Nafarroako Ubidea Erriberara iristeko pauso eman du gaur Espainiako Gobernuak. Ministroen Kontseiluak lizitazioa onartu du, eta argitu du 354 milioi euro inbertitu beharko dituztela.
Canal de Navarra SA arduratuko da lizitazioa eta adjudikazioa egiteaz. Sozietate publiko horren %60 du Espainiako Gobernuak eta beste %40 Nafarroakoak. Hartara, kapital ekarpen bidez finantzatutako dute inbertsioaren erdia: 106 milioi jarriko ditu Madrilek (%30) eta beste 71 milioi (%20) Iruñeak. Beste erdia bankuei mailegua eskatuta finantzatuko du Canasak.
Finantzaketaz gain, beste hainbat baldintza hitzartu dituzte bi gobernuek azpiegituraren inguruko jarduerak eta bideragarritasun ekonomikoa bultzatzeko. Espainiako Gobernua, kasurako, herri lan horren finantzaketaz arduratuko da.
Ustiapen baimena, 2068ra arte
Nafarroako Gobernuaren esku egongo da zorua jartzea eta ondorioz azpiegituraren eremuko lurrak desjabetzea. Azpiegiturari lotutako zerbitzuak eraiki eta kudeatu beharko ditu.
Gainera, Itoizko urtegiari loturiko ustiapen hidroelektrikoaren baimenak 2068ra arte luzatuko dizkio Canasari. Hortaz, bi gobernuen arteko hitzarmenak beste 42 urte iraungo ditu, «inbertsioaren kostuak berreskuratu ahal izateko eta bi administrazioek euren konpromisoak bete ditzaten».
Elma Saiz, Espainiako Gobernuko bozeramailea, gaur, Madrilgo Moncloa jauregian. MARISCAL / EFE
Akordioa hauteskunde garaian etorri da. Atzo bertan aurreratu zuten albistea Luis Planas Espainiako Nekazaritza Ministroak eta Elma Saizek, PSN-PSOEren ekitaldi batean, Sesman.
PSNko hautagaiaren rola kendurik, Ministroen Kontseiluan albisteaz mintzatu da Elma Saiz Madrilgo gobernuko eleduna eta Gizarte Segurantzako ministroa. Bere esanetan, Nafarroako Ubidea «azpiegitura estrategikoa da Nafarroaren garapenerako eta etorkizunerako».
Saizek zehaztu du lehen faseko 496 milioi euroak gehituta, azpiegiturak orotara 850 milioi euroko kostua duela. Aintzat hartu behar da Nafarroako Gobernuaren asmoa zela bigarren fasearen lizitazioari lehenago heltzea. Duela lau urte Maria Txibitek berak aurreikusi zuen 2023an lizitatuko zela. Alta, lehen fasea zabaltzeko obrak amaitzeko hamar urte behar izan dira.
