Clarak ez du puta izan nahi. Segur aski irtenbide zilegia eta duina izan daiteke. Egin behar du, baina berak ez du nahi, ez du beste aukerarik izan. Emakume migratzailea da, emakume arrazializatua da eta, batez ere, emakume pobrea da. Hau da Putaren bakarrizketa eroetxean antzezlanaren istorioak kontatzen duena, puta honen istorioa. Berea.
Hau nire istorio propioa izan liteke, baina ez da. Emakume migratzailea naiz, emakume arrazializatua naiz, ekonomia eskastua dut. Noski. Ia-ia ezaugarri guztiak ditut Clararen bidea egitera behartuta egoteko. Sexu langilea izateko. Ni antzezlea naiz, eta antzezle izatea da munduan gehien maite dudana. Eta ez diot nire aukerari uko egingo. Ez. Ez dut beste lan batean aritu nahi, nik sortu eta antzeztu egin nahi dut, eta horretatik bizi. Baina bai, prezioa garestia da, prekarizazioa eta, argi eta garbi esanda, pobrezia.
Hemen, Euskal Herrian, hamar urte eman nituen antzeztu gabe. Oso gogorrak izan ziren urte haiek niretzat. Iruñeko oinetako denda batean eta arropa denda batean aritu nintzen lanean. Langabezian ere egon nintzen. Langile klaseko emakumeok badakigu zer den hori. Langile klasekoa izatera iristen naizen ere argi ez dudan arren. Aspaldi esaten dut langile klasea ez dela nire klasea. Nik antzeztu egiten dut, baina ez naiz soldatapekoa. Autonomoa naiz, nire enpresa dut, baina ez naiz erdiko klasekoa, ez naiz burgesa, ezta burges txikia ere. Piramide sozial eta ekonomikoaren azpi-azpialdean nago ni, bai. Beheklasea, -1. Eta ni bezala, emakume asko daude sistema honetan azpiratuta. Eta segur aski, ni baino okerrago daude emakume migratzaile, arrazializatu eta pobretu asko.
Prostituzioaren esparruan istorio asko daude. Noski. Ez da batere erraza esatea, behintzat niretzat, nola kudeatu behar dugun sozialki lan sexuala. Nik ez dut argi ikusten. Kasu asko daude, eta kasu adina teoria, edo gehiago. Baina bai, estigma soziala erraldoia da, eta prostituzioan diharduten emakumeak kriminalizatuta daude. Zigor soziala eta penala jasotzen dute. Zenbait sindikatuk zilegitasuna eta duintasuna lortu nahi dute sexu langileentzat, eta haien lan eskubideak aldarrikatzen dituzte. Prostituzioa lana da? Munduko zaharrena dela diote batzuek. Gai sakona eta korapilatsua, edozein kasutan.
Clarak ez du puta izan nahi. Baina ez du beste aukerarik izan. Emakume migratzailea da, arrazializatua da, eta, batez ere, pobrea da
Antzerkia egiten dudanean edo ikusten dudanean, gatazka da gehien interesa zaidana; bai, eskola zaharretik nator. Eta gatazka aipatzen dudanean, esan nahi dut trama eta pertsonaiak bultzatzen dituen indarra. Pertsonaiak mugitzen dituzten bulkadak asko interesatzen zaizkit antzezle gisa. Pertsonaien kontraesanek liluratzen naute, haien deserotasunak, ezin dira patuaren aurka borrokatu. Harrapatuta daude, haien errealitatea gordina da eta matxinatu egiten dira. Kasandra, Klitemnestra, Medea, Ofelia, Lady Macbeth, Mery Worren, Nora eta Clara, bai, Putaren bakarrizketa eroetxean antzezlanean gorpuztu dudan pertsonaia. Horregatik erabaki dut haren istorioa kontatzea. Zenbat atsekabe barrutik. Aberatsa izango balitz, segur aski ez litzateke sexu langilea edo puta izango. Prostituta izatea gustukoa izango balu, ez litzateke gatazkarik izango, ez behintzat antzezlan honetan. Clarak ez du puta izan nahi. Baina ez du beste aukerarik izan. Emakume migratzailea da, emakume arrazializatua da, eta, batez ere, emakume pobrea da. Eta hau haren istorioa da.