Eskola bat baino askoz gehiago

Eskola bat baino askoz gehiago

Baliteke oraingoa izatea Zigako eskolako azken ikasturtea: zentroko kideek azaldu dute litekeena dela zentroak atea ixtea ekainean, ikasle kopuru nahikoa lortzen ez badu. Nafarroako Gobernuak atzera egin du asteon, ordea, eta eskola ixteko asmorik ez duela erran du Felix Taberna lehendakariordeak.

Edurne Elizondo

Ohi baino haur gutxiagok egin dute bat Zigako eskola unitarioan, astelehenean: zentro horretako 3 eta 9 urte bitarteko sei ikasleetatik bik pediatrarekin dute azterketa, eta beste bat gaixotu, eta etxean gelditu da. Leire Onsalo irakasleak eta Maite Oteitza zuzendariak, beraz, Inar Alzuguren (8 urte), Maren Ibarra (7) eta June Mendiburu (8) agurtu eta hartu dituzte gelan. Astelehena denez, Asier Olabe ere Zigan da. Astean bitan joaten da zentrora, idazketa eta irakurketa lantzera. Errutina ohikoa da Zigako eskolan, baina oraingo ikasturtea ez da orain artekoak bezalakoa: baliteke azkena izatea zentro horrentzat. Orain dituen sei ikasleetatik bi ez dira eskolan izanen datorren ikasturtean, eta, ikasle berririk ailegatzen ez bada, datorren ekainean atea ixteko arriskua bada.

Horixe jakinarazi zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Zigako eskolari, duela zenbait hilabete. Asteazkenean, baina, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Felix Tabernak atzera egin zuen, eta erran zuen Hezkuntzak ez duela Zigako eskola ixteko asmorik.

Hamabi eskola Baztanen

Tabernaren hitzek ezustean harrapatu dute Maite Oteitza zuzendaria. Ekainean eskola itxiko zutela ia ziurtzat jo dute orain arte, eta hasiak ziren, hain zuzen, egin beharreko hurrengo urratsak zehazten. Izan ere, ikastetxerik ez duten Baztango herriek Elizondokoa dute erreferentziazko eskola, baina Zigako gurasoek nahiago dute haurrak Iruritara mugitu. Hori lortzeko lanean ari ziren.

Maite Oteitzak hamazazpigarren ikasturtea du oraingoa Zigan; eskola berritu zuten urte berean iritsi zen herrira. Eraikineko sabaiaren zati bat behera erori zen, 2005eko otsailean. Herriko haurrek Elizondoko eskolara mugitu behar izan zuten, behin-behinean; handik Zigara itzuli, eta apezaren etxean aritu ziren eskolak hartzen, tarte batez. Eskola berritua 2006-2007ko ikasturtean inauguratu zuten. Ordutik, eskolako zuzendari lanetan aritu da Oteitza.

Tristura eragin dio azken urteotako errealitateak Oteitzari: “Haurrak jaiotzen ez direla ikusten duzu; gero eta gutxiago direla… Galera handia da, eskola gabe herria hila baita”, erran du zuzendariak.

Baztanen, Zugarramurdin eta Urdazubin hamabi eskola daude, eta elkarlanean aritzen dira, neurri batean. Oteitza da eskola horien koordinatzaileetako bat. Zigako ikasleak, adibidez, Almandozko eskolara joaten dira asteazkenetan. “Gimnastika egiten dugu han”, erran dute haurrek. Musika eskolak ere hartzen dituzte Almandozen, bai eta ingelesekoak ere. Irakasle bat Zigara joaten da astean bitan, gainera, ingeleseko eskolak ematera.

Ikasleek hartua dute zentroko martxa. Haien neurrira moldatutako eskola bat dute, eta kontent dira. Leire Onsalo irakasleak ere gogoz hartu du Zigako eskolako irakasle izateko lana. Aurtengoa du lehen ikasturtea herri horretan, eta aurrenekoz ari da adin ezberdinetako haurrekin: “Arras kontent nago; polita da, baina erronka bat ere bada, haur bakoitzak bere beharrak baititu. Polita da haien arten sortzen den harremana”

Gurasoek ere balio handia ematen diote haurren arteko harreman horri. “Familia baten modukoa da eskola hau”, nabarmendu dute Garaine Gaskuek eta Iñigo Alzugurenek. Burlatakoa da Gaskue, eta Berakoa, berriz, Alzuguren. Zigakoa dute biek bikotekidea, eta herri horretan bizi dira. Maren Ibarraren ama da Gaskue; Inar Alzugurenen aita, berriz, Iñigo Alzuguren.

“Haurrentzat hagitz ona da adin ezberdinetako ikasleek bat egitea; anitz ikasten dute. Nire alaba zaharra iaz hasi zen institutuan; uste dut adin batetik aurrera badutela jende gehiagorekin egoteko beharra, baina ez orain. Eskola txiki batek abantaila anitz ditu haurrentzat”, erran du Gaskuek.

Oteitzak bezala, gurasoek ere tristuraz hartu dute eskola ixteko aukera. Ikastetxerik ez duten herrientzat, Elizondoko eskola da erreferentziazkoa, eta, ondorioz, Zigako ikasleek harat joan beharko lukete, zentroak atea ixten badu. Guraso gehienek, baina, ez dute hori nahi. Nahiago dute haurrek eskola txiki batean jarraitzeko aukera izan dezatela, eta, ondorioz, Zigan jarraitzerik ez badute, Iruritara mugitu nahi dituzte.

Iruritaren alde egin dute Gaskuek eta Alzugurenek. “Haurrak ez du Elizondora joan nahi. Nahiago du eskola txiki bat. Pena handia litzateke herriko eskola galtzea”, erran du Alzugurenek.

Eskola mapa

Guraso gehienek Irurita nahiago dute, herriko eskola ixten badute. Ondorioz, Zigako eskolako kideak hasi dira erakundeekin lanean, aukera hori eskaini ahal izateko. Eskolak Baztango Udalari eskatu dio esku hartzeko; izan ere, udalari dagokio aldaketa eskatzea. Urrats hori egin du udalak jada.

Azken erabakia Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak du. Irailean, Baztango Udaleko kideek bilera egin zuten Hezkuntzako ikuskariekin, hain zuzen. Oteitzak ere parte hartu zuen. “Ikuskariak enpatia handia erakutsi zigun. Guk azaldu genien konponbidea erraza dela, haurrak Elizondora eramaten dituen autobus berak uzten ahal dituelako gure ikasleak Iruritan; jangela ere bada han”, kontatu du Oteitzak.

Eskola mapa berria onartu baino lehen eman beharko du Hezkuntzak bere erabakiaren berri. Auzia bazter geldituko da, halere, Felix Taberna lehendakariordeak asteon erran bezala, azkenean Zigako eskola ixten ez badute.

Oteitzak ikasle berriren bat lortzeko esperantza ez du bazter utzi nahi. Zaila dela garbi du, halere, Ziga hustuz joan dela ikusi baitu eskolan egon den urteotan. “Bestetan eta asteburuetan etortzen den jendeak ez du herria egiten; herria egiten du herrian dagoenak. Gazteak ez dira hemen gelditzen”. Etorkizunari buruz ere badute kezka Zigan.

Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku.