Gobernuak bukatu ditu Urbasa-Andia eta Aralar lotzeko ekobidea eraikitzeko lanak

Gobernuak bukatu ditu Urbasa-Andia eta Aralar lotzeko ekobidea eraikitzeko lanak

​Bukatu dituzte lanak. Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak apirilean hasi zituen Etxarri Aranatzen A-10 autobiaren gaineko ekobide bat eraikitzeko obrak, eta, horiek amaituta, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Jose Mari Aierdik eta Etxarri Aranazko alkate Maria Saez de Albenizek inauguratu egin dute. «Igarobide ekologiko hau funtsezkoa da biodibertsitatearentzat, babes bereziko bi eremu lotzeko aukera emanen baitigu», erran zuen Aierdik, azaroaren 24ko inaugurazio ekitaldian, ekobidearen ondoan.Ekobideari esker, hain zuzen ere, Urbasa-Andia eta Aralar lotu dituzte. Zehazki, Aritzalkoko basoko bi aldeak batzea lortu dute, autobiaren bi aldeetako animalien joan-etorria errazteko. Baso zaharra da Aritzalkokoa, haritz heldu anitz dituena, eta, ondorioz, balio handikoa da faunarentzat.Etxarri Aranazko ekobidea gisa horretako lehendabiziko azpiegitura da Nafarroan; basurdeentzat eta orkatzentzat aproposa izanen da, bai eta bertze ugaztun anitzentzat ere. Sakanako autobia oztopo fisiko larria izan da animalia anitzentzat, errepide horretan harrapatuta hil baitira animalia anitz: orkatzak, basurdeak, azeriak, azkonarrak eta basakatuak, bertzeak bertze.Bide eraginkorrakEkobidea autobia gurutzatzeko bide seguru bat izanen da animalientzat. Etxarri Aranazkoa herrialdeko lehena da, baina Europako hainbat herritan eta Kanadan, bertzeak bertze, aspalditik erabiltzen dituzte, eta herri horietan guztietan agerian gelditu da ekobideak eraginkorrak direla, eta, faunak horiek erabiltzen dituenean, animalia gutxiago hiltzen direla errepidean. Herbehereak izan ziren ekobideak eraikitzen hasi ziren herrietako bat, eta egun, Herbehereetako Azpiegituren eta Ingurumen Ministerioak 2019an zabaldutako datuen arabera, gisa horretako 68 azpiegitura dituzte.Etxarri Aranazko ekobidea 60 metro luze eta 45 metro zabal da; 6,1 milioi euroko inbertsioa egin du Nafarroako Gobernuak zubia eraikitzeko, Europako Next Generation funtsak baliatuz. Zubiko obrak amaituta, ekobidearen gaineko landare estaldura garatzeko lanak eginen ditu orain Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak: martxora bitarte, hain zuzen, 3.000 landare landatuko dituzte, animalien bidea errazteko. Haritzak landatuko dituzte, batez ere, baina baita ezkiak, lizarrak, astigarrak eta haginak ere, bertzeak bertze. Nafarroako Gobernuak 48.000 euroko aurrekontua du lan horiek egiteko.Nafarroako Gobernuak onartu du Natura 2000 Sareko «arazo handi bat» eragin duela Sakanako autobiak. Adituek ere berretsi dute errepide hori oztopo fisiko larria izan dela, eta txalotu dute, ondorioz, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak azkenean ekobidea eraikitzeko urratsa egin izana. Azpiegitura egiteko lanak hasi zituztenean, «guztiz beharrezkoa» zela nabarmendu zuen Nafarroako Gorosti zientzia elkarteko kide eta biologo Alberto Lizarragak: «Iparralderantz joateko aukera bazuten animaliek; hegoalderantz mugitzekoa, aldiz, ez», zehaztu zuen. Lizarragaren hitzetan, ekobide bat da arazo hori konpontzeko modurik egokiena.Egungo araudiak garai batekoak baino zorrotzagoak dira, eta proiektu berriek legez jaso behar dituzte faunaren joan-etorria errazteko neurriak. Bide guztiek ez dute animalia guztientzat balio, halere, espezie bakoitzak ezaugarri bereziak behar baititu errepideak modu seguruan gurutzatzeko. Etxarri Aranazkoaren gisako ekobideak bide seguruak izan daitezke basurdeen eta orkatzen gisako ugaztunentzat; anfibioek, berriz, errepideen azpitik doazen bideak behar dituzte.