Proiektuari eutsi nahi diote

Proiektuari eutsi nahi diote

«Ez dago ikastetxe berria egiteko borondaterik». Elizondoko lanbide heziketako ikastetxeko zuzendari Iñigo Gorrotxategirenak dira hitzak. Berako Toki Ona institutuko lanbide heziketako arduradun Martin Subizar ere antzera mintzatu da, eta erran du garbi duela Nafarroako Gobernuak «ziria» sartu nahi diela: Gorrotxategik eta Subizarrek salatu dute Baztan-Bidasoko bi ikastegi horiek hartuko dituen Oronozko lanbide heziketako ikastetxe berria kolokan dela, Hezkuntza Departamentuak egindako azken urratsen ondorioz. Izan ere, proiektua 2017an onartu arren, orain gobernuak iragarri du moldatuko dutela; horrek erran nahi du obrak hasteko eguna gibelatuko dutela, eta, gainera, hezkuntza eskaintza berrikusi.

[articles:2133690]

Egungo egoerak, batez ere, Elizondoko lanbide heziketako ikastetxeari eragiten dio, hark eskaintzen baititu Baztan-Bidasorako ziklo gehien: denera, hamar. 257 ikasle ditu. Oronozko ikastetxea eraikitzen dutenean, Elizondokoak atea itxiko du, eta hango ikasleek eta irakasleek Oronozen hartuko dute tokia; Berako Toki Ona institutuko lanbide heziketako ikasleek eta irakasleek ere bai. Gutxiago dira horiek, Beran lanbide heziketako bi ziklo baino ez baitituzte. Denera, 70 ikasle inguru dira, eta bederatzi irakasle.

Bide luzea

Igor Arruabarrena Berako Toki Ona institutuko zuzendariak bat egin du ikastetxe horretako lanbide heziketako arduradun Martin Subizarrekin: «Oronozko ikastetxea ez da lehentasun bat Hezkuntza Departamentuarentzat, inondik inora». Nafarroako Gobernuak, Baztan-Bidasoko udalek eta lanbide heziketako eskolek 2012. urte inguruan hasi zuten Oronozen ikastetxe bat egiteko bidea. 2014an, Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak bisita bat egin zuen Elizondoko lanbide heziketako ikastetxera, eta hango arduradunek parlamentariei adierazi zieten egoitza berri bat behar zutela. 2015ean, eskualdeko udalek ere bat egin zuten eskaera horrekin, mozio baten bidez. 2016an, Nafarroako Parlamentuak bere egin zuen udalen eskaera, eta handik urtebetera, 2017an, Nafarroako Gobernuak ontzat jo zuen Oronozen ikastetxe hori egiteko proiektua. Urte hartan, orduko Hezkuntza kontseilari Maria Solanak Bertizen aurkeztu zuen egitasmoa. 2018an, berriz, Oronozko ikastetxe horretan eman beharreko hezkuntza eskaintza adostu zuten. Orain, kolokan da.

Oronozko lanbide heziketako ikastetxea nolakoa izanen den erakusteko irudi bat. NAFARROAKO GOBERNUA

Martxoan gertatu zenak eragin du Nafarroako Gobernuak orain atzera egin nahi izatea: Hezkuntza Departamentuak Oronozko ikastetxea eraikitzeko obren lizitazioa egin zuen —23 milioi euroan, eta lanak egiteko 32 hilabeteko epea zehaztuta—, baina ezein enpresa ez zen aurkeztu. Hasieran, Hezkuntza Departamentuak lizitazioa berriz egiteko asmoa agertu zuen. Maiatzaren 20an, Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok bilera bat egin zuen Baztango eta Berako alkateekin, eta berretsi zien obren lizitazioa urtea amaitu baino lehen eginen zutela berriz, «proiektua anitz aldatu gabe». Egun hartan, Gimenok Oronozko ikastetxea «estrategikotzat» jo zuen sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean.

Urrian, egoera aldatu egin zen: Elizondoko eta Berako lanbide heziketako ikastetxeetako arduradunek jendaurrean salatu zuten Nafarroako Gobernuak atzera egin duela; batetik, ezagutarazi zuten Hezkuntza Departamentuak bertze proiektu bat eginen duela, eta, ondorioz, aurreikusitako epeak atzeratuko direla —asmoa da proiektuaren lizitazioa 2025ean egitea, eta obrak 2026an hasi ahal izatea—. Bertzalde, azaldu zuten Hezkuntza Departamentuak berrikusi eginen duela 2018an adostutako hezkuntza eskaintza, eta, ondorioz, eskaintza horren araberakoa izanen dela Oronozen egin beharreko ikastetxea. «Eskaintza berrikusteak eragina izanen luke lanpostuetan ere. Ez gara fidatzen. Onartutako proiektuari eutsi nahi diogu. Egin dezatela lizitazioa berriz, proiektua moldatu gabe», eskatu du Toki Onako kide Martin Subizarrek. Nafarroako Hitza Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko arduradunekin hitz egiten saiatu da, baina ez du lortu.

Inbertsiorik ez

Onartutako proiektuaren alde egin dute Berako eta Elizondoko lanbide heziketako bi ikastetxeek, eta salatu dute proiektu hori gauzatzeko bidean gertatzen ari diren atzerapenek eragina dutela ikastetxeen egunerokoan ere. Izan ere, Oronozen eraikin bat egiteko zain, administrazioak ez du inbertsiorik egin Berako eta Elizondoko egungo ikastetxeak hobetzeko. Beran, adibidez, Toki Onako DBHko eta Batxilergoko ikasleek eta irakasleek aukera izanen lukete Lanbide Heziketako Departamentuak Oronozera mugitzean hutsik utziko lukeen lekua erabiltzeko, ez baitute behar bezainbertze leku. Lanbide heziketako ikasleen egungo egoera ere ez da egokiena: «Proiektuka lan egiten dugu, eta egungo eremua berrantolatzeko beharra dugu, proiektu horiek behar bezala garatzeko. Oronozko ikastetxearen zain garenez, ez da deus ere egin», kontatu du Subizarrek.

«Lanbide heziketa bigarren mailan dago; hau ez da Gimenoren proiektua, karguarekin batera jaso baitzuen»
IÑIGO GORROTXATEGI Elizondoko lanbide heziketako ikastetxeko zuzendaria

Elizondon ere egoera antzekoa da. «2008ko txosten batean agerian gelditu zen zer gabezia ditugun ikastetxean; egoerak okerrera baino ez du egin», azaldu du Iñigo Gorrotxategi zuzendariak. Ikastetxe berria egiteko borondaterik ez dela berretsi du: «Lanbide heziketa bigarren mailan dago; hau ez da Gimenoren proiektua, karguarekin batera jaso baitzuen. Baztan-Bidasoko eskualdeak ez du interesik harentzat, hemen boto gutxi lortzen baititu. Gainera, D eredukoa da. Onenean, beste lau urte egon beharko dugu zain», erran du.

Zain egoteaz nekatu dira, ordea, Berako eta Elizondoko lanbide heziketako ikastetxeetako arduradunak; 2017an onartutako proiektuari eutsi diote, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu diote proiektu hori gauzatu dezala, adostutako hezkuntza eskaintza kontuan hartuta. 2018an onartutako eskaintzan aldaketa batzuk izan dira azken urteotan: Elizondon, urte hartan zituzten zikloekin batera, bertze bi dituzte orain —Haur Hezkuntza eta Zuzendaritzaren Laguntza—; Nekazaritzako ekoizpen ekologikoari buruzko ziklo bat eskaintzea ere aurreikusi dute. «Proiektua aldatu eta eskaintza murrizten badute, zer kenduko dute?», galdetu du Gorrotxategik.

Baztan-Bidasoko lanbide heziketako arduradunak Nafarroako Parlamentuan izanen dira datorren astean, azaroaren 26an, eta Hezkuntza Batzordeko kideen aurrean azalduko dituzte Oronozko ikastetxeari buruz dituzten kezkak. Garbi erran dute: egungo proiektuari eutsi nahi diote.