Atearen ondoan jarri da, eta banan-banan agurtu ditu sartu diren herritar guztiak. «Ongi etorri», erran die, berotasunez. «Jose Ignacio naiz, Nafarroako Parlamentuko uxerretako bat; gaurko bisitan lagunduko zaituztet». Parlamentuko protokolo zerbitzuak ateak irekitzeko bi egun antolatu ditu abenduko zubian —abenduaren 4an eta 5ean—, eta herritar anitzek aukera baliatu dute Iruñeko Navas de Tolosa karrikako lehenbizikoan dagoen eraikina barrutik ezagutzeko. Jose Ignacio Fortun uxerrak hartu ditu denak.
«Ba al da parlamentaririk lanean?», galdetu du ateak irekitzeko bigarren eguneko bisitarietako batek. Abenduaren 4koan, herritarrek Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualderekin egin zuten bat, eta hark eman zizkien hasierako azalpenak. Abenduaren 5ekoan ez da egon Hualde, eta bisitariek bideo baten bidez jaso dituzte eraikinari buruzko aurreneko argibideak. XIX. mendekoa da parlamentuaren kanpoaldea; Julian Arteaga arkitekto nafarrak diseinatu zuen, eta Iruñeko Lurralde Auzitegiaren egoitza hartu zuen, lehendabizi. 1982an, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusi bilakatu zen, eta 2002tik, berriz, Nafarroako Parlamentuaren etxe da. Kanpoaldeak bere horretan segitzen du, baina barruko guztia hutsetik eraiki zuten.
Gloria Iriarte —ezkerrean—, Nafarroako Parlamentura bisita egin zuten herritar batzuekin, parlamentuko lehendakari Unai Hualderen bulegoan, abenduaren 5ean. J. MANTEROLA / FOKU
Legebiltzarreko presidentea ez dago, eta bertze parlamentariren baten arrastorik ere ez. «Ez legoke gaizki parlamentariek bisitetan parte hartzea, eta herritarrekin hitz egitera etortzea». Julio Garciarenak dira hitzak; iruindarra da, eta Nati Domingorekin eman du izena abenduaren 5eko lehen bisitan parte hartzeko. «Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Udalaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzak ezagutzen ditugu. Parlamentua falta zitzaigun, eta horretara etorri gara», azaldu du Garciak.
Domingok aitortu du telebistaren bidez ikusitako irudiek piztu diotela eraikina barrutik ezagutzeko jakin-mina. «Politikariak beti agertzen dira elkarrekin haserre, elkarri sekulakoak erraten; ikusi nahiko nituzke zulotxo batetik hemen daudenean», erran du. Politikaren inguruko berriei so egiten dietela kontatu dute Garciak eta Domingok, eta eztabaiden gainetik, parlamentariak «lanean» ikusi nahiko lituzketela.
Lana badutela erantzun die Fortunek; hain zuzen, aurrekontuen inguruko osoko bilkura eginen baitute datorren ostegunean parlamentuan. Uxerrak bisitariei azaldu die, gainera, telebistaren bidez ikus ditzaketen eztabaidek ez dutela parlamentuaren egoitzako egunerokoa islatzen: «Dirudien baino begikotasun handiagoz jokatzen dute. Finean, lankideak dira; urtebetetzeak ospatzen dituzte».
Legeen bidea
Fortunekin batera, Iñigo Arista enpresako Gloria Iriarte aritu da bisitako gidari. Isabel Iturgaiz eta Virginia Angos ama-alabek Iriarteren ondoan hartu dute tokia, haren azalpenak adi entzuteko prest. «85 urte ditut, eta egunero irakurtzen dut egunkaria; inportantea da gertatzen ari denaren berri jasotzea», esplikatu du Iturgaizek. Sarasate pasealekuan aritu zen lanean, erretiroa hartu arte: «Egunero pasatzen nintzen parlamentuaren aurretik, baina inoiz ez nintzen sartu, gaur arte».
Parlamentuko ateak irekitzeko egunean, eraikineko txoko guztiak ezagutzeko aukera izan dute Iturgaizek eta gainerako bisitariek; lehena, parlamentuko presidentearen bulegoa. Gero, legeek parlamentuan egiten duten bide bera egin dute bisitariek: «Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak antolatzen dute legebiltzarraren jarduera; organo horiek erabakitzen dute tramiterako zer auzi onartu. Gainera, parlamentuaren aurrekontua onartzen dute, eta adierazpen instituzionalak ere bai», azaldu du Iriartek.
Nafarroako Parlamentuko ateak irekitzeko eguneko bisitariak, kristalezko patioari so, abenduaren 5ean. J. MANTEROLA / FOKU
Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen gela lehen solairuan dago; batzordeen lana hartzen duten bi gelak, berriz, bigarrenean. Bigarren solairura bidean, parlamentuko paretetan dauden artelanekin —parlamentuak arte garaikideko bilduma propioa du— eta eraikinaren barruan dagoen kristalez inguratutako patioarekin «harritu» dira bisitariak: «Kanpotik ikusita, ez duzu halakorik espero barruan», aipatu du Jenny Oncoyk. Mireia Rubio 13 urteko alabarekin eman du Oncoyk izena parlamentua ezagutzeko bisitan. «Duela zortzi hilabete ailegatu ginen Iruñera. Perutik etorri gara, hango segurtasunik ezari ihes eginez. Orain etxe dugun herrialdea hobeki ezagutu nahi dugu, eta jakin-min horrek ekarri gaitu parlamentura».
Mahaiak eta Eledunen Batzordeak onartutako auziak batzordeetan eztabaidatzen dituzte; batzordeak gaika antolatzen dituzte, Nafarroako Gobernuko departamentuen arabera. «Batzordeetan egiten dira eztabaida nagusiak; eztabaida horien ondorioz, txosten bat adosten dute, eta horixe bozkatzen dute osoko bilkuran», esplikatu du Iriartek.
«Dirudien baino begikotasun handiagoz jokatzen dute parlamentariek; finean, lankideak dira»
JOSE IGNACIO FORTUN Nafarroako Parlamentuko uxerra
Batzordeen gelak ikusi eta gero, osoko bilkurak hartzen dituenera mugitu dira bisitariak. Han, ezin izan diote eutsi parlamentariek eta gobernuko kideek erabiltzen dituzten aulkietan esertzeko tentazioari. «Osoko bilkuretara etor gaitezke?», galdetu du haietako batek. Baietz erantzun dio Jose Ignacio Fortunek, nahikoa dela parlamentuko protokolo zerbitzura jotzea. Uxerrak iraupen luzeaz ohartarazi ditu bisitariak, halere: «Zortzi eta hamar ordukoak izaten dira osoko bilkura batzuk!». Uxerrek zeregin berezi bat dutela kontatu die: bozketak iraun bitartean, ateak itxi egiten dituztela, «eta inor ezin da sartu edo atera».
Bisitariek hurrengo txandakoei tokia egiteko hartu dute karrikara bidea. Uxerrak emandako oparia eraman dute denek: boligrafo bat, koaderno bat eta Nafarroako armarriaren intsignia.
50
Osoko bilkura. 1979ko hauteskundeetan, 70 parlamentari hautatu zituzten Nafarroako Parlamentuan; 1983tik, 50 kide ditu.
11
Presidenteak. Unai Hualde da Nafarroako Parlamentuko hamaikagarren presidentea. Oraingoa hamaikagarren legegintzaldia da; legealdi konstituziogilean (1979-1983), Victor Manuel Arbeloa izan zen parlamentuko lehendakaria.
9
Uxerrak. Jose Ignacio Fortun ez da Nafarroako Parlamentuko uxer bakarra; denera, bederatzi dira lantaldean. Uxerrekin batera, bertze hainbat langile aritzen dira parlamentuan beharrean, erakunde horren egunerokoan; 58 inguru dira denera.