«Euskaraldiko rolak jarrerarekin lotuak daude, ez euskara mailarekin»

«Euskaraldiko rolak jarrerarekin lotuak daude, ez euskara mailarekin»

Euskaraldiaren laugarren aldia ate joka dago. Maiatzaren 15ean hasiko da, eta Euskal Herriko ahoak eta belarriak euskaraz beteko ditu hamar egunez. Parte hartzaileek ahobizi edo belarriprest txapa jarriko dute, betiko helburuarekin: hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskara erdigunera eramatea. Nora Gonzalez Euskaraldiaren Nafarroako antolatzaileak (Iruñea, 2000) ekinaldian parte hartzeko deia egin die bai norbanakoei eta bai entitateei ere.

Euskaraldiaren aurtengo berritasunetako bat da udazkenean egin beharrean udaberrian egingo duzuela. Zergatik?

Data aldatuta, beste filosofia bat mahaigaineratu nahi dugu. Euskaraldia ariketa gozagarria izatea nahi dugu, eta uste dugu udaberriak aukera gehiago ematen dituela horretarako. Izan ere, toki guztietara eraman nahi dugu Euskaraldia, eta kaleak garrantzi handia hartzen du horretan. Eguraldi ona eta egun luzeak izanda, baldintza hobeak daude kalean elkarguneak sortzeko, harremanetarako, eta, batez ere, euskara erdigunean jartzeko.

Euskal Herri osoan egiten da ekinbidea, baina euskararen egoera aldatu egiten da eskualde batetik bestera.

Euskaraldia Euskal Herri osoko ariketa masiboa da, eta horrek zailtasun eta erronka berezi batzuk dakartza. Izan ere, Euskaraldiak marko orokor bat jartzen du, eta gero, tokian-tokian modu malguan eragiteko ahalmena du. Hori da, agian, ekimenaren indarguneetako bat. Izan ere, Nafarroan nahiko ohituta gaude egoera soziolinguistiko oso ezberdinetan lan egitera, eta, euskararen egoera edozein dela ere, garrantzitsua da aurrerapauso bat ematea erabileran. Baina norbanakoak ez ezik entitateak ere interpelatu nahi ditugu —izan dendak edo izan edozein zerbitzu publiko—, euskararen aldeko borondatea erakuts dezaten.

«Euskaraldia ariketa gozagarria izatea nahi dugu, eta udaberriak aukera gehiago ematen ditu horretarako»

Euskarak zer behar ditu Nafarroan gaur egun?

Gaur egun ere, euskarak behar asko ditu Nafarroan. Aitortza politikoa eskuratzea, hezkuntza sistema indartzea, kultura eskaintza izatea, lan munduan eragitea… Hala ere, Euskaraldiak ez ditu behar horiek guztiak beteko, hori ez baita haren funtzioa. Funtzio oso jakina dauka erabileran, eta, batez ere, Euskaraldia beste palanka bat izango da euskalgintzan, aurrerapauso bat egiteko eta kontzientzia hartze kolektibo bati bide emateko.

Elkar mugituz egingo dugu izango da aurtengo leloa. Zer mezu bidali nahi duzue leloaren bitartez?

Nahiz eta hizkuntza portaerak aldatzea den Euskaraldiaren helburuetako bat, euskararen erabilera bultzatzearekin batera mugimendua sortu nahi dugu aldi honetan. Izan ere, uste dugu euskarak mugimendua behar duela, eta Euskaraldia da mugimendu hori sortzeko tresna garrantzitsuetako bat. Azpimarratu nahiko nuke Euskal Herri osoan elkarrekin egiten dugun ariketa bat dela, eta ikaragarria da hori, batez ere euskaldunon artean konplizitatea sortu eta partaide izatearen sentimendua indartzen duelako.

Hamaikakoak osatu dituzue auzo eta herrietan. Zer funtzio dute?

Hamaikakoen funtzioa da euskara herrian ezagunak diren pertsonekin lotzea, auzoan erreferente izan daitezkeen horiekin. Gakoetako bat da talde plurala izatea, genero aldetik, jatorri aldetik, eta, batez ere, euskararekin duten harremanaren aldetik.

«Norbanakoak ez ezik, entitateak ere interpelatu nahi ditugu euskararen aldeko borondatea erakuts dezaten»

Berriro bi rol proposatu dituzue: ahobizi eta belarriprest. Zer eginkizun du bakoitzak?

Ahobiziek konpromisoa hartzen dute lehenbiziko hitza euskaraz egiteko, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko, baita elkarrizketa elebidunetan euskarari eusteko ere. Belarriprestek aldiro erabakiko dute euskaraz noiz eta norekin egin; agian, ez dute beti euskaraz egingo, baina bai eskatuko dietela besteei euskaraz egiteko berari. Orain arte, rolak euskara mailarekin lotu dira. Gaitasun handia dutenak ahobiziak dira, eta euskara ikasten ari direnak edo urrun daudenak, belarriprestak. Hori hautsi nahi dugu, uste baitugu jarrera kontua dela, gaitasun kontua baino gehiago. Beraz, rolak jarrerarekin lotuak daude, ez euskara mailarekin.

Xaxatzaile rola ere badago. Zertan datza?

Euskaraldian parte hartzeko bi baldintza daude: euskaraz ulertzea eta 16 urtetik gorakoa izatea. Haur eta nerabeak ez dira hor sartzen, baina uste dugu haiek ere badutela zeresanik euskararen biziberritzean. Horregatik sortu da xaxatzailearen rola. Hain zuzen, asmoa da haurrek eta nerabeek inguruan dituzten helduak xaxa ditzatela, zirikatzea; dinamika azaltzea eta pedagogia egitea. Horretaz gain proposamen didaktikoak ditugu, eta eskoletan lantzen ari dira, haurrak ere eragile aktibo bihurtzeko.

Aurreko aldiek erakutsi dute Euskaraldiak aldaketak eragin dituela euskal hiztunen hizkuntza ohituretan. Zeintzuk dira aurtengo erronkak?

Ikerketek esan dute Euskaraldia eraginkorra dela eta baduela eragina hurrengo hilabeteetan hizkuntza ohiturak aldatzeko orduan. Hori bada nahikoa arrazoi erronka ilusioz hartzeko eta hamar egun horietan euskarari ekiteko.

Izen ematea irekita al dago oraindik?

Bai. Webgunean dago aukera izena emateko. Herri bakoitzak banaketa gune bat jarri du txapak jaso ahal izateko. Iruñean Euskaraldiaren denda bat dugu, San Anton kalean, eta bertan ere aukera egongo da hartzeko.