Iruñeko Abarzuza liburu eta paper dendak 31 urteko bidea egin du. Marcela Abarzuzak eta Rafael Rodriguez haren senarrak erretiroa hartu berri dute, eta ez dute inor aurkitu eurek hasitako bideari segida emateko. Oroigarri denda bat da orain. Abarzuza (Iruñea, 1959) gurasoek Kale Berrian zuten liburu dendan hazi da, eta gogorra egin zaio agurra.
Gogorra izan da bukaera?
Bai; ez nuen uste halakoa izanen zenik. Orain ongi nago, baina gaizki pasatu dut. Jende asko etorri da guregana agurtzera, eta horrek asko hunkitu nau. Esker ona besterik ez dut gure bezero izandako guztientzat. Gure lana besterik ez dugu egin.
Nafarroako Liburu Azoka egin dute berriki Iruñean. Egon zara?
Ez. Nahita erabaki nuen Iruñetik kanpora joatea. Gogorra zen, aldaketa handiegia. Kanpoan bizi den ahizpa bati bisita egitera joan nintzen, liburu azokan saltzaile gisa ez egotea gogorregia baitzen niretzat.
Nolabaiteko dolua pasatzen ari zara?
Hori sentitzen dut, bai, dolu baten moduko zerbait. Ezin dut beste modu batera kudeatu. Kanpora joateak on egin dit, hemen gelditzea oso mingarria baitzen.
Sanferminak ere bereziak izaten ziren Abarzuza liburu dendan. Aurtengo bestei beldurra diezu, nolabait?
Ez dut uste hain mingarria izanen denik, baina egia da orain arte urtero izan ditugun ohiturak galduko ditugula, halabeharrez.
«Amak ez zuen ikasi, baina jakin-min handia zuen, eta berehala moldatu zen dendako martxara»
Goizean goiz zabaltzen zenuen denda, ezta?
Bai. Hasieran, bostak aldera. Pertsiana erdizka igotzen genuen, entzierroko konfiantzazko korrikalari batzuei egunkaria saltzeko. Giltzak eta gisakoak dendan uzten zituzten, eta entzierroa amaituta, bila itzultzen ziren. Kontua da hasieran gutxi batzuk etortzen zirela, baina, azken urteotan, konfiantzazko korrikalariak asko ziren! 31 urte egon gara San Domingo kalean, eta dendako ezagunak lagun bilakatu dira.
Sanferminzalea zara?
Entzierroa ez dut ikusten, baina sanferminak gustatzen zaizkit. Batez ere, goizeko giroa: erraldoiak, prozesioa… Oso folklorikoa naiz! Hamaiketakoak eginen ditugu aurten ere. Eta panderoa jotzen aterako naiz! Urrian eman nuen izena panderoa jotzen ikasteko, eta, hasiberria banaiz ere, sanferminetan kalean ariko naiz jotzen.
Erretiroa hartuta, nostalgiak harrapatu al zaitu?
Nostalgia handia nabari dut. Pena handia dut ez dugulako inor aurkitu dendan lanean segitzeko. Horrek zapore gazi-gozoa utzi dit. Bi urtez saiatu gara lekukoa hartuko zuen norbait aurkitzen, baina, azkenean, gauza batengatik edo bestearengatik, interesa izan dutenek atzera egin dute, eta dendak ezin izan du bere horretan segitu. Interesa zutenek atzera egin dute burokraziarekin nekatu direlako eta bankuetan zailtasunak baino ez dituztelako aurkitu.
Alde Zaharrean, atea itxi duten denda anitz ikusi dituzu?
Bai, eta oso azkar, gainera. Dena aldatzen ari da. Auzoetako dendak oso garrantzitsuak dira, auzoa egiten laguntzen baitute. Komunitatea osatzen laguntzen dute. Jendeak eskertzen du hurbiltasun hori. Alde Zaharra ezagutzen dut nik, eta hemen bakardade handia dago. Askok dendara joateko aitzakia aprobetxatzen zuten norbaitekin hitz egiteko. Harreman estuak sortzen dira solasaldi horien bidez, eta hori ez da gertatzen denda handietan.
Merkataritza gune handi horien eredua nagusitzen ari da, ordea?
Bai, gero eta toki handiagoa hartzen ari dira. Eta nik pena handia dut, auzoan segitzen baitut, hemen bizi naiz, eta bezeroekin izan dudan harreman mota hori izan nahi dut auzoko beste dendariekin ere. Ez dut denda handietara joan nahi. Harreman hurbil horri eutsi nahi diot.
Marcela Abarzuza, Iruñeko Kale Berriko 81. zenbakiaren aurrean, hilaren 13an; han zuten haren gurasoek liburu denda. IÑIGO URIZ / FOKU
Erran izan duzu amak irakatsi zizula harreman horri duen balioa ematen. Eredu izan zenuen?
Amak asko irakatsi dit. Beti esaten zidan jendeak etxean sentitu behar zuela dendara etortzen zenean. Eta hori zen gure helburua. Beti saiatu naiz bezeroak ongi zaintzen; batez ere, haurrak eta nerabeak. Halakoa naiz. Eta ama ere halakoa zen: jendea zaintzea maite zuen. Nik amari esker egin dut egin dudan bidea. Gure dendako bihotza zen.
Zuena ireki baino lehen, gurasoek Iruñeko Kale Berrian zuten liburu dendan aritu zinen amarekin, hain zuzen. Han hasi zen zure bidea?
Bai. Aitona udaletxeko atezaina zen… Istorio luzea da!
Kontatu, kontatu…
Amak Ceferina Fontellas izena zuen. Beuntzan jaio zen, eta handik etorri zen Iruñera, zerbitzari aritzera, 12 urterekin. Etxez etxe aritzen zen. Garai hartan, udaletxeko atezaina udaletxean bertan bizi zen, goiko solairuan, eta han ezagutu zituen amak nire aitona eta aita. Aitona alarguna zen, eta aitarekin bizi zen, seme gazteena baitzen. Ama etxeko lanak egitera joan zen. Aitak liburu denda bat zuen Kale Berrian, eta han aritzen zen lanean. Ama hasi zitzaion bazkaria eramaten, eta aitak bazkaldu bitartean, bezeroak artatzen zituen.
Liburu saltzaile bilakatu zen?
Amak ez zuen ikasketarik; 7 urterekin, etxeko eta herriko beste familia batzuen behiak hartzen zituen mendira eramateko. Ez zuen ikasi, baina jakin-min handia zuen, eta berehala moldatu zen dendako martxara. Gurasoak ezkondu, eta bost seme-alaba izan zituzten. Ni naiz zaharrena. Aita, baina, oso gazte hil zitzaigun, 45 urterekin, eta ama bakarrik gelditu zen gurekin.
Ez zen egoera samurra izanen, ezta?
Dendak zor handiak zituen, eta amak aurre egin behar izan zien. Amak oso gaizki pasatu zuen, baina indar handiko emakumea zen, eta lortu zuen aurrera egitea. Dendan aritzen zen, eta, soldata osatzeko, gainera, brodatuak egiten zituen.
SANFERMINAK. Marcela Abarzuza —eserita, ezkerretik bigarrena— 2022ko Iruñeko sanferminetan, San Domingo karrikako bere liburu dendaren aurrean. Iruñeko bestak lagunek bat egiteko aitzakia izan dira Abarzuza liburu dendako jabearentzat, 1993an ireki zutenetik. Aurten erretiroa hartuta ospatuko ditu sanferminak. NAFARROAKO HITZA
Dendari bere ukitua eman zion?
Aita 1967an hil zen; hamarkada hartan, amak aitari proposatu zion dendan euskal kulturarekin lotutako liburuak nabarmentzea, euskal gaia jorratzen zutenak. Aitak amari esaten zion nahi zuena egiteko, eta hala hasi zen garai hartan zegoen hura ekartzen: hiztegiak, gramatikak, bertso liburuak… Erakusleihoan jartzen zituen. Ama euskalduna zen, eta Iruñera etorri zenean, ia ez zekien gaztelaniaz. Gaizki pasatu zuen. Autobus geltokira joaten zen, euskaraz egin ahal izateko norbaiten bila. Beuntzatik etortzen zen autobusaren zain egoten zen han. Dendan, bitan egin ziguten eraso euskarazko liburu horiek jartzeagatik.
Zer gertatu zen?
Behin, erakusleihoko kristala apurtu ziguten harri batekin. Gogoan dut salatzera joan, eta poliziek barre egiten zigutela. Gero, 1977an, bigarrenez egin ziguten eraso: svastikak margotu zizkiguten dendako erakusleihoan eta gure autoan. Gaizki pasatu genuen, amak bereziki. Baina ez zituen liburuak kendu.
Amarengandik jaso duzu euskaltzaletasuna?
Bai. Aitak ez zekien euskaraz. San Domingoko denda ireki genuenean, garbi genuen amak Kale Berrian hasitako bidetik segituko genuela, eta, bereziki, euskal gaien eta euskal liburuen alde eginen genuela; batez ere, Nafarroakoak. Zaindu ditugu gai horiek, eta zaindu ditugu hemengo idazleak ere. Berezitasun hori bilatu dugu beti. Haur eta gazte literatura ere asko zaindu dugu, inportantea izan delako niretzat irakurzaletasuna sustatzea haurren eta nerabeen artean.
Txikitan, zuk denbora anitz pasatzen zenuen amaren dendan?
Jaio nintzenetik han ematen nuen egun osoa. Etxean baino gehiago egoten ginen dendan! Eskolatik atera, eta dendara joaten ginen. Liburuak han utzi, eta San Frantzisko plazara joaten ginen bostak jolastera.
«Behin, erakusleihoko kristala apurtu ziguten; gero, svastikak margotu zizkiguten dendan eta autoan»
Eta noiz hasi zinen han lanean?
14 urterekin edo. Etxean denok garbi genuen ama lagundu behar genuela, eta ni nintzen alaba zaharrena. Ez nintzen batere ikasle ona, eta irakurtzea ere ez zitzaidan gustatzen! 13 urterekin, baimen bat eman zidaten eskolan, eta atsedenaldian ama laguntzera joaten nintzen. Ni pozik!
Noiz piztu zitzaizun irakurtzeko zaletasuna?
16 urterekin edo. Eta oroitzen naiz zer libururekin zaletu nintzen: Felix Urabaienen El barrio maldito. Ohitura eleberri bat zen, eta asko gustatu zitzaidan. Liburu horrekin zaletu nintzen, eta, geroztik, ezin izan diot irakurtzeari utzi! Irakurtzea plazera dela erakutsi zidan liburu horrek. Uste dut denok dugula zaletasuna piztuko digun liburu bat; aurkitzea da kontua. Dendara etortzen ziren gurasoei gauza bera esaten nien beti: nork bere liburua aurkitu behar du.
Noiz arte egon zineten Kale Berrian?
Amak 1990ean itxi zuen denda, baina nik lehenago alde egin nuen. Senarra eta biok [Iruñeko] Xalbador liburu dendan hasi ginen. Bederatzi urtez aritu ginen han, eta 1993an Abarzuza ireki genuen, San Domingon. 31 urte eman ditugu han.
Amak laguntzen zizuen dendan?
Bai, gurekin bizi zen, eta egunero etortzen zen dendara. Gustura egoten zen. Pentsatu nahi dut gurekin zoriontsu izan zela.
motzean
Liburu bat? Felix Urabaienen El barrio maldito izan zen lehena, eta berezia da horregatik. Asko gustatu zaidan beste bat da El llanto de las amapolas, Amaia Olorizena.
Euskarazko bat? Dendaostekoak, Uxue Alberdirena. Bat egiten dut kontatzen duen istorioarekin.
Iruñeko txoko bat? Burura etortzen zait San Frantzisko plaza, haurtzaroko gure plaza. Eta umez beteta segitzen du, zoragarria da!
Plan bat sanferminetarako? Goizak gozatzea, goizeko giro horretan murgiltzea. Dendaren aurrean mahaiak jartzen genituen hamaiketakoa egiteko, eta aurten ere eginen dugu.
Erretiroa hartu eta gero, zer? Alde Zaharrean badira auzoko beharrei so egiten dieten kolektiboak, eta boluntario aritzeko asmoa dut.