Garai bateko dirdiraren bila

Garai bateko dirdiraren bila

Itzali da garai bateko dirdira. Saidek 2016ko martxoan itxi zuen Iruñeko Zabalguneko Carlos III zinematokia, eta aretorik gabe gelditu zen, ondorioz, hiriko erdialdea; auzo berean zegoen Olite zinematokia, eta hura 2014an itxi zuten; 2019an, berriz, eraikina eraitsi zuten. Behera botatako harrien artean gelditu zen hiriburuko zinema aretoek izan zuten urrezko garaiaren azken arrastoa.

Iruñeko zinematokien urrezko garai hori 1940ko eta 1960ko hamarkaden artean garatu zen, eta Zabalguneko karriketan gertatu zen, hain zuzen ere. «Auzo horretan zeuden garai bateko areto gehienak; Saide etxeak 11 areto izan zituen une batean. Elizak hiriko hainbat ikastetxetan egiten zituen emanaldiak kontuan hartuta, areto pila izan ziren», erran du Juan Antonio Gil historialariak, Zabalsanchek antolatutako ibilaldiaren hasieran. Iruñeko Zabalguneko auzo elkartea da Zabalsanche, eta auzoko zinematokien historia ezagutzeko ibialdia egin du —martxoaren 14an—, Vinculo plazan hasita. Dozena bat pertsonak egin dute bat, hiriburuko zinemen garai bateko dirdiraren bila.

Frontoia zinematoki

Vinculo plazatik gertu zegoen Iruñeak izandako lehendabiziko zinemetako bat: Alcazar. Lehendabiziko proiekzioa, halere, ez zuten han egin: «Principal antzokian egin zuten, egungo Gaiarre antzokian, alegia, 1896. urtean. Han jarri zuten Iruñeko lehen proiektorea», zehaztu du Gilek. Labarta antzokia ere aipatu du historialariak, han eskaintzen zituzten antzerki eta zarzuela funtzioekin batera zinema ere botatzen zutelako, hain zuzen ere. «Euskal Jai frontoian ere bai», erantsi du Gilek; frontoian, baina, bakarrik gauez egiten zituzten emanaldiak, «sabaiaren zati bat kristalezkoa zenez egunez argia sartzen zelako».

Iruñeko Olite zinemak eraisteko lanak, 2019. urtean. IÑIGO URIZ / FOKU

1920ko hamarkadan Olimpia izeneko aretoa zabaldu zuten Iruñeko Zabalgunean—1963an itxi zuten—, eta han ere zinemak hartu zuen bere tokia; filmak bistarazten zituzten, tarteka, eta, batez ere, antzokiaren azken etapan. «1930ean, Josephine Baker aritu zen Olimpian, eta sekulako zalaparta sortu zuen!». Beranduxeago ireki zuten Alcazar; hasieran, zinematokiak hartu zuen eraikinean frontoi bat egin zuten: «Perkain frontoia zen hura; 1937. urtean ireki zuten. Boxeo lehiaketak ere antolatzen zituzten, eta, tarteka, aretoa iluntzeko gai zirenez, zinema ematen zuten», kontatu du Juan Antonio Gilek. Frontoia 1941ean itxi zuten, eta orduan hasi zen Alcazar zinematokiaren etapa. 1978. urtean itxi zuten.

Principe de Viana aretoa

1940ko hamarkadan, Principe de Viana izan zen Iruñeko zinematokirik nabarmenenetako bat. 1940ko ekainean zabaldu zituen ateak, eta 2005era arte iraun zuen. «1.293 butaka zituen, denera. Eraikin hartan zeuden mural batzuk Kondestablearen jauregian daude orain», aipatu du Juan Antonio Gilek.

Principe de Viana zinematokiaren ondoan zeuden Avenida eta Carlos III ere. «Avenida 1943. urtean ireki zuten. Principe de Viana baino txikiagoa zen: bostehun butaka zituen». Avenida 1985. urtean itxi zuten. Principe de Viana 1982an moldatu zuten, areto anitzeko zinematoki bilakatzeko. Carlos III zinematokiak bide bera egin zuen: areto bakarreko zinema izan zen hasieran —1964. urtean ireki zuten—, eta 2000n, berriz, areto anitzeko zinema bilakatu zuten. 2016an itxi, eta 2019an eraitsi zuten, haren tokian etxebizitzak egiteko.

«Iruñean, lehen proiekzioa Principal antzokian egin zuten, egungo Gaiarre antzokian alegia, 1896. urtean». 
JUAN ANTONIO GIL Historialaria

«1980koa areto anitz zituzten zinematokien hamarkada izan zen; 1990ekoa, berriz, gainbeheraren hasiera», erran du Gilek. Zabalguneko aretoak itxi eta gero, Golem etxeko zinema aretoak dira Iruñean hirian dauden bakarrak. Areto anitzeko zinematokiak inguruko merkataritza guneetan daude, baina horietara ere ailegatu da krisia, digitalizazioaren eta zinema kontsumitzeko eredu berrien ondorioz.

«Galdu dugu zinemara joateko ohitura; garai batean, zer film botatzen zuten jakin gabe joaten ginen. Arratsaldea pasatzeko modu bat zen: zinemara joaten ginen, botatzen zutena elkarrekin ikusteko», erran du Gilek. Bat egin dute ibilaldian lagundu dutenetako anitzek. Bada auzoko aretoak desagertu zirenetik zinemara joateari utzi dionik. Gilen eskutik, garai bateko urrezko garaia oroitu dute parte hartzaile guztiek, eta itxita edo eraitsita dauden zinematokiak jendez beteta oroitu dituzte. Bertze garai bateko dirdiraren bila atera dira karrikara, eta oroitzapenetan aurkitu dute. Olimpia, Alcazar, Rex, Champagnat, Mikael, Xabier, Lebrel Blanco… Iruñeko Zabalgunean egondako zinemetako batzuk bertzerik ez dira, eta haietako batzuk oroitu dituzte Gilek zuzendutako ibilaldian.