«Kalea gurea ere badela aldarrikatu nahi dugu»

«Kalea gurea ere badela aldarrikatu nahi dugu»

Iruñeko historia ikuspuntu feminista batetik lantzeko proiektu berri bat sortu dute hiriburuan: Memoria Eszenikoa. Ellas liburuan jasotako emakumeen historiari ikusgaitasuna emateko, asmoa da hiriburuan egiten dituzten ibilaldi gidatuak antzeztea. Aktoreetako bat da Maia Ansa (Gaintza, 1990).

Zein da Memoria Eszenikoa proiektuaren abiapuntua?

Antzerkia, kalea eta memoria historikoa uztartzen dituen proiektu bat da gurea. Abiapuntua dira hiriko emakumeen berri emateko aspalditik egiten diren ibilaldi gidatuak. Iruñeko hainbat txoko ukitzen dituzte ibilaldi horiek. Ellas. Las mujeres en la historia de Pamplona [Iruñeko Udala, 1998] liburuarekin dute lotura zuzena. Ibilaldiak oinarri hartuta, beste urrats bat egitea eta kontatzen dena antzeztea da asmoa.

Antzerkigintzatik sortua da zuen egitasmoa?

Proiektuan bat egin dugunon artean gehienak gara aktoreak; halere, Ana Diez de Ure historialariak ere egin du bat gure egitasmoarekin; Ellas liburuaren egilea da, hain zuzen, eta historia lantzen du ikuspuntu feminista batetik. Azken urteotan, Diez de Urek egin ditu ibilbide gidatuak. Alicia Otaegi da zuzendari artistikoa, eta Ainhoa Ruiz diseinatzaile grafikoa; gainera, lau aktore ari gara lanean.

«Datozen bi hilabeteotan Nafarroako Antzerki Eskolan egonen gara, egoitza artistiko bat egiten. Eta egoitza amaitzen denean, maiatzaren bukaeran, estreinaldia eginen dugu»

Noiz hasi zineten lanean?

Duela urtebete luze. Ellas liburua erabili dugu lan egiteko, eta guk geuk ere egin dugu ikerketa lan bat. Sei geltoki izanen dituen ibilaldi bat prestatu dugu, eta geltoki bakoitzean, emakume jakin batzuen berri emanen dugu. Eszenak hornitzeko dokumentazio prozesu bat egin dugu. Gu ez gara historialariak, eta, ondorioz, eskatu dugu beste eragile eta aditu askoren laguntza. Finean, Diez de Urek eta beste egile anitzek egindako lanaren ondorio da guk jasotako materiala, eta lan egin duten horien ekarpena nabarmendu nahi dugu. Sare bat osatu da, finean.

Sare bat, zer erakusteko?

Hautatu ditugun pertsonaien bidez, gizarte eta testuinguru jakin baten berri eman nahi dugu. Asmoa da, beraz, XIX. mende bukaerako eta XX. hasierako Iruñea pertsona horien bidez azaltzea; gizarte osoa zeharkatzen duten istorioak eta kontakizunak bildu nahi izan ditugu, ikuspegi feminista batetik. Errealitatetik abiatu gara fikzio bat osatzeko, baina helburua da ezkutuan gelditu izan den hiriko historiaren zati horri ikusgaitasuna ematea, eta, aldi berean, antzerkiak eraldaketarako duen gaitasuna erabiltzea.

Zeintzuk dira hautatu dituzuen pertsonaiak?

Oraingoz, ez dugu izenik zabaldu nahi, baina garbi esan nahi dugu lan guztia errespetuz ari garela egiten. Pertsonaiak zaintzeko asmo garbia dugu. Lana poliki-poliki egin dugu, mimo handiz. Orain eman dugu egiten ari garen lan horren berri, baina oraindik ez dugu amaitu; datozen bi hilabeteotan Nafarroako Antzerki Eskolan egonen gara, egoitza artistiko bat egiten. Eta egoitza amaitzen denean, maiatzaren bukaeran, estreinaldia eginen dugu.

«Ikuspegi eraldatzaile batetik, funtsezkoa da artea eta memoria historikoa gazteengana heltzea»

Estreinaldia kalean, ezta?

Bai, bai. Garbi esan nahi dugu kalean ariko garela; uste dugu inportantea dela, batetik, antzerkia kalera eramatea, eta, bestetik, antzeztuko ditugun eszenak gertatu ziren tokian edo inguruan kokatzea. Toki horiek esanahiz jantzi nahi ditugu, ez daitezela izan toki hutsak, handik pasatzen garenean jakin dezagula zer-nolako istorioak gordetzen dituzten. Kalea gurea ere badela aldarrikatu nahi dugu, gainera.

Aktore gisa, nolakoa da halako proiektu batean parte hartzea?

Erronka handi bat da. Gure asmoa ez da inor ordezkatzea. Proiektu bat osatu dugu, eta hori azaltzera gatoz. Aktore gisa, bidaia emozional bat da proiektua, gu ere ari garelako ezagutzen aurretik ezagutzen ez genituen gertaerak eta kontuak. Erronka bat ere bada, eragile batzuen babesa izan arren zaila izaten ari baita bidea. Lan handia egin behar dugu. Gogoz ari gara, halere, eta harrera ona izaten ari da aurkeztu dugun tokietan.

Gazteak erakarri nahi dituzue, bereziki?

Ez dugu halako asmorik; uste dugu jende ororentzat izan daitekeela interesgarria. Egia da, halere, taldean gehienak gazteak garela, eta uste dugu beharrezkoa dela arteari lotutako gurearen gisako proiektuak jende gaztearengana heltzea. Gure ustez, gai gara ikus-entzule gazte horiek erakartzeko, baina ez dugu mugarik ezarri nahi. Ikuspegi eraldatzaile batetik, funtsezkoa da artea eta memoria historikoa gazteengana heltzea.