Pixelian, zineman trebatzeko

Pixelian, zineman trebatzeko

Nafarroako Marketin Klubak Pixelian Zinemaren eta Arte Bisualaren Eskola sortu du Mutiloako bere egoitzan. Helburu garbi batekin jarri dute egitasmo hori martxan: jendea zineman trebatzeko, eta sektore horri behar dituen profesionalak emateko. Eskolako arduradunek bi esparru jakin hautatu dituzte bidea egiten hasteko: zuzendaritzarena eta ekoizpen exekutiboarena. Arlo horietan master bana prestatu dituzte Pixelian martxan jartzeko. Eskolako webgunean jasota daude bi masterren inguruko argibideak; tartean, prezioari buruzkoak: 8.500 euro balio du bakoitzak —bekak jasotzeko eta matrikula finantzatzeko aukera jasotzen du web orriak—.

Nafarroako Martekin Klubak otsailaren 20an egin zuen Pixelian jendaurrean aurkezteko agerraldia, Mutiloan. Ekinaldian, klubeko zuzendari Cristina Zarikiegik nabarmendu zuen zinemaren esparruarekin hartutako konpromisoaren emaitza dela Pixelian: «Etorkizuneko profesionalak trebatu nahi ditugu, enplegua sustatu eta inbertsioak erakarri».

Zarikiegik Nafarroako Gobernuko Industria kontseilari Mikel Irujoren eta Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusi Ignacio Apeztegiaren babesa jaso zuen, bertzeak bertze, zinema eskola berriaren aurkezpenean.

Irujok eta Apeztegiak, hain zuzen, arlo pribatuaren eta publikoaren arteko «elkarlanaren alde» egin zuten. Irujok erantsi zuen formakuntza sustatzea «ezinbertzekoa» dela ikus-entzunezkoen sektorea sendotzeko; Apeztegiak, berriz, ikus-entzuleak «sortzeko» lan egiteko beharra nabarmendu zuen.

Zubiak eraiki

Javier Zelai da Pixelian eskolako zuzendaria. Joan den asteko agerraldian kontatu zuen duela lau urte jo zuela Nafarroako Marketin Klubeko arduradunengana, eskola sortzeko aukeraz hitz egitera. Baiezkoa eman zion klubeko zuzendari Cristina Zarikiegik, eta proiektua garatzeko martxan jarri zen Zelai. Garbi utzi nahi izan du Pixelian ez dela «ohiko» zinema eskola bat: «Une oro, sektoreak dituen beharren berri jaso nahi dugu, behar horiei erantzun ahal izateko; sektoreari behar duena eman nahi diogu», azaldu zuen, joan den astean, Mutiloan.

«Une oro, sektoreak dituen beharren berri jaso nahi dugu, behar horiei erantzun ahal izateko; sektoreari behar duena eman nahi diogu».JAVIER ZELAI Pixelian eskolako zuzendaria

Behar horiekin lotu zituen bidea egiten hasteko hautatu dituzten bi esparruak; zuzendaritzarena eta ekoizpen exekutiboarena, alegia. Zelaik erran zuen master horien arteko zubiak eraiki nahi izan dituztela, eta, ondorioz, zenbait ikasgai komun izanen dituzte. Sei hilabeteko masterrak izanen dira, Nafarroako Marketin Klubak Mutiloan duen egoitzan egitekoak, arratsaldez.

Igancio Fernandez Zelairekin batera ariko da lanean, Mutiloan; Pixelian eskolako koordinatzailea da hura. Aurkezpenean azaldu zuen ikasketa planak gelako lana izanen duela oinarri. Zehaztu zuen ikasketekin lotutako baldintzarik ez dutela ezarri, eta, ondorioz, masterra egin nahi dutenek ez dutela zertan izan zinemaren inguruko bertzelako titulurik. 

Zelaik erantsi zuen ekonomiaren eta zuzenbidearen inguruan interesa dutenak erakarri nahi dituztela ekoizpen exekutiboari buruzko masterrera. Ekoizpenaren eta sormenaren arteko zubiak sustatu nahi dituztela nabarmendu zuen, eta helburu dutela ikasleek eskolan garatuko dituzten proiektuak erakustea eta zabaltzea. «Ez ditugu gelan geldituko diren proiektuak egin nahi».

«Zuzendaritzaren eta ekoizpenaren arteko solasaldia sustatu nahi izatea hagitz interesgarria da; sektorearentzat aberasgarria izanen da». 
ANA HERRERA Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektu eta Proiektu Digital Estrategikoen ataleko arduraduna

Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko Ikus-entzunezko Proiektu eta Proiektu Digital Estrategikoen ataleko arduraduna da Ana Herrera, eta Pixelian eskolako kideak lagundu zituen, joan den asteko aurkezpenean. Eskertu zuen eskola horrek «bide berriak jorratzeko» egin nahi duen ahalegina: «Zuzendaritzaren eta ekoizpenaren arteko solasaldia sustatu nahi izatea hagitz interesgarria da; sektorearentzat aberasgarria izanen da esparru horiek alor itxiak ez balira bezala lantzea».

Profesionalen babesa

Zuzendaritzari eta ekoizpen exekutiboari buruzko masterrekin batera, zenbait ikastaro espezializatu antolatu ditu Pixelian eskolak. Gainera, martxoaren 6an hasi eta ekainera bitarte, topaketak eginen dituzte zinemaren esparruan lanean ari diren zenbait profesionalekin. Haietako bat izanen da Maria Monreal zuzendaria; Espainiako Zinemagintzako eta Ikus-entzunezkoetako Emakumeen Elkarteko Nafarroako ordezkaria ere bada, eta joan den asteko aurkezpenean parte hartu zuen. Eskolak ekoizpenaren arloa lantzeko egin duen urratsa eskertu zuen: «Nahiko ezezaguna da, baina, aldi berean, ezinbertzekoa proiektu bat garatzeko».

EGITARAUa

Pixelian eskolak topaketak antolatu ditu zinemaren esparruko profesionalekin. Martxoan eginen dituzte lehenengo biak. Guztiak Pixelian eskolaren egoitzan eginen dituzte, Mutiloan, 18:00etan.

Martxoak 6. Oskar Alegriarekin solasaldia, dokumental bat ekoizteko eta finantzatzeko lanari buruz. 
Martxoak 21. Iker Ganuzaren hitzaldia, ekoizpen exekutiboari buruz.
Apirilak 18. Andrea Jaurrieta zinemagilea zinema zuzendaritzari buruz ariko da.
Maiatzak 8. Amaia Remirezen solasaldia; nazioarteko ekoizpenaz ariko da.
Maiatzak 23. Maria Monreal zuzendaria fikziozko zinema independenteaz mintzatuko da.
Ekainak 10. Puy Oria, Oria Films etxeko arduraduna, bere ekoizpen lanaz ariko da.