Elga Molinak (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1983) urteak eman ditu sorterrian etxebizitzaren arloan lan egiten; esparru pribatuan eta publikoan aritu da, eta, joan den abuztuaren 19tik, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendari nagusia da. Iruñera etorri eta gero, herrialdeko tentsio handiko eremuak izendatzea izanen da Molinaren zeregin nagusietako bat. Horretan ari da lanean.
Landa Etxebizitza Publikoa plataformako kideek eskatu dute Nafarroako Gobernuak kontuan har ditzala landa eremuaren «behar zehatzak». Zer deritzozu?
Egia da landa eremuko errealitatea ez dela hiriko bera. Landa eremuan zailtasunak ditugu prezioak merkatzeko. Ari gara lanean hori lortzeko, baina betiere neurrizko prezio baten eta etxebizitzen kalitatearen arteko orekari eutsita. Gure asmoa da landa garapenerako plan bat osatzea eta udalerriekin elkarlanean aritzea, bakoitzaren beharren eta errealitatearen berri jasotzeko.
Etxebizitza babestua eskatu dutenen zerrenda luzea da: 20.000 pertsona baino gehiago dira zain.
Batzuek erosi nahi dute, eta bertze batzuek, alokatu. Alokatzeko zain 16.600 baino gehiago dira; erosteko, berriz, 7.000 baino gehiago. Zerrendak gora egin du, eta agerian uzten du etxebizitzak behar ditugula, beharra handia dela. Halere, uste dut azpimarratzekoa dela Nafarroan etxebizitza babestu anitz daudela: %22, hain zuzen. Anitz daude, baina gehiago behar dira. Eraiki behar da, zaharberritu, eta hutsik dauden etxeak bete.
«Alokatzen duenak badu irabazi bat lortzeko eskubidea, baina irabazi horrek neurrizkoa izan behar du»
Abuztuan izendatu zintuzten zu Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendari nagusi. Dauden beharrak kontuan hartuta, zer erronka nagusi zehaztu dituzu?
Duela urte anitz hasi nintzen etxebizitzaren esparruan lanean. Bertzeak aholkatzen eta bertzeei zer egin beharko luketen erraten aritu naiz. Oraingo karguak aukera eman dit, lehendabiziko aldiz, nik neuk heltzeko egin beharreko horiei. Nafarroak baliabide anitz ditu, eta lan handia egina. Oinarri hori baliatu nahi dut, eta bertze esparru batzuetan landu ditudan ideiak eta gaiak ekarri. Garbi izan behar dugu konponbide magikorik ez dagoela eta etxebizitzarena arazo orokor bat dela. Politika multzo oso bat sustatzea da kontua.
Zer bidetan?
Etxebizitzarena tentsio handiko esparru bat da; tentsio handia du etxebizitzaren merkatuak. Prezioek nabarmen egin dute gora, eta ez dute bat egiten, inondik inora, etxebizitza bat alokatu nahi dutenen diru sarrerekin. Nafarroara ekarri nauten arrazoi nagusietako bat da, hain zuzen, tentsio handiko eremuak izendatzeko lana egitea. Hori da Nafarroako Gobernuak eman dizkidan zeregin nagusietako bat, baina beharrezkoa da bertzelako neurriak bultzatzea ere: elkarlana sustatu behar dugu sektore pribatuarekin, Etxebizitzaren Kontseilua berriz martxan jarri behar dugu, neurrizko prezioak dituzten etxebizitzak eta etxebizitza babestuak sustatu behar ditugu, eredu berriak bultzatu…
Tentsio handiko eremuak izendatzeko lan horrek, noski, Iruñerriari eraginen dio, batez ere?
Bai, Iruñea eta Iruñerria dira tentsio handiena duten eremuak. Halere, oraindik ezin dugu zehaztu zer joko dugun tentsio handikotzat. Datuak jasotzen ari gara orain. Datuak behar ditugu lana ongi egiteko. Etxebizitzari buruzko behatoki bat sortu nahi dugu, hain zuzen, datuak funtsezkoak dira eta.
Daturik ez dago? Hutsetik hasi duzue lana?
Uste baino datu gutxiago dugu, tamalez. Daturik eza ez da bakarrik hemengo arazo bat, orain arte inor ez baita etxebizitzaz arduratu Espainian. Datuak behar ditugu, ordea, etxebizitza politika eraginkorrak zehazteko.
Tentsio handiko eremuetan prezioak kontrolatzea da helburua?
Tentsio handiko merkatu batean ezinbertzekoa da prezioekin zerbait egitea. Arazoa da baliabide publikoak mugatuak direla. Langile batek ez luke arazorik izan behar etxebizitza bat lortzeko bere diru sarrerei esker. Baina baditu. Konturatu gara babes ofizialeko etxeen eta merkatu librearen artean badela betetzen ari ez den behar bat. Administrazioak, baina, ezin die erantzun langile horien eta are egoera zaurgarriagoan dauden pertsonen beharrei, baliabideak mugatuak baitira. Beraz, merkatuan eragin behar dugu, modu batera edo bertzera. Tentsio handiko eremuak izendatzeko asmoak helburu hori du, hain zuzen. Esku hartu behar dugu, eta, albo kalteak badaude, horiek arintzen saiatu.
«Baliabideak ongi erabili behar dira, eta, lehenik eta behin, merkatu pribatua orekatzen saiatu behar dugu»
Etxebizitza pribilegio bilakatutako eskubide bat da?
Etxebizitza ongizate estatuaren funtsezko zutabe bat da, osasunarekin eta hezkuntzarekin batera. Etxebizitzaren esparrura bideratzen den aurrekontua, ordea, anitzez ere txikiagoa da. Uste dut arreta hor jarri behar dugula. Baliabideak behar ditugu eskubide hori bermatzeko. Baliabideak ongi erabili behar dira, gainera, eta, lehenik eta behin, merkatu pribatua orekatzen saiatu behar dugu. Helburua da behar baino baliabide gehiago ez bideratzea.
Etxebizitza negozio bilakatu dute anitzek.
Interes kontrajarri anitz daude etxebizitzaren esparruan, eta anitzek espekulatzeko erabiltzen dute. Hori ezin dugu onartu. Alokatzen duenak badu irabazi bat lortzeko eskubidea, baina irabazi horrek neurrizkoa izan behar du. Behar dugu jabeek euren etxebizitzak alokairuan jartzea, baina neurrizko prezioan. Hori kontrolatu behar dugu. Tentsio handiko eremuak izendatzen ditugunean, tresna gehiago izanen ditugu behar den kontrol hori ezartzeko.