LEB Lengoaia Eszeniko Berrien Nazioarteko Jaialdia eginen dute Agoitzen, estreinako aldiz, abenduaren 1etik 9ra. Hamaika saio, tailer eta mahai inguru antolatu dituzte.
Edurne Elizondo
Oraindik ez da hasi, baina Agoizko azken hiru hilabeteotako egunerokoa hankaz gora jarri du jada: LEB Lengoaia Eszeniko Berrien Nazioarteko Jaialdia eginen dute Agoitzen, abenduaren 1etik 9ra. Herritarrak udan hasi ziren lanean, jaialdian parte hartuko duten artisten proposamenekin batera haiek sortutakoak aurkezteko. Jaialdiak landa eremura eraman nahi du kultura, eta aldarrikatu herritar ororen eskubide bat dela.
Asier Anduezak “amets bat bete” du LEB jaialdiarekin. Horixe nabarmendu du, egitasmoa aurkezteko Agoitzen egindako agerraldian —azaroaren 10ean, kultur etxean—. Anduezak sortu du jaialdia, Agoizko Udalarekin batera, eta hark hartu du proiektua zuzentzeko ardura ere. Garbi utzi nahi izan du proiektua “feminista, queer, inklusiboa, irisgarria eta solidarioa” dela.
Hitz horiek etiketa huts izan ez daitezela hartu du helburu Anduezak. “Kultura denon eskubidea dela erraten badugu, benetan denon esku jarri behar dugu kultura egiteko eta gozatzeko aukera”. Xede hori betetzeko lehen urratsa izan da LEB Agoitzen antolatzea, eta ez Iruñean edo gisako bertze hiriren batean.
Herritik sortua
Agoitz ez da jaialdiaren egoitza huts bat izanen. Ana Cavilla La Perra Creaciones etxeko arduraduna bitartekari lana egiten aritu da bertan; zehazki, eskolako eta institutuko ikasleekin, Agoizko Irati antzerki taldearekin eta Laguntza proiektuko pertsona migratzaileen familien sarearekin aritu da. Ikasleek Txoria txori izeneko ikuskizuna sortu dute, kantu horren inguruan, Irati taldeak Vida útil izenburuko obra aurkeztuko du, eta pertsona migratzaileen sareak, berriz, Un lugar común izenburuko lana prestatu du, sareko familien esperientzien eta istorioen berri emateko.
Agoizko Udaleko kultura teknikari Lorea Mendezek ere parte hartu du LEB jaialdia sortzeko prozesuan. Izan ere, kultura deszentralizatzeko beharrari buruzko Mendezen eta Anduezaren arteko solasaldi bat dago proiektu horren oinarrian. 2022an egitea izan zen lehen asmoa, baina baliabiderik ezak eragin zuen asmoa atzeratzea.
Nafarroako Parlamentuak emandako diru laguntza batek biziberritu zuen LEB jaialdia egiteko proiektua, eta bultzada horren ondorio da abenduan garatuko duten programa. Anduezak azpimarratu du LEB jaialdiak Espainiako Arte Eszenikoen Akademiaren, Espainiako Antzerkigileen Elkartearen, Espainiako Eszena Zuzendarien Elkartearen eta Nafarroako Eszena Elkartearen “konplizitatea” izan duela.
Antzerki emanaldiak, kontzertuak, tailerrak eta mahai inguruak eginen dituzte Agoitzen. Iruñeko Butaca 78 Eserlekua eta Teatrolari eskolek parte hartuko dute, bertzeak bertze; Agoitzen izanen dira ere Bilboko Olatz Gorrotxategi (Mierda de ciudad), Valentziako Toni Agusti (Versión), Greziako Evangelos Lalos (Maricón) eta Malagako (Espainia) Alessandra Garcia (Mujer en cinta de correr sobre fondo negro).
Dantza garaikideak eta dantza urbanoek ere izanen dute toki bat LEB jaialdian: Iruñeko Breathless Dance (The Town) eta Sevillako (Espainia) Incubo Teatro eta Danza Mobile (El festín de los cuerpos) konpainiak izanen dira Agoitzen, bertzeak bertze.
Herriko kultur etxean, gainera, jaialdian parte hartuko duten taldeen eta proposamenen inguruko erakusketa bat zabaldu dute, “herritarrak jaialdiko lengoaietara eta edukietara hurbiltzeko”, Asier Anduezaren hitzetan. LEB jaialdiaren sustatzaileek herrian azken hilabeteotan egin duten lanak eman du emaitzarik jada: Agoizko Mikel Segura eta Brian Claveria rap abeslari gazteek Nacimos izenburuko kanta grabatu dute Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan.
“Herritarrekin garatu dugun harremanaren adibide bat da kanta hori; talentu handiko jendea bada Agoitzen, eta jaialdian bidea eman nahi diogu”, azaldu du Ana Cavillak. Segurak eta Claveriak jaialdiaren aurkezpenean estreinatu dute euren kanta, hain zuzen ere, zuzenean eta jendaurrean.