Zeruari so dira Leringo herritarrak

Zeruari so dira Leringo herritarrak

Herri bakoitzak bere berezitasunengatik dauka fama; esaterako, Lodosak piperrengatik, Tuterak orburuengatik eta Lerinek izarrengatik. Izan ere, izarrei begira egoteko leku aproposa da Lerin. Startlight fundazioaren ziurtagiria lortu duen Euskal Herriko lehenengo herria da. Horrek esan nahi du zerua babesteko neurriak hartzen dituela herriak, hala nola argi kutsadura murriztuz. Ziurtagiri horrek egiaztatzen du zeruaren kalitatea «paregabea» dela. Hori dela eta, astroturismoa eta turismo zientifikoa sustatzeko asmoz, VIII. Lerin Izar Lurra jardunaldiak egiten ari dira egunotan. Atzo gauean hasi ziren jarduerak, eta igandera arte iraungo dute. 

Leringo Udalak eta Lizarraldeko Partzuergo Turistikoak antolatzen dituzte jardunaldiak, eta Javier Armentia Iruñeko Planetarioko zuzendaria eta Teresa Cruz Sanchez Descubre fundazioko zuzendaria ari dira proiektua gidatzen. Egitarau zabala antolatu dute, eta goizez, arratsaldez eta gauez eginen dituzte jarduerak. Behaketa astronomikoak, ibilaldi geologikoak, matematikoak, solasaldiak, argazkilaritza tailerrak eta beste gauza asko eginen dituzte. Horietako batzuk Lerinen bertan dira, eta beste batzuk, inguruan: «Guretzat garrantzitsua da herritik atera ezin direnek ere parte hartu ahal izatea», esan du Cruzek.

Antolatzaileentzat, «nahitaezkoa» da herritarrek parte hartzea. Horregatik, uste dute beharrezkoa dela Leringo herritarrek zerua zein garrantzitsua den ulertzea: «Irakatsi nahi genien zergatik den garrantzitsua argiztapena aldatzea eta zer-nolako garrantzia daukaten astroturismoak eta beste gauza batzuek. Jardunaldiak egitea hori lantzeko bidea izan zitekeela pentsatu genuen». Horretarako, uste dute «beharrezkoa» dela ostalariek ere parte hartzea, eta, beraz, urtero ostalariek astronomiarekin loturiko jakiak atera eta dastaketa zientifikoak egiten dituzte. 

«Edozein herrirentzat da ona astroturismoa, baina Lerinen gisako herri batentzat, are gehiago» 
TERESA CRUZ SANCHEZ Lerin Izar Lurra jardunaldien antolatzailea

Adin guztietako jendeak parte hartzen du, baina gazteengana hurbiltzea «bereziki zaila» dela azaldu du Cruzek: «Ez daukate horrelako jardueretan parte hartzeko ohiturarik, eta, agian, orain arte formatuak ez du gazteekin funtzionatu». Horregatik, esperimentu moduko bat egin zuten atzo, Teknologiarako eta Zientziarako Espainiako fundazioak zientzia eta argazkilaritza uztartzen dituen Fotociencia (Fotozientzia) argazki lehiaketako argazkien bidez: DJ Budin artistak eta Ane Otxoa Etxeberria ikerlariak argazki horiek proiektatu, musikaz girotu eta argazki bakoitza zer den azaldu zuten.  

Turismorako bide berriak

Cruzen arabera, horrelako jardunaldiek turismorako bide berriak irekitzen dituzte: «Lehen, jendeak ostatu onak zeuden lekuetara bidaiatzen zuen; azken urteetan, aldiz, jendeak gehiago jakin nahi du zer egin daitekeen oporretara doan lekuan». Hori herriarentzat onuragarria dela dio, «kalitate handiko» jarduera ugari antolatzen dituztelako eta berrikuntza turistikoak egiten ari direlako: «Leringo herritarrak oso harro sentitzen dira. Gainera, bestelako egoeretan ezagutuko ez lituzketen maila handiko zientzialariak ezagutzeko aukera izaten dute. Edozein herrirentzat da ona astroturismoa, baina Lerinen gisako herri batentzat, are gehiago, zahartzen ari baita eta jendea kanpora baitoa. Pertenentzia sentsazioa ematen dizu, eta munduan kokatzen laguntzen du».

Proiektuarekin hasi zirenean, duela zortzi edizio, Consuelo Otxoa Resano zen Leringo alkatea. Cruz sortzez Leringoa bada ere, 30 urte inguru zeramatzan Lerindik kanpo bizitzen jardunaldiak lehen aldiz egin zituztenean. Andaluzian (Espainia) sortzen ari ziren zenbait proiektu astronomikotan lanean ari zen, eta Leringo alkate Otxoari deitzea erabaki zuen. Esan zion Lerin herri nekazaria izanik eta industrializazio gutxi duenez aproposa izan zitekeela astroturismoa bultzatzeko: «Alkatea oso ausarta izan zen, eta aipatu zidan herritar guztiak elkartzeko proiektu baten premia zutela, herria bitan bananduta zegoela eta». Hortaz, Lerin Izar Lurra sortzea erabaki zuten. 2017an izan zen lehen aldia.

Andaluziatik sustatutariko proiektu bat izanik, hizlari gehienak hangoak ziren hasieran. Gerora, geroz eta zientzialari nafar gehiagok parte hartu izan dute. «Ikusi genuen nekazari herri batek horrelako proiektu turistiko bat bultzatzea apustu ikaragarria zela», esan du Cruzek. Bide horretatik jarraitzeko asmoa daukate, eta zeruari so egoteko ilusioz dira. 

Egitaraua

GAUR

10:00. Astroargazkigintza tailerra. Pilar Ureta aretoan. 
11:00. Antzerkia: Estoy histórica (La teoría de Sphie). Tdiferencia. Frontoiko plazatxoan.
12:00. Lerin Izar Lurra jardunaldiak inauguratzeko ekitaldia. Udaletxean.
17:30. Zientzia tailerrak. Igerilekuan.
17:30. Mahai ingurua, klima aldaketari buruz. Frontoian
 

BIHAR

09:00. Ibilaldi geologikoa. Udaletxetik.
10:30. Matematikari buruzko ibilaldia.
20:00. Zientzia eta astronomiari buruzko mahai ingurua. Frontoian.
23:00. Musika eta astronomia: Iruñeko Planetarioko zuzendari Javier Armentia eta Leringo udal musika banda. Cazorla gotorlekuan.
 

ETZI

10:00. Eguzkiari behatzeko saio astronomikoa. Udaletxeko plazan.
12:30. Jardunaldiak amaitzeko mahai ingurua, arkeologiari buruz. Frontoian.