako elkarteko hainbat kide:  Carmen Artoleta, Alba Mañeru, Irene Tamarit eta Sofia de Esteban. Idoia Zabaleta / Foku.

 

Interpreteen lana

Asornak dituen zortzi interpreteetako bat da Asperilla. Nabarmendu du zortzi orduko lanaldia “motz” gelditzen zaiola behar den guztiari erantzun ahal izateko. Asornako keinu hizkuntzako interpreteek behar duten lekura laguntzen dituzte gorrak, beren hizkuntza erabiltzeko aukera izan dezaten. “Medikuarengana, epaitegira, abokatu batengana, lan elkarrizketa batera…; edozein esparrutan aritzen gara”. Interpreteen lana ez da beti erraza; ahozkotasuna da nagusi egungo gizartean, eta keinu hizkuntza erabiltzen dutenen eskubideak bazter gelditzen dira anitzetan. “Edozein hizkuntza gutxituk arazoak baditu, keinu hizkuntzak are gehiago”, erran du Carmen Artoletak.

Medikuen kontsultetan behin baino gehiagotan gertatutakoa kontatu du Asperillak, bazterketa horren adibide: “Pertsona bakar batek lagun dezake gaixoa kontsulta barrura; interpretea sartzen bada, ez diote bertze inori sartzen uzten. Gu ez gara gaixoa laguntzen ari, ordea; gu ez gara ez senide, ez lagun; interpretearen lana zera da, gorrak bere hizkuntza erabili ahal izanen duela bermatzea, eta behar dena interpretatzea”, nabarmendu du.

Erabilera hori “legez” jasota dago; Espainiako Estatuak 2007. urtean onartu zuen keinu hizkuntzari buruzko bere legea, baina arau hori garatuko duen erregelamendua oraindik ez da indarrean. “Urtarrilean sartuko da indarrean”, zehaztu du Artoletak. Espainiako Estatuan, keinu hizkuntza espainiarra eta katalana dira onartutako bakarrak. Kataluniak, hain zuzen, bere keinu hizkuntzari buruzko legea onartu zuen, 2010ean. “Espainiako legeak baino aitortza handiagoa egiten dio Kataluniakoak keinu hizkuntzari”, erran du Artoletak.

2007ko legeak ez du keinu hizkuntza ofizialtzat jo, eta, ondorioz, “bigarren mailako” izaten segitzen du. “Legez, pertsona gorrek badute hizkuntza erabiltzeko eskubidea, eta administrazioari dagokio hori bermatzea; legeak ez du administrazioa behartzen keinu hizkuntzako formakuntza ematera, ordea”, zehaztu du Artoletak.

Teknologiaren erabilera

Espainiako Kongresuak duela hamasei urte onartutako legeak badu bertze hutsik. “Ez da pertsona gorren komunitateak nahi zuen legea”, aipatu du Artoletak. Kontua da lege hori keinu hizkuntzari buruzko legea ez ezik, ahozko komunikazioa laguntzeko neurriak jasotzen dituen araua ere badela. “Ezberdinak diren bi kontu nahastu dituzte”, erantsi du Asornako kideak.

Izan ere, pertsona gorra batzuek teknologia erabiltzen dute —audifonoak edo kokleako inplantea—; bertze batzuek, berriz, keinu hizkuntzaren aldeko hautua egiten dute, eta bazter uzten dituzte entzumena eta ahozkotasuna sustatzeko bideak. Sofia de Estebanen hitzek azaltzen dute hautu horren arrazoia: komunitate bat dira, euren hizkuntza eta kultura propioarekin. Asornako kideek garbi erran dute ez dutela audifonoak edo inplanteak erabili nahi edo ahal dituztenen hautuaren aurka egin nahi: “Bertze tresna bat eskaini bertzerik ez dugu egiten; keinu hizkuntza da tresna hori”.

Asorna elkarteko keinu hizkuntzako irakasle Monica Sanz. Iñigo Uriz / Foku.

Gaur egun, herrialdeko pertsona gorrek Asornak eta Eunatek —Nafarroako pertsona gorren familien elkartea— dituzten interpreteak balia ditzakete. “Ahal duguna egiten dugu”, onartu du Artoletak. Beharrak gora egin duela azaldu du, eta, ondorioz, administrazioari eskatu dio baliabide gehiago jar dezala: “Elkarteok ari gara administrazioak egiten ez duen lan bat egiten; diru laguntza ematen digute, baina ez da nahikoa. Bada garaia behar diren baliabideak bideratzeko”.

Ofizialtasunak ezarriko lukeen egitura falta du keinu hizkuntzak, Artoletaren hitzetan. Izan ere, norbanako, eragile edo erakunde batzuen interesak eta borondateak eragiten dituzte, gaur egun, gizarteak gorrei ezartzen dizkien mugak bazter uzteko urratsak.

Monica Sanzekin keinu hizkuntza ikasten hasi diren pertsonek ederki islatzen dute errealitate hori: irakaskuntzaren eta osasungintzaren esparruan lan egiten dute anitzek, eta euren kabuz erabaki dute trebatzea. “Uste dut erabat beharrezkoa dela gutxienekoa jakitea, behintzat. Funtsezkoa da gaixoak zer erran nahi duen ulertzea”, erran du Marta Urbina erizainak.

Inportantea da gorrak artatzen dituzten profesionalak trebatzea. Asornako kideek, gainera, gorrek lan esparruan dituzten mugak ere agerian utzi nahi izan dituzte. Enplegu zentro bereziak “tresna bat” izan behar direla erran du Carmen Artoletak, batetik. “Lan esparruan sartzeko bide on bat dira, baina helburua behar da izan pertsona gorrak enplegu arruntetan aritzea”. Bertzetik, oposizioetan eta gisa horretako azterketetan keinu hizkuntza erabiltzeko aukera aldarrikatu du; ekitatea eskatu du.

 

Datua

12.200

ZENBAT GOR BIZI DIREN NAFARROAN Nafarroan 12.223 gor bizi dira gaur egun, Espainiako Estatistika Institutuak zabaldutako azken datuen arabera. Espainiako Estatuan, denera, 1.233.400 gor daude. Jaiotzetikoak dira gor batzuk; eta jaio eta gero gertatutakoen ondorioz gelditzen dira gor bertze anitz. Nafarroan, herrialdeko pertsona gorren 360-500 inguru dira jaiotzetikoak.

 

EGITARAUA

Iraileko azken igandean ospatzen da Gorren Nazioarteko Eguna; aurten, beraz, irailaren 24a izanen da. Asornako kideek, halere, irailaren 30ean ospatuko dute, Tafallan.

Irailak 30, larunbata

11:00. Harrera eginen diete parte hartzaileei, Nafarroa plazan. Asornako kideekin batera, Errioxako eta Aragoiko (Espainia) pertsona gorren elkarteetakoak izanen dira Tafallan.

11:30 eta 12:30. Mencos jauregiko bisita.
11:30 eta 12:30. Tafallako Alde Zaharreko bisita.

14:00. Ekinaldi instituzionala, gizarte etxean. Elkarteetako kideek eta Tafallako agintariek parte har- tuko dute.

17:30. Marcos Ortega magoa.

19:00. Agurra.