Arkatz bati heltzen dion esku bat da Antsoaingo Komiki Boom komiki sozialaren azokaren ikur nagusia; apirilaren 1etik 12ra eginen dute aurten, seigarren aldia izanen da, eta Joseba Beramendi Exprai marrazkilariak arkatz bati heltzen dioten komikietako pertsonaiez bete du azoka iragartzeko egin duen kartela. Liburu aurkezpenak, erakusketak eta bertze prestatu dituzte antolatzaileek datozen egunetarako, Antsoain prest baita ilustratzaileen topagune bilakatzeko.
«Gero eta indar handiagoa dugu, eta hori hagitz polita da. Bide bat egin dugu, eta azokak lortu du herritarren interesa piztea», nabarmendu du Josetxo Aldunate Antsoaingo Komiki Boom azokaren antolatzaileetako batek. Hasteko irrikan dela kontatu du, eta, aitzinekoetan bezala, egileen eta irakurleen arteko zubi lana egitea dela helburua. «Egileekin antolatzen ditugun aurkezpenak dira gure jaialdiko saio nagusiak; lan berriak ekarri nahi ditugu».
Aurten parte hartuko duten ilustratzaileen artean daude Agustin Ferrer, Edurne Dikinson, Fernando Balius, Patxi Irurzun eta Ernesto Murillo Simonides, bertzeak bertze.
«Egileekin antolatzen ditugun aurkezpenak dira gure jaialdiko saio nagusiak; lan berriak ekarri nahi ditugu»
JOSETXO ALDUNATE Antsoaingo Komiki Boom azokaren antolatzailea
2020. urtean lehendabizikoz antolatu zutenetik, Komiki Boom jaialdiaren antolatzaileek urtez urte azpimarratu nahi izan dute ilustrazioak gogoeta eragiteko duen indarra. Gogoetarako tarte hori nabarmentzeko, Kike Babas eta Kike Turron Fito y por supuesto la luna lanaren egileekin saio bat antolatu dute apirilaren 5erako: 13:00etan izanen da, Txokogorrin. «Ez da ohiko hitzaldi bat izanen: bermuta eta komikigintza uztartu nahi izan ditugu, hausnarketarako tartea lasaiago hartzeko», azaldu du Aldunatek.
Hark bertze saio bat nabarmendu du aurten eginen dituzten guztien artean: Basurde Resanok emanen duen eskola magistrala. Apirilaren 7an izanen da, artistak Antsoainen duen tailerrean. 10 urtetik gorakoek parte hartu ahal izanen dute.
Gainera, urte honetako Komiki Boomek izanen du berrikuntzaren bat: pintxoak eta komikiak nahastuko dituzte. Herriko hainbat ostaturekin elkarlanean ariko dira azokaren antolatzaileak, eta helburua da ostatu horietako bakoitzak pintxo bat prestatzea komikiak oinarri hartuta, eta azokak iraun bitartean pintxo hori dastatzen duenak komiki bat jasoko du trukean. «Herritarrengana heltzeko bertze modu bat da», erran du Aldunatek.
Etxe eskubidearen alde
Joseba Beramendik berehala eman zien baiezkoa Komiki Boom jaialdiaren antolatzaileei kartela egiteko eskatu ziotenean. Kontuan hartu du Antsoaingoa komiki sozialaren azoka dela, eta etxebizitza eskubidearen aldeko aldarri bilakatu du marrazkia. Hamaika komikitako pertsonaiak irudikatu ditu Beramendik, etxebizitza eraikin bateko leihoetan eta balkoietan, Francisco Ibañez marrazkilariaren 13, Rue del Percebe lana oroituz.
Antsoaingo Komiki Boom azokaren aurtengo aldiko kartela, Joseba Beramendi ‘Exprai’ marrazkilariak egina. JOSEBA BERAMENDI ‘EXPRAI’
Beramendik txalotu egin du Komiki Boomeko antolatzaileen lana, eta adierazi du Antsoaingo azoka «lehen mailakoa» dela. «Haiek bultzatuta, Iruñerriko marrazkilariok hilean behin bat egiten dugu gure lanaz hitz egiteko», kontatu du. Saio horietan, komikigintzaren egungo egoera izan ohi da mintzagaietako bat, eta, auzi horri buruz, Beramendik garbi erran du «argiak eta itzalak» daudela: «Gauza asko eta onak egiten dira, eta hori pozgarria da; bestalde, baina, egiten den hori guztia egoera prekario batean egiten da».
Expraik duela bi urte egin zuen marrazkigintzaren esparruan bete-betean lan egiteko hautua. Apirilaren 8an aurkeztuko du azken lana, Iruñean, Nafarroako Museoan: Nafarroako Administrazio Gaietarako Auzitegiaren hirurogeigarren urteurrenari buruzko komiki bat. «Marrazkiek edozein istorio kontatzeko balio dute».
egitaraua
Apirilak 1. Inaugurazioa. 17:30ean, Txokogorrin.
Apirilak 2. Agustin Ferrerren Plan de huida. 19:00etan, Txokogorrin.
Apirilak 3. Mariposas negras filma. 19:00etan, antzokian.
Apirilak 4. Edune Dikinsonen Zeruko azken piztia. 19:00etan, liburutegian.
Apirilak 9. Fernando Baliusen Desmesura. 19:00etan, liburutegian.
Apirilak 10. Patxi Irurzunen eta Ernesto Murilloren Txolita Voladora Marciana. 19:00etan Txokogorrin.
Apirilak 11. Besta. 18:00etan, Txokogorrin.