Bigarren inbestidurarako bide luzea

Bigarren inbestidurarako bide luzea

Nafarroako politikan, asperdurarik ez. Maria Txibite gobernuko lehendakariari ez zitzaion erraza izan bere bigarren agintaldia abiaraztea. Horretan zeresan handia izan zuten aurreko legealdiko esperientziak, gehiengoen moldaketak, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen errepikapenak eta alderdi bakoitzaren jarrerak. Hala, hiru hilabeteko epemuga ia osorik baliatu zuten negoziatzaileek.

Iruñeko Udalean, berriz, ekainaren 17an Cristina Ibarrola alkate izateko bidea zabaldu zuen PSNk. Sei hilabete geroago, egoera irauli egin zen abenduaren 13an EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak zentsura mozioa erregistratu zutenean. Joseba Asironek Iruñeko aginte makila berreskuratuko du ostegunean, baina politikoki sozialisten eta EH Bilduren arteko akordioak balio berezia du, sozialistek jauzi handi bat eman baitute 2019an egindako apustuan.

Maiatzaren 28ra begira

Maiatzaren 28ko gauean, protagonisten emozioek islatu zuten hobekien emaitzen nondik norakoa. UPNk irabazi zituen berriz ere bozak, baina Javier Esparzaren eta haren taldeko kideen aurpegian nabari zen nolako estualdia pasatu zuten aurreko bi orduetan. Emaitzen bi heren arte, bigarren indarra ziren Iruñeko Udalean, eta Nafarroako Parlamentuan 2015ean bezala geratu ziren, hamabost jarlekurekin. 1991tik izandako emaitza txarrena zen, eta, hala ere, gaitz erdi haientzat —izan ere, gaueko hainbat unetan parlamentari gutxiagorekin geratzeko aukera izan zen—.

UPNkoen artean ez bezala, EH Bildukoen artean bozkarioa izan zen gau hartan. Azkenean, bi parlamentari gehiago lortu zituen (bederatzi, guztira), eta bere nagusitasuna sendotu zuen udal mapan. Alta, poza ez zen erabatekoa izan: lehen indarra izateko zorian izan ziren Iruñean eta beste hainbat udal esanguratsutan, baina azkenean bigarren geratu ziren. 

Muturrekoa gobernuko bazkideek hartu zuten. Aurrera begirako mezua utzi zien zigor hark, baina ez zen nahikoa indartsua izan. Ez, bederen, gehiengoen jokoa desorekatzeko adinakoa. Gainera, PSNk interpretatu zuen negoziazioak izanez gero posizio indartsuagoan geratu zela. Edozein modutan, ekainaren hasiera hartan argi zegoen bide luzea egiteko zegoela inbestidura iritsi arte. Are gehiago, kontuan izanik Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak estatuko hauteskundeak uztailaren 23ra aurreratu zituela, eta horrek bete-betean eragingo ziola negoziazio prozesuari. 

27.149

Gobernuko bazkideen boto galera. 2019arekin alderatuta, 27.149 boto galdu zituzten PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak; boto kopuruan %17 egin zuten behera hiru alderdiek, alegia. Geroa Baik galdu zuen gehien: botoen %27 (-16.663 boz). Zurekin Nafarroak, berriz, antzeko jaitsiera izan zuen: Ezkerra eta Ahal Dugu-k 2019an lortu baino 6.895 boto  gutxiago eskuratu zituen. PSN zegoen bezala geratu zen parlamentari kopuruan, baina 3.591 boto galdu zituen; %5eko jaitsiera, alegia.

Geroa Bairen abisua

Alta, aurreikusi baino bide malkartsuagoa izan zen, eta hasieratik nabaritu zen hori. Alderdi sozialistak banakako bilerak izan zituen alderdiekin, baina hiru bazkideek elkarrekin egin beharreko lehen bilerara ez zen agertu Geroa Bai. Keinu harekin soka tenkatu zuen, eta negoziazioetan «jarrera irmoa» izango zuela adierazi zien sozialistei. Funtsean, ez zeuden ados ordura arteko gobernu barruko funtzionamenduarekin. PSNri mehatxu egin eta esan zioten ereduari eta egiturari buruzko irizpideak argitu arte blokeatuta zeudela elkarrizketak.

Beste aldagai bat sartu zen tartean: udalak. Ikusteko zegoen lau urtez Nafarroako Parlamentuan eta Espainiako Gorteetan izandako jarrerak balioko ote zion EH Bilduri. Kanpainan, Elma Saizek ohartarazi zuen bere helburua Iruñeko alkatea izatea zela, baina, emaitzak esku artean, sozialisten esku zegoen erabakitzea zer bide hartuko zuten Nafarroako lau udal garrantzitsuk: Lizarra, Barañain, Eguesibar eta, nola ez, Iruñea. Azkenean ez zen ustekaberik izan. Espainiako bozak ate joka izanik, sozialistek eskuinerantz biratu zuten giltza, eta udal horiek UPNren eskuetan geratu ziren.

Aurretik, Parlamentuko Mahaia aukeratu zen, eta, bigarrengoz, gehiengoak Unai Hualde hautatu zuen legebiltzarreko lehendakari. Ainhoa Aznarezen ondoren, euskaraz dakien bigarren presidentea da, baita kargu hori duen lehen abertzalea ere. Negoziazioetan PSNk saldu nahi izan zuen amore eman zutela aurrera egiteko, baina Geroa Baik gogorarazi zion sozialistek ez zutela ahalmenik beren botoekin hautagai sozialista atera zedin.

Uztailaren 23ko mugarria

Ekainean ez zen askatu negoziazioen korapiloa. Komunikabideen arretatik at, akordio programatikoaren edukia negoziatzeko aukera izan zuten, baina, sanferminek eta hauteskunde kanpainak tarteko, apenas egin zuten aurrera. Uztailaren 23tik aurrera azeleratu zen dena. Hilabete pasa geratzen zen gobernua osatzeko abuztuaren 28ko epemugara iristeko. Ordurako akordiorik izan ezean, hauteskundeak berriz egin beharko ziren.

UPNk azken saiakera egin zuen elkarrizketak baldintzatzeko. Gobernura iristea ezinezko izango zuela barneraturik, Esparzak legealdiko lau urteetan gobernabidea bermatzeko «oso eskaintza eskuzabala» egin zion Txibiteri, EH Bildu negoziazioetatik uztearen truke. Halaber, gutxiengoan zituen udalei eustea proposatu zion PSNri. Sozialistek ezezkoa eman zioten: «Etenik gabe mespretxatu eta iraindu gaituzte azken urteetan, eta orain eskaintza hau egiten digute ez dutelako emaitza onik izan», ihardetsi zuen Ramon Alzorrizek.

Abuztuaren hasieran, Geroa Baik ohartarazi zuen sozialistek malgu jokatu ezean blokeoa ez zegoela gainditzerik. «Egoera kezkagarria» zelakoan, EH Bildu prest azaldu zen baiezkoa bozkatzeko.

Abuztuaren hasieran, akordiorako gutxi falta zen, ustez: gobernu egituraz gain, funtzionamendu arauak eta edukiaren azken ukituak. Hain justu ere, huraxe zen gainditu beharreko aldaparik zailena, eta Geroa Baik ohartarazi zuen malgu jokatu ezean blokeoa ez zegoela gainditzerik. Hordago hura negoziazioaren taktikari zegokion, baina hausteko arriskua hortxe zegoen. «Egoera kezkagarria»  zelakoan, EH Bilduk jendaurrean adierazi zuen prest zegoela baiezkoa emateko, nahiz eta elkarrizketetatik baztertua izan zen.

Astebete inguru iraun zuen tentsioak. Abuztuaren 7an heldu ziren akordiora hiru aldeak, azken orduan. Antolamenduari begira, Zurekin Nafarroaren esku geratuko zen Etxebizitza Departamentua; Geroa Baik lau sail izango zituen bere gain —tartean, Osasuna—, eta gainerakoa PSNk kontrolatuko zuen. Edukia publiko egin zenean, antzeman zen euskararen arloan desadostasun ugari zituztela eta hura izan zela korapilo nagusietakoa. Geroa Bairen barruan eztabaida handia izan zen horregatik. Azkenean, aurrera jotzea deliberatu zuten, eta PSNk konpromisoa adierazi zuen euren arteko desadostasunak kudeatzeko arauak eta bilerak egiteko.

Hala, abuztuaren 15ean, PSNren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, Maria Txibite lehendakari hautatu zuten bigarren aldiz. Abuztuaren 17an egin zuen karguaren zina.

Prozesu hura amaituta etorri zen azken ustekabea. Berriro, UPN ez da gai izan gehiengorik artikulatzeko, eta, helburu gorena bete ez duelakoan, Javier Esparzak iragarri zuen ez dela berriz lehendakarigai aurkeztuko. UPNk apirilean egingo du kongresua, eta orduan ikusiko da nork hartuko duen alderdiaren lema. Bere agintaldiaren amaieran, Esparzak proposatu du UPNk aliantza politika aldatu eta «baliagarri» izan behar duela EH Bilduk Nafarroako politikan erabakigarri izateari utz diezaion. Alta, zortzi urtez halako urratsik ez egin izanak eta bere diskurtsoan zein ekintzetan PPren eta Voxen eraginpetik aldentzeko zailtasunak izateak zaildu egin dio sinesgarritasuna beretzea.

Urte politikoaren hasieran, EH Bilduko Xabier Alkuaz aukeratu zuten Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentetzarako. Besteak beste, PSNk babestuta egin zuten hori. Zantzu bat izan zen, gero Iruñean zer etorriko zen.

Ibarrolak, sei hilabete

Urte erdi bat baino ez du egingo Iruñeko agintean Cristina Ibarrolak. Udazkenean bolo-bolo ibili da alkatearen aurka zentsura mozioa aurkeztuko zen zurrumurrua. Azkenik, abenduaren 13an gauzatu da, eta albisteak lurrikara politikoa eragin du Iruñean. EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak zentsura mozioa erregistratu zuten, eta abenduaren 28an bozkatuko da. Joseba Asiron izango da berriz alkate.

Testuinguru politikoak eta Ibarrolaren beraren kudeaketak bultzatu dute PSN pauso hori ematera. UPNren eta Ibarrolaren aurkako tonua gogortu dute azken hilabeteetan, eta ohartarazi «pazientzia bukatzen» ari zaiela. Oposizioko alderdi guztiek salatu dute Ibarrola ez zela gai akordiorik egiteko eta hiria «paralisira» kondenatuta zegoela. 2024tik aurrera «garai berri bat» biziko du Iruñeak.