Gaur arte Nafarroako osasun zentro batzuetan 08:00etan jendetza pilatzen zen «eguneko hitzorduak» eskatzeko. Bada, Osasunbideak jakinarazi du gaurtik aurrera hitzordu horiek sakelako telefono bidez hartzeko aukera dagoela. Eta ez da lehen mailako arretan hitzordua eskatzeko sisteman egin duten berrikuntza bakarra: Osasun Karpetaren algoritmoa aldatu dute eta galdetegi bat gehitu diote. Galdetegi horrek herritarrari adinari, dituen sintomei eta horien iraupenari buruz galdetuko dio, eta horren bitartez, dagokion profesionalaren —medikuaren, erizainaren edo prozesu azkarretako erizainaren— agendara bideratuko du. Horrez gain, profesionalen agendak eskuragarri egongo dira webgunean, Osasun Karpetan eta aurrez aurre. Aldaketa horien bitartez sistemaren irisgarritasuna hobetzea espero dute, eta goizeko lehen orduan osasun zentroetan egoten diren «jende pilaketak» saihestea.
Halaber, herritarren lankidetza eskatu dute. Izan ere, azaldu dute aurtengo lehenengo lauhilekoan 65.796 hitzordu galdu direla «eria ez delako bertaratu edo ez diolako deiari erantzun». Hori eragozteko, pazienteak gehienez har ditzakeen hitzorduak mugatu dituzte, eta hitzordua baino bi egun lehenago jakinarazpen bat jasoko dute: hitzorduaren eguna, ordua eta lekua adieraziz.
Adierazi dute gaur egun 535.000 pertsonak dutela edo izan dutela Osasun Karpeta, eta horietarik 250.000 erabiltzaile «aktiboak» direla. Inoiz erabili ez dutenei formazio saio batzuk eskainiko dizkiete, haren erabilerak eta aukerak ezagut ditzaten.
