Elkarrekin hegan egiteko bidea

Elkarrekin hegan egiteko bidea

«Badra eta Eider ezagutzean, ohartu nintzen txorien eta gizakien munduak ez direla hain desberdinak, ezagutu eta berehala elkarrekin hegan egiten hasi baitziren». Hori da Iñigo Avilak zuzenduriko Kabia film laburrean entzun daitekeen esaldietako bat, Badra Mehdauik eta Eider Arcok duten harremana deskribatzen duena. Fikziozkoak ez, egiazkoak dira bata eta bestea, eta egiazkoa da, hortaz, haien arteko harremana ere. Dokumental bat baita Kabia, arreta Mehdauirengan eta Arcorengan jarria duen film bat. Bi-biek, beste hainbat pertsonarekin batera, Lantxotegi elkarteak antolaturiko Kabia proiektuan parte hartu zuten, eta harreman sendoa garatu. Filmean ikus daiteke Lantxotegik bultzatutako proiektuari esker jatorri ezberdinetako gazteek elkar ezagutzeko aukera dutela, eta aisialdiaz gozatzen dutela. Ez alferrik, Avilak nabarmendu baitu dokumentalaren «mezu nagusia» dela erakustea Iruñea «harrera hiria» dela. Prozesu luze baten ondoren, laster zabalduko dute filma. 

Ezinbestean, Mehdauik eta Arcok bide ezberdinak ibili dituzte Iruñean bat egin duten arte. Arco Astigarragakoa (Gipuzkoa) da; ikasketak egiteko joan zen Iruñera, eta bertan geratu da. Mehdaui, berriz, Orangoa (Aljeria) da; ia hiru urte pasatu dira Iruñera iritsi zenetik, eta gaixo dagoelako utzi zuen bere herrialdea: «Dialisiak egin behar ditut, giltzurrunetan arazoak ditudalako. Nire osasuna hobetzeko etorri nintzen hona». Iruñera iritsi zenetik, askotariko bizipenak izan ditu. Eta ezinbestekoa da aipamen hau: nabarmen jasan du arrazismoa hirian. «Zapia janzten dudanez, jendeak aurpegi bereziarekin begiratzen dit. Iruñera iritsi berritan ere, batzuek ez zuten nirekin hitz egin nahi». Min horren kontrastean, haren zaletasunetako bat antzerkia dela nabarmendu du Mehdauik, «oso ongi» pasatzen duela antzerkia egitean, eta, hain zuzen ere, horri esker ezagutu zutela elkar berak eta Arcok, Iruñeko antzerki talde batean.

Hala ere, antzerkitik kanpoko jarduera bati esker ezagutu zuen hobeto Mehdauik Arco; zehazki, Lantxotegi elkartearen Kabia proiektuko Harrera kuadrillak deituriko jardueran. Lantxotegi 1983an Berriozarren sorturiko irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta gizarte bazterketa jasateko arriskuan daudenekin lan egiten du. Hezkuntza formaleko eta ez-formaleko programak egiten ditu elkarteak, eta bigarren multzoan dago Kabia proiektua.

Proiektu komunitario bat da Kabia, eta pertsona migratuen eta bertako pertsonen arteko topaketak bultzatzen ditu, «gizarteratzea sustatzeko». Programaren barruan egiten diren jardueretako bat dira harrera kuadrillak; migranteek eta bertakoek kuadrilla bat osatzen dute sei hilabetez, eta aisialdiko jarduerak egiten dituzte elkarrekin. Kuadrillen egitasmoa sortu zutenetik, hainbat aldiz osatu dituzte talde horiek; gaur egun, bederatzigarren kuadrilla egiten ari dira.

Esperientzia «aberasgarria»

Mehdaui, Arco eta Avila Kabiako zazpigarren kuadrillan izan ziren elkarrekin, eta talde horrek egindako hainbat jarduera ikus daitezke Kabia dokumentalean, hain zuzen. Avilak aurrez ere hartu zuen parte Kabian, duela bi urte, eta preseski horrek bultzatu zuen filma egitera: «Esperientzia oso aberasgarria eta polita iruditu zitzaidan, eta pentsatu nuen dokumental bat egin zitekeela horren inguruan».

Badra Mehdaui, Kabia dokumentaleko irudi batean. SAGONE FILMS

Zazpigarren kuadrilla osatu zutenean ezagutu zuen Avilak Arco; Mehdaui, berriz, lehenagotik ere ezagutzen zuen. «Iturraman parrandan ezagutu nuen Badra», adierazi du Avilak. Gehitu du Mehdauik orduan esan ziola ez zuela izena emango Kabian parte hartzeko; baina animatu zen azkenean. «Antzerkiko zenbait lagunek Kabiako seigarren kuadrillan parte hartu zuten, eta esan zidaten oso polita zela. Zenbait bideo ere ikusi nituen, eta esperientzia hori bizitzeko nahia piztu zitzaidan, horrela jende gehiago ere ezagutzeko», oroitu du Mehdauik.

«Esperientzia hori bizitzeko nahia piztu zitzaidan, horrela jende gehiago ere ezagutzeko»

BADRA MEHDAUI ‘Kabia’ dokumentaleko protagonista

Kabiako kuadrillen jardueran bizitako momentu berezienak gogoratu dituzte Mehdauik eta Avilak, eta biek aipatu dute asteburu batean egin zuten kanpamentua. Mehdauik adierazi du egun haietan «oso ongi» pasa zutela, eta esan du Iruñean dagoenetik izan dituen momentu berezienetako bat izan zela hura. Hain zuzen ere, Avilak asteburu hartan egindako hainbat jarduera jaso ditu orain argia ikustear den dokumentalean; esaterako, egin zituzten jolasak, otorduak eta bilerak. Eta proiektuaren atzean dagoen lana ere islatzen da lanean hala; ez zoriz. Avilak nabarmendu du Kabiako arduradun Arantxa Caminosek eta Marta Jimenezek asteburu hori ongi prestatzen dutela: «Asteburu zoragarri bat prestatzen digute». Horrez gain, esan du asteburu hori «burbuila» baten modukoa izan zela, eta gero gogorra egin zitzaiola «errealitatera itzultzea».

Kabia proiektuak dakarrenaren inguruan hausnartu du Avilak: «Zazpigarren kuadrillan Badra eta beste hainbat lagun ezagutu nituen. Segur aski, beste modu batean ez nituen ezagutuko, zaletasun eta kultura desberdinak ditugulako». Mehdauik ere esan du kuadrilla horren parte izateak lagun berriak egiteko aukera eman diola, eta, horrez gain, Iruñeko gune berriak eta kultura berriak ezagutu dituela. Izan ere, Kabia proiektuaren bitartez Lantxotegi elkarteak bilatzen dituen gauzetako bat da kultura trukeak gertatzea, eta horrela «estereotipoek indartutako oztopoak ezabatzea». Avilak eta Mehdauik onartu dute kuadrillen egitasmoaren bitartez gertatu dela kultura truke hori. «Hemengo jendeak ez du ezagutzen gure kultura, eta guk ere ez dugu ezagutzen haiena. Elkarren kulturak eta gauza gehiago ezagutu ditugu», adierazi du Mehdauik.

Arco eta Mehdaui, filmeko irudi batean. SAGONE FILMS

Hala ere, sei hilabetez aisialdiko jarduerak egiteaz eta loturak sortzeaz gain, Kabiaren helburuetako bat da proiektuak irauten duen bitartean sortzen diren harremanei eustea. Avilak eta Mehdauik kontatu dutenez, nabarmen lortu dute xede hori. Mehdauik esan duenez, afariak egiten dituzte askotan. Gainera, Avilak azaldu duenez, hainbat kuadrillatako kideek —alegia, aldi diferenteetan izandakoek— harremana ere izaten dute, nahastu egiten direlako.

Enpatizatzeko ariketak

Kabia proiektuan egiten dituzten ekintzen barruan, gainerakoekin enpatizatzeko jarduerak ere egiten dituztela ikus daiteke Kabia filmean. Egin zuten kanpamentua gogoratu du berriz Avilak; azpimarratu du Kabiako arduradunek jarduera hori prestatzen dutela gainerakoekin enpatizatzeko, eta horrela pertsonek elkar ezagutu ahal izateko. Kanpamentu horretan egindako ariketa jakin bat nabarmendu du: «Gutun bat idazteko eskatu ziguten, gure familia eta herrialdea utziko bagenitu bezala, noiz itzuliko ginen jakin gabe. Ariketa hori oso hunkigarria izan zen, eta denok negar asko egin genuen egun hartan». Avilak esan du dokumentalak ere bilatzen duela Mehdauik eta Arcok elkarrekin enpatizatzea.

«Gaur egun, faxismoa geroz eta indar handiagoa hartzen ari da, eta dokumental hau politika egiteko modu bat ere bada»

IÑIGO AVILA‘Kabia’ filmaren zuzendaria

Filmaren bitartez, jendeak Kabia zer den ezagutzea nahi du Avilak, eta horren gisako ekinbideak beste herri batzuetan ere egitea. Filmak mezu politiko bat ematen duela azaldu du: «Gaur egun faxismoa geroz eta indar handiagoa hartzen ari da, eta dokumental hau politika egiteko modu bat ere bada. Zinemaren bitartez, balioa eman nahi izan diegu pertsona migratzaileei, eta horien artean bereziki pertsona magrebtarrei, horiek jasaten baitute gaur egun arrazismo gehien». Hala ere, Avilak esan du filmaren «mezu nagusia» dela erakustea Iruñea «harrera hiria» dela. «Itxaropen mezu bat ere helarazi nahi izan dugu, eta filmaren bitartez erakutsi nahi dugu elkar ezagutu dezakegula, pertsona normalak garela, eta guztiok ditugula bete nahi ditugun ametsak», gehitu du Avilak.

Kabia proiektuan parte hartzea gomendatu du Mehdauik: «Ezagutzen dudan edonor gonbidatzen dut esperientzia bizitzera».

Avila eta Mehdaui, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU