Spotifyri uko eta algoritmoei ihes

Spotifyri uko eta algoritmoei ihes

Plataformak inoiz gutxi heldu dio eskua amultsuki musikariari. Eta bietako zeinek behar duen bestearen eskua gehiago, hori ere jar liteke dudan. «Ez dugu Spotify behar, Spotifyk behar gaitu gu». Mahl Kobat eta Dena musika taldeetako kide Beñat Bidegainek zorrotz ahoskatu ditu hitzok Iruñeko solasaldian, eta esaldi bakarrean azaleratu enpresa horren eta musikarien arteko harreman interesatu eta, zehatzago, desorekatua. Horretan, baina, deus ez da orain hasi, zaharrak berri dira, eta, hain justu ere horregatik, gainezkarako falta zen su-tanta izan da Spotifyren eta Israelgo teknologia militarraren arteko loturaren berri izatea. Auziak Helsing Defense armagintza enpresarekin du ikustekoa: Israelgo hainbat enpresarekin baitu harremana horrek, eta hari kasik 700 milioi euroko inbertsioa egin izana leporatzen diote Daniel Ek Spotifyren buruari. Eta horrek guztiak baieztapen bat edo, gutxienez, zalantza bat ekarri die musikariei: ez ote den alde egiteko garaia. Boikoterako deia ere egin dute hainbatek, eztabaida pil-pilean da azkenaldian, eta kezkak ere ugari dira aspaldi. Hitzak ziren faltan. Iruñeko Geltoki gunean esan dituzte.

Geltokik eta Nafarroako Reas elkarteak antolatzen duten Tressnak zikloaren barrenean antolatutako Musika streamingsmo garaian solasaldia izan da gaiaz mintzatzeko abiapuntua. Hiru musikari gonbidatu dituzte mahaiaren ingurura: Beñat Bidegain musikari eta Betepaeta kolektiboko kidea, Amets Aranguren kultur eragile eta Ibil Bediko musikaria, eta Martin Ziriza, Tatxers eta Borla taldeetako musikari, Egun Motelak egitasmoko kide eta BERRIAko kolaboratzailea. Euskalerria irratiko kazetari Miren Mindegia jardun da gidari.

Euskal Herriko musika eszenan, batez ere Musikariak Palestinarekin plataformak zabaldu du Spotifyri boikot egiteko kanpaina, eta ekimen hori sortzeko motiboak eta hark urratu nahi dituen bideak azaleratzeko ere balio izan du solasaldiak. «Nahiz eta hautua indibiduala izan, ikusi genuen Spotifyren kontra abiatutako boikota ez zela eraginkorra izango kolektiboa ez bazen», azaldu du Bidegainek, zeina egitasmoaren sorreratik beretik izan baita hari lotuta. Zenbait hilabete joan dira kanpaina abian jarri zutenetik, eta hogeitik gora musika taldek egin dute bat deiarekin. Ondorioz, beren musika kendu dute streaming plataformatik.

[articles:2147249]

Kanpainaren eragin ahalmenaz sakon gogoetatu dira musikariak. Hirurek iradoki dutenez, kontziente dira indarra mugatua dela, litekeena dela Euskal Herriko hogeitaka taldek boikot egiteak ez eragitea «ondorio nabarmenik» Israelen, baina, diotenez, besterik da etxean zer dagoen lortzeko.

«Euskal Herrian bai, Euskal Herrian izan daiteke nolabaiteko abiapuntua Palestinaren aldeko borroka gehiago hauspotzeko edo, behintzat, Israelen kontrako masa are gehiago handitzeko», azaldu du Zirizak, eta, ildo berean, mugak muga, inpaktua txikia izanik ere, hori bera deus baino gehiago dela nabarmendu du Arangurenek. «Deitu ardura, deitu konpromiso, deitu nahi bezala, baina, gure txikitasun honetan izanda ere, ikusten badugu musika talde bat izateak tarteka badakarrela eragiteko gaitasun bat, hori zertan gauzatu liteke orain, honetan ez bada».

«Deitu ardura, deitu konpromiso, deitu nahi bezala, baina, gure txikitasun honetan izanda ere, ikusten badugu musika talde bat izateak tarteka badakarrela eragiteko gaitasun bat, hori zertan gauzatu liteke orain, honetan ez bada»

AMETS ARANGUREN Musikaria

Hala eta guztiz, plataforma uzteko erabakia hartzea erraza dela nabarmen gezurtatu dute solasaldian. Batetik, hura nork uzten duen, bada alderik: eragin ahalmena zein kostua, biak dira handiagoak Spotify uzten duena entzulea ez ezik musikaria ere baldin bada. Talde batek plataforman plazaratua duen musika bertatik desagerrarazitakoan, entzuleari berari ere eraginen dio hura aditzeko ezintasuna, eta kate bat sor lezake horrek. Ordea, aldi berean, Zirizak zehaztu gisara, «musikariak gauza gehiagori egiten dio uko», ezinbestean. Harena kasu berezia da, gainera: bi taldetan dihardu gaur egun, eta batean eta bestean ez dute hautu bera egin boikotari dagokionez. Eta auzi honetan gauza gehienak zuri edo beltz ez direlako ustea plazaratu dute, hain zuzen, bai Zirizak baina baita Arangurenek ere, eta elkarrekin osatu dute talde baten erabakia baldintzatu dezaketen aldagaien sorta bat: taldeak zer sona daukan, jardun musikal horrek zer pisu daukan taldekideentz, taldea noiztik den martxan, zer anbizio duen… «Eta uste dut denek galtzen dugula ikusgarritasuna», ondorioztatu du Arangurenek. Baina, nolabait, leiho bat ireki du aldi berean: «Nahi diot zalantzari tarte bat utzi, ea Spotifyk ez ote duen ematen dioguna baino botere txikiagoa». Alegia, susmoa hau du: beldurra ez ote den egiazko galera baino hadiagoa.

Bidegainek ere bereziki ulertzen du talde hasiberri bati Spotifytik desagertzeak ekar dakiokeen «bertigoa». Ikusezin bihurtzeari izaten ahal dioten izua, batez ere. «Taldeak pentsa dezake: ‘Hemendik kentzen badut nire musika, non gelditzen naiz?’». Baina duda bat plazaratu du, halere: «Talde txikiago horrek ere izan ditzake talde handiago batek dituenak baino entzule konprometituagoak, eta plataforma uzteak ekar lezake jende gehiago zuzenekoetara joatea. Gainera, ezin dugu ahaztu plataformetan izaten diren entzunaldi horiek algoritmoak ekarritakoak direla askotan; horien atzean daudenak entzule pasiboak direla». Alderdi ekonomikoan Spotifyk daukan jokamoldea salatzeko ere baliatu du hitzartzea Bidegainek, batik bat nabarmentzeko plataformak daukan musikariak zaintzeko manera aspaldi dela auzitan jartzeko modukoa. «Talde batek Spotifyko streamingen bidez izan ditzakeen irabazi ekonomikoak ez dira batere handiak beste euskarri batzuekin konparatuta. Alde horri begiratuta ere, nik ez dut ulertzen zergatik ez den interesatzen plataformaz aldatzea». Datuei begiratzea ere argigarria da horretarako: Spotifyn edukia argitaratzen duten musikarien artean, soilik %2,6k jaso zuten 960 euro baino gehiagoko diru sarrera 2024ko jardun osoaren truke. 

«Talde batek Spotifyko streamingen bidez izan ditzakeen irabazi ekonomikoak ez dira batere handiak beste euskarri batzuekin konparatuta. Alde horri begiratuta ere, nik ez dut ulertzen zergatik ez den interesatzen plataformaz aldatzea»

BEÑAT BIDEGAIN Musikaria

Mahai inguruan, hizlariek apenas izan duten musika talde zehatzen izenik ahotan —salbu eta norberaren proiektuak aipatzeko—, eta, are gehiago, behin baino gehiagotan nabarmendu dute Musikariak Palestinarekin plataformak ez duela asmorik inor «seinalatzeko». Dena dela, Mindegiaren galdera batek xaxatuta, solasera atera dira Spotifyn segitzeko erabakia hartu duten musikariei buruzko iritziak ere. Bidegain: «Boikotean ez parte hartzeak badakar kontra-eraginkortasun bat, baina hori bera ere bada posizionatzea? Ez dakit, agian ez. Pentsatzen dut jende asko zalantzarekin gelditu dela». Iritzi berekoa da Ziriza ere. 

«Algoritmoena eldarnioa da»

Spotifyz harago ere, oro har musika plataforma digitalekiko mendekotasunak sortzen dizkien aznahiak azaleratu dituzte Arangurenek, Bidegainek eta Zirizak. Azken horrek kontsumo ohituretan jarri du arreta bereziki: «Streaming plataforma batean zuk bilatzen baduzu ez-dakit-zer talderen ez-dakit-zein disko, eta hori entzun, igual ez da kontsumitzeko modu eskizofrenikoa, baina kontua da plataforma honetan egote hutsak bihurtzen zaituela playlistetarako merkantzia moduko bat». Hain zuzen, Zirizak auzi hori aztertu zuen joan den urriaren 26an BERRIAren Lauhazka kultur sailean argitaratutako Playlistak egonda, zertarako beste ezer zutabean. 

Plataformek musika bideratzeko daukaten manerak sorkuntzan ere badu eragina; horretan sinetsita dago Bidegain, besteak beste. «Uste dut sortzailea bultzatzen dutela diskoak ez sortzera, baizik eta single-ak sortzera. Geroz eta single gehiago kaleratzen dira, eta gero eta disko luze gutxiago, edo, geroz eta ohikoagoa da lau single ateratzea lehenengo, eta, gehienez ere, single horiek barruan hartuko dituen disko ez oso luze ateratzea gero».

Ados harekin Ziriza, eta, are gehiago, eredu horrek «antsietatea» sortzen duela salatu du, bai musikariarengan bai eta entzulearengan ere. Dioenez, hainbestekoa eta hain etengabea da musika eskaintza, ezen itogarria gertatzen den bi aldeentzat. Musikari gisara berari azaldu zaizkion mamu batzuk ere jarri ditu adibide. «Denbora bat daramazunean musika atera gabe, pentsatzen duzu ea ez ote den jendea zutaz ahaztuko. Baina gero ohartu behar izaten duzu jendeak arnasa ere hartu behar duela». Konposaketa prozesua bera ere kutsatu dezake urgentzia gisako horrek, Zirizaren ustez. Aitorpena egin du: behin baino gehiagotan sumatu du bere burua jendea harrapatzeko aski eraginkorra izanen den errepika baten bila, eta, larrituta, hori lortu ez duelakoan. «Horrelako gauzak pasatzen zaizkizu burutik, nahiz eta azkenean ez diren ezertara iristen, eta atzera begiratzean konturatzen zara horretaz». Industriaren erritmo biziak eta zenbakiek ez itsutzeko halabeharrez egin beharreko ahalaginean egin du azpimarra, funtsean. Algoritmoei eta haien atzean direnei ere egotzi die errua: «Honek guztiak eldarniora zaramatza, algoritmoen eldarniora». 

Ihesbiderik baldin bada

Joko zelaia ez da nahi bezain erosoa. Eta musika industriaren joera hegemonikoetatik aldentzen saiatzea beste aukerarik ez dagoela iradoki dute musikariek, horregatik. Aldiz, Spotify utziz gero beste zer musika plataformatara jo behar litzatekeen galdetuta, agerian utzi dute ez dela bide samurrik. Hilabeteotan, Tidal, Youtube Music, Deezer, Qobuz eta Apple Music aipatu ditu jendeak hautagai nagusitzat, baina, kasu askotan, erabiltzaileek desengainua sentitu dute horietakoren baten alde egin ondotik; dela dirua inbertitzeko maneragatik, dela musika eskaintzagatik, dela musikariei ordaitzeko dauzkaten irizpideengatik. «Ihesbide gutxi daude gaur egun», aitortu du Zirizak. Duda du, eta antzera mintzo dira beste bi solaskideak ere. Ez da giro. 

Baina badago saiatzerik. Eta, izatez, musika aditzeko aukera guztietan hoberena zein litzatekeen aski argi du Bidegainek: euskarri fisikoetan. Azaldu duenez, horietara jotzea izanen da beti «alternatibarik onena», gabeziak izanik ere. Izatez, probetan dabil: orain dela bizpahiru aste ari da euskarri fisikoetara mugatzera saiatzen. «Banabil alde onak eta txarrak ateratzen», onartu du. Txarren arteko bat hauxe da, dioenez: «Hain nago ohituta musika berria entzutera, pila bat sumatzen dela horren falta». Kontsumo ohiturekin korapilatua dago auzia, alegia. Kontuak kontu, Bidegainen tonuan ez dago etsipen airerik batere. Badago biderik urratzea. 

«Kolektibo autogestionatuek musikariekiko daukaten errespetua eta jarrera bada oasi moduko bat honetan guztian»

MARTIN ZIRIZA Musikaria

Plataforma digitalei dagokienez, Bandcampen alde egin dute, nolabait, eta, BERRIAren Badok musika atariak etorkizunean izan dezakeen garapenarekiko esperantzatsu ere azaldu dira Aranguren eta Ziriza. Bitartean, eta baita aurrerantzean ere, zuzenekoetan espero dute aurkitzea «oasia», gune autogestionatuetan bereziki. Ziriza: «Kolektibo autogestionatuek musikariekiko daukaten errespetua eta jarrera bada oasi moduko bat honetan guztian. Nahiz eta baldintzak ekonomikoki hoberenak ez izan, dirua ez den gainontzeko gauza guztietan inon baino hobeki egongo da bai musikaria, bai teknikaria, eta bai entzulea bera ere».