Jostorratza zintzurrean

Jostorratza zintzurrean

Aspalditik, sare sozialetan, une oro, pausoak bigunduko, erraztuko edo dotoretuko dizkidaten jantziak eta modako osagarriak agertzen zaizkit. Iragarki horiek beharraldi bihurtu didate oraina. Ez dut deus behar, eta egiazki behar dudana sistemak berak ukatzen eta zailtzen didala jakin badakit. Dena dela, oro har, ez dut dudana mantentzeko zein konpontzeko ahaleginik egin.

Ez dakit josten. Behin, txikitan, txotxongilo bat egin behar izan nuen, baina haurtzaroak okerrak barkatzeko ematen duen eskumena profitatuz, ez nuen hura aise landu. Halere, noizbait tarratadak konpontzen saiatu izan naizen arren, inoiz ez dut emaitza oparorik lortu. Errua nirea da, badakit; behin eta berriro errepikatuz gero lortuko nukeela jakin badakit, baina ez diot inoiz denborarik eskaini nahi izan. Pribilegio hutsak. Izan ere, egiten ez dakigun hori derrigorrezko ez bihurtzeko aukera dugu. Ordea, egia da, hautapen horren ondorioz, beste pertsona asko derrigorrean egitera behartuta daudela.

Aurreko martxoaren 20an, Nadia Ahesbi marokoarra, Marokoko Attawasol elkarteko kide den Lamia Azuze lagun, Nafarroako Parlamentura bertaratu zen, AEBetako eta Europako ehungintza enpresek Marokon euren arropak ekoiztearen ondorioak azaltzeko. Ez da gai arrotza, Nafarroako Hitza-n agertu bezala, «Marokon gertatzen denari buruzko ardurak mugak zeharkatzen» dituelako bertaratu ziren, guk geuk arropa eta osagarri horiek erosten ditugulako, alegia.

Gero eta ezagunagoak eta agerikoagoak dira, gaur egun, enpresek euren arropa ekoizteko beste herrialdeetan aurrera eramaten dituzten prozesu eta lanak. Gaur egun, auzi horrekiko ezagutza zabalduago dagoen edo egon beharko litzatekeen sasoian, gero eta errazagoa da gizapetiko lan baldintzak sufritzen dituzten langileen lekukotasunak aurkitzea, zenbait kasutan enpresek etengabe euren produktuak iragartzeko plataformetan ere lekukotasunak aurki baitaitezke. Ez aspaldi, sare sozial horietako batean, enpresa bateko langile batek abian zuen zuzenekoa erakutsi zidaten. Bertan, langilea enpresak ekoitzitako esku-argiak probatzen ari zen, etengabe, automatikoki. Irudia gordina zen eta, bat-batean, erabiltzaile batek wink if you need help idatzi zion, hau da: kliska egin laguntzarik behar baduzu. Esan eta egin. Emakumeak begia kliskatu zuen. Harrituta begiratu genion elkarri, ez baikenekien baiezkoa jasoz gero erabiltzaile horrek langilearen alde zer egin zezakeen. Ostean jakin genuen, ingelesez esandako esaldi hori etiketa propio bat ere badela sare sozialetan, begi-keinu bilduma oso bat dagoela eta sistemak berak salaketa hori hashtag bihurtu duela.

Ez dugu irudirik ikusi nahi irudiek aurpegiak dakartzatelako eta guk ez diogu negua berotu digun berokiari zein solidario sentitzeko birtxioak ahalbidetzen dizkigun sakelakoari aurpegirik jarri nahi.

Ignorantzia eta axolagabetasuna bere horretan mantendu eta egunerokoan aurrera eraman ditzakegun izaki bakarrak gara; ez soilik kontsumismoari dagokionez, gerrei dagokienez ere bai. Gure kontinentetik harago gertatzen denaren eta guk mantentzen zein sustatzen dugunaren inguruko berri askorik ez dugu izan nahi. Ez dugu irudirik ikusi nahi irudiek aurpegiak dakartzatelako eta guk ez diogu negua berotu digun berokiari zein solidario sentitzeko birtxioak ahalbidetzen dizkigun sakelakoari aurpegirik jarri nahi; izan ere, ez dago itsu okerragorik, ikusi nahi ez duena baino esaera bizigarri bihurtu dugu.

Hortaz, bada josteko, geure arteko hartu-emanak eta ekintzak ispiluz josteko eta geure buruari kontraesanak onartu zein begiak josteko garaia, enpresekin batera guk geuk ere erantzukizuna baitugu.