Urte bateko lana urte erdian egin behar izan dute; horixe nabarmendu du Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzi Maider Belokik, aurtengo hiriburuko sanferminak prestatzeko prozesuari buruz. Izan ere, Iruñeko udal-gobernu taldea aldatu da, iazko bestak ospatu zituztenetik: EH Bilduko Joseba Asironek ordezkatu du UPNko Cristina Ibarrola alkatetzan, abenduan aurkeztutako zentsura mozioaren ondorioz. Udal-gobernu talde berria, beraz, urtarrilean hasi zen aurtengo sanferminak antolatzen. «Hutsetik hasi gara», erran du Belokik.
[articles:2126131]
Txupinazoa, entzierroak, zezenketak, prozesioa, kontzertuak, su bestak, dantzaldiak… Ekitaldi horiek guztiak ageri dira, urtez urte, Iruñeko sanferminetako egitarauan. Egitura zurrun horrek aldaketarako tarte txikia uzten du. Egon badaude, halere. Hiriko eragileek sumatu dituzte: Herri Sanferminak eta aniztasunaren aldeko kolektiboak hirigunera itzuliko dira, eta, gainera, bozketa bidez erabakiko dute aurtengo bestetako txupinazoa nork bota. Iruñean erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek igandera bitarte dute botoa emateko aukera; Duguna Iruñeko Dantzariak, Desgaitasunen Bat Duten Emakumeen Nafarroako Elkartea, San Joan Jainkoarena ospitalea, Fraile Anai-arrebak gaiteroak eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioa dira hautagaiak.
«Eragileekin hitz egin dugu, eta akordioak lortu ditugu; eskatu dituzten espazioak izanen dituzte».
MAIDER BELOKI Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzia
«Segida eman nahi diogu 2015-2019ko agintaldian hasi genuen lanari», erran du Belokik. 2019an, Navarra Sumako Enrique Maiak lortu zuen Iruñeko alkatetza, eta iazko maiatzean, berriz, UPNko Cristina Ibarrolak hartu zuen aginte makila. 2020an eta 2021ean, koronabirusaren pandemiak bertan behera utzi zituen sanferminak. 2022an itzuli ziren, baina Maia alkateak hirigunetik kanpo bidali nahi izan zituen Herri Sanferminak eta dibertsitatearen aldeko kolektiboak. Eragileok uko egin zioten udalak Runako parkean eskainitako tokiari, eta udalaren «bazterketa» salatu zuten.
Herri Sanferminak Alde Zaharrera itzuliko dira aurten, Oko Andre Mariaren plazara; dibertsitatearen aldeko kolektiboak, berriz, 2017tik 2019ra baliatu zuten Antoniutti parkean izanen dira, berriz ere. «Aurreko agintaldian Sanferminetako Mahaian egindako lanaren bidetik, parte hartzea sustatu nahi izan dugu», azpimarratu du Maider Belokik. Espazioak erabiltzeko eskariak Sanferminen Mahaian jaso zituzten lehendabizi, hain zuzen, eta udalak aztertu eta gero, tokiak banatzeko proposamena egin zuen. Herri Sanferminekin eta dibertsitatearen aldeko kolektiboekin batera, Nafarroako Ikastolen Elkartea eta Nafarroako eskualdeetako etxeak hirigunean izanen dira: ikastolak Vistabellan, ohi bezala, eta eskualdeetako etxeak Basotxoan. «Eragileekin hitz egin dugu eta akordioak lortu ditugu; eskatu dituzten espazioak izanen dituzte», berretsi du Belokik.
Herri Sanferminetako plataformak iazko bestetan egindako bazkaria, Iruñeko Oko Andre Mariaren plazan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iruñeko Udalaren eta hiriko eragileen arteko «komunikazioa» eskertu du Iruñeko Peñen Federazioko lehendakari Rakel Arjolek, hain zuzen ere: «Guk ere hainbat kontu zehaztu eta jorratu behar izan ditugu udalarekin, eta harremana ona izan da; gurekin eta beste hainbat eragilerekin komunikazio ona izan da».
«Irisgarriagoak»
Sanferminek hartzen ohi dituzten espazio nagusiei buruz, aldaketarako aukerarik ez dela izan azaldu du Belokik. Erantsi du, halere, «gogoeta egiteko beharra» badela. Kultura zinegotziak erran du, batez ere, Gazteluko plazaren erabilerari buruzko hausnarketa egin behar dela: «Alde Zaharra tentsio handiko eremu bat da; gogoeta egin beharko dugu, eta alternatibak jorratu».
Belokik parte hartzearen alde egin du besta eremuen inguruko gogoeta hori garatzeko ere. Herritar guztiek ez dute sanferminetan parte hartzeko aukera bera, halere; desgaitasunen bat duten pertsona anitzentzat Iruñeko besten barruko jarduera asko ez dira irisgarriak, hain justu. Belokik garbi erran du «lan handia» dutela egiteko, baina nabarmendu nahi izan du Cermin desgaitasunen bat duten pertsonen elkarteen Nafarroako batzordearekin protokolo bat lantzen ari direla, sanferminak «irisgarriago» bilakatzeko. «Aurten, adibidez, plataforma bereziak jarriko ditugu entzierroak ikus ditzaten».
Zezenketen inguruan Iruñeko Udalak ez du gogoeta prozesurik abiatu, oraingoz.