Arauak iraultzeko hegaldia

Arauak iraultzeko hegaldia

Irene Zottola argazkilariak beldurrak, heroiak, antiheroiak eta beste landu ditu ‘Ikaro’ erakusketan. Iruñeko Ziudadelako Mistoen Aretoan ikus daiteke, urriaren 31ra arte.

Olaia L. Garaialde

Testuez lagunduta eta zuri-beltzarekin jolastuz, argazkilaritza analogikoa ikertzen du Irene Zottola argazkilariak (Madril, 1986). Gizartean ezarritako arauak, beldurrak, heroiak, antiheroiak eta gizakien eta hegaztien hegaldien arteko mugak aztertu ditu Ikaro argazki erakusketaren bidez. Mapamundistas programaren barruan sortu du proiektu hori, eta Iruñeko Ziudadelako Mistoen Aretoan ikus daiteke, urriaren 31ra bitarte.

2021. urtean, Icaro izeneko argazki liburu bat argitaratu zuen Zottolak, eta lanean ageri diren irudiekin erakusketa bat sortu nahi izan du: “Liburuan ez da ikusten atzean dagoen lan guztia; horregatik, paperetik aretora salto egin nahi nuen”. Prozesua “gozagarria” izan arren, “erronka handia” izan dela dio.

Proiektua hasi berritan, “pixka bat galduta” zegoen, ez zekielako ongi zer egin nahi zuen: “Intuizioz ari nintzen argazkiak egiten, eta egindakoa aztertzen hasi nintzenean ikusi nuen hegaldiaren auzia interesatzen zitzaidala”. Hegaztien artean, bereziki, usoengan jarri du arreta: “Uso bat ez zaigu arrano bat bezain dotera iruditzen”. Horregatik, uste du usoek eta antiheroiaren figurak “lotura handia” dutela: “Behin eta berriz saiatu arren, eta gaizki atera arren, amore ematen ez duten pertsonen antza dute”.

Mitologia

Gehiago jakin nahi izan du, eta, horretarako, hegaztien inguruko entziklopediak, Ikaroren kondaira eta Amelia Earhart hegazkinlariaren historia aztertu ditu. Mitologia grekoaren arabera, hain zuzen, Dedalo arkitektoa eta Ikaro bere semea labirinto batean preso zeuden. Ihes egin ahal izateko, Dedalok hegal batzuk sortu zituen, baina Ikaro itsasoan galdu zen, aitak esandakoari jaramonik egin ez, eta altuegi hegan egin

Irene Zottola argazkilaria.

zuelako. Ondorioz, eguzkiak hegalak hondatu zizkion.

Kondairak nabarmentzen du Dedalok Ikarori esan ziola nola jokatu. Horregatik, arauen inguruan hausnartu nahi izan du Zottolak: “Hegan egiteko desira eta beldurra, eta arauei aurre egiteko moduak landu ditut nire obretan”.

Mitologiari tiraka, Earharten berri izan zuen. Earhart Ozeano Atlantikoa eta Ozeano Pazifikoa bakarrik zeharkatu zituen lehenengo emakume hegazkinlaria izan zen. 1937. urtean, Lurrari buelta ematen saiatu zen, baina hegazkina Ozeano Barean desagertu zen. “Ikaro batekin topo egin nuela sentitu nuen; mitologiako figura maskulinoa emakume bihurtu zen”, azaldu du.

Prozesuaz ikasteko

Zuri-beltzak eta analogikoak dira Zottolaren irudiak. Horrez gain, argazkiak argiaren bidez eraldatzeko teknikak erabiltzen ditu: zianotipia, solarizazioa eta emultsioak, besteak beste.

Erakusketa egiteaz gain, Ikaroren hegaldia: argazkia eta materialtasuna izenburuko ikastaroa eginen du Zottolak Iruñeko Antartika kultur espazioan. Bi eguneko ikastaroa izanen da, urriaren 21etik 22ra. Tailerraren helburua da Ikaro bezalako proiektu baten atzean dagoen lana ikusaraztea eta lan propioak partekatzeko espazio bat sortzea.

Urriaren 21ean, goizez, Zottola bere interesez, jatorriaz eta erreferenteez ariko da parte hartzaileekin. Arratsaldean, berriz, irudiak sortzeko erabiltzen dituen teknikak landuko ditu argazkilariak; bere erakusketa sortzeko prozesuan izandako zailtasunak, erronkak eta hartutako erabakiak aztertuko dituzte.

Urriaren 22an, tailerrean parte hartuko dutenek euren lan propioak erakusteko espazio bat izanen dute Antartikan. Zottolaren asmoa da nahi duenak esku artean duen proiekturen bat edo ideiaren bat aurkeztea tailerrean.

Argazkiak: Irene Zottola.