Handira

Irrati programazioetara etorri berriak diren saioak ezagutzen ari garen udazken hasiera honetan, Iruñean Euskalerria Irratiak programazioa ez ezik, logotipoa, egoitza eta asmo berrituak aurkeztu zituen urriaren batean. Irrintzi dorretik Alde Zaharrera joatearekin batera, hemendik aurrera are komunikazio proiektu indartsuago eta osatuagoa eskainiko dutela iragarri zuten. Iratxe kaleko hamahirugarren solairutik kalera jaitsi dira, eta, aldi berean, estudioak saio batzuk zuzenean entzun ahalko duten jarraitzaileei zabalduko dizkiete; gainera, irrati bisualago bat egiteko asmoa dute eta teknologia multimediek eskaintzen dituzten baliabideei egokitzeko ere bai.

Aldaketa horrekin batera, irudi modernoagoa eskaintzen dute estreinatu duten logotipoan. Lehenengo begiratuan —Juan Kruz Lakastak azaldu bezala— uhinak ikusten ditugu irudi korporatibo berrituan, irratiaren esentzia. Bestetik, urtetan gotorlekuan sartuta egotera behartuta egon ziren marrek orain arte itxita mantentzen zituen zirkulua apurtzen dute eta hedatzen dira, haien artean loturik jarraitzen badute ere, komunitatearen irudia mantenduz. Kolorea argitu da, eta, diseinuaz gutxi dakidan arren, horrekin gazteagotu dela esango nuke, irratiko edukiak bezalaxe, azken urteotan eskainitako Flop Kultura bezalako proposamen ausartekin. 

Hilabete barru 37 urte beteko ditu Euskalerria Irratiak, eta ez du ibilbide erraza izan. Urteetan emititzeko baimena ukatu zioten Nafarroako gobernu ezberdinek, Iruñerriko euskarazko irrati bakarra izan arren, eta horrek behin baino gehiagotan kolokan jarri zuen komunikabidearen existentzia bera, eta soilik lan militanteak eta herri-sostenguak ahalbidetu zuen bizirik iraun zezan. 2015ean emititzeko lizentzia lortzea mugarri bat izan zen, bereziki komunikabidearen bideragarritasuna errazten zuelako. Orain, berriz, kale mailara jauzi honekin esploratzeko aukerak zabaltzen zaizkio, eta, iragarri dutenaren arabera, webgune berria izango dute udaberri aurretik, eta informatzaile-sarea hegoaldeko eskualdeetara zabalduko da, euskarazko eskaintza komunikatiboa handituz. 

UEUko Komunikazio Sailetik irratsaioa egiten genuen garai horietatik maitasun berezia diot Euskalerria Irratiari, eta zorterik onena opa diot ere ibilbide berri honi, eta atsegin handiz bisitatuko nuke egoitza berria, euskaldunentzako topagune berria Iruñean.