244 urtean denbora neurtzen

244 urtean denbora neurtzen

«Herritarrei esker». Horixe nabarmendu du Xabier Alvarezek: Orrioko (Ezkabarte) elizako dorre erlojuak «herritarrei esker» segitzen duela martxan. 1780koa da, eta, geroztik, bizilagunak arduratu dira, egunero, erlojuari giltza emateaz. Erloju hori, beraz, 244 urtean aritu da denbora neurtzen. «Oraindik martxan dauden Nafarroako dorre erlojuen artean zaharrena da, eta [Espainiako] estatuko zaharrenetakoa», erran du Alvarezek. Maiatzean, Nafarroako Dorre Erlojuen Lagunen Elkartea sortu zuten, eta hura da kideetako bat. Herrialdeko dorre erlojuen katalogoa osatu nahi dute.

Gipuzkoarra da Xabier Alvarez Ieregi, errementariz eta erlojugilez betetako Zumaiako familia batekoa: «1790etik, bost belaunaldi», zehaztu duenez. Errementari eta erlojugile ziren arbaso haiek egindako lana «balio handikoa» dela nabarmendu du, hain zuzen: «Erlojugile bilakatutako errementariek bazuten jakinduria eta bazuten abilezia». Errementari bakoitzak bazuen erlojuak egiteko bere modua, eta osatutako piezetan utzi zuen nork bere estiloa.

Ieregitarrak bost belaunaldiz aritu ziren dorre erlojuak egiten, eta Alvarezen familiak pieza horien inguruan sortu du Ieregi elkartea. Dorre erlojuek piztutako zaletasunak Gipuzkoako mugez harago eraman du Alvarez, dena den, eta Nafarroan ere sustatu du, bertze hainbat kiderekin batera, dorre erlojuen aldeko lana babesteko elkarte bat. Zeregin horixe du Nafarroako Dorre Erlojuen Lagunen Elkarteak.

Laguntza eske

Alvarezek zalantzarik ez du Orrioko elizako dorre erlojua «altxor bat» dela. Halere, ez da Nafarroako bakarra. Zehazki zenbat dorre erloju dauden jakin nahi dute elkarte sortu berriko kideek, eta horregatik hasi dira katalogoa osatzeko lanetan. «Duela hogei urte inguru, egon zen Zangozan dorre erlojuen museo bat sortzeko proiektu bat, baina, azkenean, hutsean gelditu zen. Sustatzaileek hogei erloju inguruz osatutako zerrenda bat egin zuten, eta zerrenda hori hartuko dugu abiapuntutzat katalogoa osatzeko», kontatu du Alvarezek. «Denera laurehun, bostehun, seiehun… izan daitezke. Ez dakigu», erantsi du.

«Lanzko elizako erlojuak aspaldi galdu zuen kanpoko esfera, baina erlojua 
barruan zen» 
XABIER ALVAREZ IEREGI Nafarroako Dorre Erlojuen Lagunen Elkarteko kidea

Dorre erlojuen lagunek laguntza eskatu diete herritarrei, katalogoa osatzeko. «Herri batean edo bestean erloju bat badela edo izan zela dakitenek, esan diezagutela», eskatu du Alvarezek. Erakundeen babesa ere beharko dutela gaineratu du elkarteko kideak. Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea erakundeko arduradunekin bileraren bat egin dute jada, hain zuzen. Elkartea sustatu duten kideak, gainera, elkarlanean aritu izan dira Kultura Departamentuko kideekin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko arduradunekin, Iruñeko udaletxeko dorre erlojua zaharberritzeko.

«Iruñeko udaletxeko erloju zaharra Iruñeko Planetariora eraman zuten, eta zaharberritu eta gero, han ikus daiteke», kontatu du Alvarezek. Iruñeko herriko etxeko erloju zaharra 1827koa da. 1991n kendu zuten, eta oraingo erlojua jarri zuten haren ordez. Erloju zaharra 2021ean berritu zuten, orduko NUPeko Ingeniaritza ikasle Adrian Claverren zuzendaritzapean. Erloju zaharra berriz ere martxan jartzea lortu zuen. Iruñeko udaletxekoa ez da elkarteko kideen laguntzarekin zaharberritu duten erloju bakarra: Deikaztelu eta Muetz herrietakoak konpontzeko lanetan ere parte hartu dute. 

Egoera, «kaskarra»

Nafarroako Gobernuaren, udalen eta artzapezpikutzaren laguntza «ezinbestekotzat» jo du Xabier Alvarezek herrialdeko dorre erlojuak babesteko. Elkartearen helburuetako bat da dorre erloju horiek kultur interesa duten ondare izendatzea, «gal ez daitezen». Ezagutzea eta zaintzea da kontua, elkarteko kideek nabarmendu dutenez. Erlojuen berri izatea ez da beti erraza, ordea; zenbait herritan «ezustekoak» hartu dituztela kontatu du: «Lantzera joan ginen, uste baikenuen han dorre erloju bat bazela. Herriko jendeari galdetu, eta esaten ziguten ezetz, halakorik ez zela. Kontua da herri horretako elizako erlojuak aspaldi galdu zuela kanpoko esfera, baina erlojua barruan zen. Duela 30 urte inguru, gelditu egin zen, baina makina han zegoen».

Aranoko dorre erlojua. NAFARROAKO DORRE ERLOJUEN LAGUNEN ELKARTEA

«Erlojua makina bat da». Horixe nabarmendu du Alvarezek. Hasierakoek ez zuten esferarik, eta kanpaien bidez neurtzen zuten denbora. Arotzek egiten zituzten hasieran, eta Frantziatik ekartzen hasi ziren gero: «1880-1890etik aurrera, Frantziatik heldu ziren gehienak. Hemengo erlojugileek muntatu egiten zituzten», zehaztu du.

Nafarroako Dorre Erlojuen Lagunen Elkarteko kideak garbi erran du herrialdeko erlojuen egoera «kaskarra» dela. Azterketa zehatz bat egiteko beharra badela erantsi du, halere, eta katalogoa osatzea «funtsezkoa» dela horretarako. «Nafarroan dauden erloju guztien zerrenda osoa behar dugu, bakoitza nola dagoen jakiteko, eta behar diren zaharberritze lanak martxan jartzeko», nabarmendu dute elkarteko kideek. Erakundeen inplikazioa eskatu dute «ondarea babesteko»; herritarrena ere bai, «informazio jasotzeko». Herritarrek posta elektronikoaren bidez bat egin dezakete elkartearekin: Relojesdetorredenavarra@gmail.com.