Plan bat eskatu dute Ultzamako isurien aurka

Plan bat eskatu dute Ultzamako isurien aurka

Ultzama ibaira minda botatzen ari direla salatu dute ekologistek eta ibaiak ukitzen dituen herrietako bizilagunek enegarrenez, eta plan bat eskatu dute egoera horri aurre egiteko. Inguruko haztegietatik iristen da minda ibaira, eta arazoa nabarmena da, batez ere Latasatik behera. Arazoa ez da oraingoa, gainera, bizilagunen arabera, azken 25 urteotan gertatu baitira isuriak. Isuri horiek kalte egin diote ibaiko eta inguruko faunari. 2012. urtean, adibidez, minda isuri batek 2.000 arrain baino gehiago hil zituen Ultzama ibaian.

Azken hilabeteotan gora egin du ekologisten eta bizilagunen kezkak, eta Ultzama ibaiko minda isuriak Nafarroako Parlamentura iritsi dira. Ultzamak ukitzen dituen herrietako udaletan ere ohartarazi dute isurien arriskuaz, eta Atarrabiakoan, bertzeak bertze, mozio bat onartu dute Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari eskatzeko esku har dezala, eta kontrola ditzala haztegietako minda isuriak.

Zurekin Nafarroa taldeak ere neurriak har ditzala eskatu dio Nafarroako Gobernuari, eta «urgentziazko plan bat» behar dela nabarmendu du isuriak «behin betiko» gelditzeko. Zurekin Nafarroa taldeko bozeramaile Carlos Guzmanek salatu dute azken isuriak duela hamabost egun gertatu zirela. «Maiz gertatzen» direla erantsi du, eta egoera hori «onartezina» dela.

Guzmanek «baliabideak» eskatu ditu minda isurien auziari heltzeko: «Behar da dirua, eta behar da jendea lanean arazo horri aurre egiteko». Egungo sistema kapitalista «harrapariaren» testuinguruan kokatu du Zurekin Nafarroa taldeko bozeramaileak arazoa: «Erakunde publikoek zorrotz jokatu behar dute, eta ongi zaindu hondakinen kudeaketa, anitzek ez baitute ingurumen legeak betetzeko inolako asmorik». Guzmanek «kezkagarritzat» jo du legea urratzen dutenen «zigorgabetasuna», isurien aurka hamaika salaketa jarri arren, isuriak ez baitira gelditu.

Amonio nitratoa

Ekologistek eta bizilagunek urteak daramatzate mindarekin gertatzen denaren berri zabaltzen eta salatzen. Ebroko Ur Konfederazioko, Nafarroako Gobernuko eta Guardia Zibilaren Natura Babesteko Zerbitzuko arduradunengana jo dute, baina inork ez du lortu, orain arte, isuriak gelditzea. Ultzamara botatzen duten mindak ibaiko faunari egiten dio kalte zuzenean, uretan dagoen amonio nitratoaren mailak gora egiten baitu.

Azken hilabeteotako salaketen ondorioz, Nafarroako Gobernuko teknikariak Ultzama ibaiaren egoera aztertzen aritu dira martxoan, eta, ikerketa horren behin-behineko ondorioen arabera, Ultzama ibaiaren gaineko presioa «handia» da, eta amonioaren maila legez araututako mugaren gainetik dago, «nabarmen», gainera. Latasan dago kontrolak egiteko estazioa.

Isuriek ibaiko faunari eragin diote, eta ekologistek eta bizilagunek salatu dutenez, eragindako kaltea «agerikoa» da, batez ere, Enderitz herritik aurrera: «Espezieen biodibertsitateak behera egin du nabarmen. Fauna desagertu da ibaiko hainbat gunetatik. Soraurenen, adibidez bioaniztasuna hutsaren hurrengoa da», azaldu dute.

«Erakunde publikoek zorrotz jokatu behar dute, eta ongi zaindu hondakinen kudeaketa, anitzek ez baitute ingurumen legeak betetzeko inolako asmorik». CARLOS GUZMAN
 Zurekin Nafarroa taldeko bozeramailea

Zurekin Nafarroa taldeko Carlos Guzmanek nabarmendu du minda isuriak Ultzama ibaian egin arren isuri horien eragina ez dela bakarrik ibai horretan sumatzen; izan ere, Atarrabian Arga ibaiarekin egiten du bat Ultzamak, eta Argak, gero, Ebro ibaiarekin: «Kutsadura ibai batetik bertzera garraiatzen du urak», erran du Guzmanek.

Zurekin Nafarroako kideak berretsi du Ultzama ibaiko minda isurien auziak konponbide bat behar duela «berehala». Ekologistek eta bizilagunek ere isuriak «behingoz» gelditzeko neurriak har ditzatela eskatu diete Nafarroako Gobernuko arduradunei. Arazoa ez delako oraingoa, eta badelako konpontzeko garaia.