Final bat bizitzeko zortzi modu

Final bat bizitzeko zortzi modu

Bi milatik goiti sarrera jarri dituzte salgai, eta aulkiak betetzean ari dira mantso-mantso. Hutsik daude oraindik, baina astebete barru berokiz, txaloz eta kantuz beteko da Nafarroa Arena. Nafarroako Bertsolari Txapelketa ailegatu da azken geltokira, eta larunbatean ospatuko dute finala, Iruñean. Izena eman zuten 24 bertsolaritatik zortzik lortu dute finalerako pasea, eta honako izenok osatu dute, azkenerako, hondarreko argazkia: Julio Soto Ezkurdiak, Eneko Lazkoz Martinezk, Joanes Illarregi Marzolek, Xabat Illarregi Marzolek, Saioa Alkaiza Guallarrek, Ekhiñe Zapiain Arlegik, Sarai Robles Vitasek eta Eki Mateorena Zozaiak. Nafarroa Arenan izan dira gaur zortziak, eta finalaren aurkezpena egin dute Nerea Bruño Nafarroako bertsozale elkarteko lehendakariarekin eta Saioa Oneka Nafarroako bertsozale elkarteko koordinatzailearekin batera. 

«Goraldi betean gaude Nafarroan. Bidea emankorra izan da, eta berretsita geratu da Nafarroako bertsolaritza une gozoan dagoela, bai bertsogintzaren aldetik, baita bertsozaleen aldetik ere». Halaxe hasi du Bruñok aurkezpena, eta pozik begiratu dio orain arteko txapelketaren ibilbideari. Bertsolaritza Nafarroako lurraldearen luze-zabalera hedatzea zen elkartearen helburuetako bat, eta sinistuta dago lortu dutela hori hala izan dadin: «Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatu ditugu». 

Hain justu goraldi betean egoteak eraman zituen azken erabakia hartzera: finala Anaitasunan egin ordez, Nafarroa Arenan egitera. Baikor agertu da Oneka, eta esplikatu du «inoizko finalik jendetsuena» izatea espero dutela. Datuek eman diote hori sinisteko arrazoia: «Orain arte bildutako betsozale kopuruak eta sortutako giroak horrela pentsatzeko heldulekuak ematen dizkigu». Lehen fasean 600 lagun inguru bildu ziren bertsoen bueltan, eta finalaurrekoetan, berriz, 650. 

Kontent daude biak finalak eman duen argazkiarekin, berria delako hein batean, bai belaunaldiartekotasunari dagokionez, bai generoari dagokionez ere. 

Txapela emateko ardura

Eta erran dute nor omenduko duten ere; alegia, nork jantziko dion txapela finalaren irabazleari. Norbanako batek janztea izaten da ohikoena, baina kolektibo oso baten esku utziko dute hori aurten: Zaldiko Maldiko elkartearen esku. Halaxe argudiatu du Bruñok txapel emailearen aukeraketa: «Zaldiko Maldiko erreferente bat dira Iruñean, euskaldunontzat arnasgune bat. Euskal kulturarekin eta bertsolaritzarekin harreman estua du, eta eskerrak eman nahi dizkiogu bertsolaritza sustatzeko egindako ekinbide guztiengatik». 1981ean sortu zen elkartea, eta urtebete eskas igaro ondotik antolatu zuten elkartean estreinako bertso eskola, Lontxo Aburuzarekin batera. Etengabeko presentzia izan du ordutik bertsolaritzak Zaldiko Maldikon: bertso eskolak, Bardoetako saioak eta Señora Sariketako finala egin dituzte, kasurako. Alabaina, elkartea omentzeaz gain, bolondresak eskertzeko probestu dute gaurko parada, eta nabarmendu dute «ezinbesteko piezak» direla ezein saio antolatu ahal izateko. 

Astebete falta den honetan, argibide eta datu tekniko batzuk eman dituzte Onekak eta Bruñok. Hona hemen horietako batzuk: Ateak 16:00etan irekiko dituzte, eta garaiz joatea gomendatu dute, pilaketak ekiditeko eta puntual hasi ahal izateko. Are, harako bidea garraio publikoan egitea aholkatu dute, baldin eta horretarako aukerarik bada. Iruñean bertan 1,6,9,11 eta 16 aitobus lineak erabilita irits daiteke bertara. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude salgai, eta online bidezko guztiak saltzen ez badira, egunean bertan jarriko dituzte eraikineko lehiatilan. Eta, azkena: puntu morea jarriko dute. Erasoren bat ikusiz edo bizituz gero, bertara jo daitekeela esplikatu dute, baita lantaldefeminista@bertsozale.eus helbidera idatzi ere. 

Zortzi finalistak Nafarroa Arenan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001)

«Bertsotan zer egiteko gai naizen erakutsi nahi nuke, eta horrek ondoriorik ekarriko balu, ba oso pozik».

 

Laugarren txapelketa du Illarregik, eta ahalegindu den aldi guztietan iritsi da finalera. 2019an hartu zuen parte lehen aldiz, eta 2021ean eta 2023an ere han izan zen. Aitortu duenez, «oso desberdina» izaten da txapelketa bakoitza, eta hark behintzat, ikasteko baliatzen du aukera, bertze gauza batzuen artean. «Nik ikasten dut txapelketari buruz, baina nire buruaz ere asko, bai bertsokeraz eta bai finalean egoteko jarreraz», erran du, eta ilusioz datorrela nabarmendu. «Pertsonalki beste pauso bat emateko gogoz nator. Bertsotan zer egiteko gai naizen erakutsi nahi nuke, eta horrek ondoriorik ekarriko balu, ba oso pozik». 

Sarai Robles Vitas (Barañain, 1996)

«Aurten modu kontzienteago batean joan nahi nuke finalera»

 

Roblesek bigarren aldia du aurten Nafarroako finalean, azkeneko aldian ere iritsi baitzen hara. Seigarren txapelketa du aurtengoa. Eta, hain justu, aitzineko finalaz aritu da aurkezpenean, eta esplikatu du ez zuela jakin neurtzen zer zen finala, eta zer eragiten dion horrek norberari. «Orain dela bi urte oso pozik nengoen, eta bigarren aldi honetan ere bai, baina aurten modu kontzienteago batean joan nahi nuke finalera». Esperientzia motxilara eramanda, ahal bezain lurreratuta egon nahi luke Roblesek, eta ahal bezainbertze gozatu eta aritu. «Hori da nire aldartea, kontziente izatea eta non nagoen sentitzea; asmatzea. Eta ahal dela, bertsotan ongi egitea». 

Julio Soto Ezkurdia (Gorriti, 1987)

«Finalista talde honen parte izatea oso pozgarria da bertsolari eta bertsozale ikuspuntutik»

 

Sei aldiz izan da Nafarroako txapeldun, eta 2006an iritsi zen lehendabiziko aldiz finalera. Hamaikagarren finala du aurten, eta ilusioz begiratzen dio finalari. «Geroz eta zaharragoa naiz, eta geroz eta gazteagoa den finalista talde honen parte izatea oso pozgarria da bertsolari eta bertsozale ikuspuntutik; uste dut oso argazki ederra gelditu zaigula», erran du; eta kontziente dela final batek zer erronka, zer ondorio eta zer aukera eskaini ditzakeen. «Begirada eta ilusio hortatik begiratzen diot finalari». Finalean emankor aritzeko, baina, ongi daki «erruz» egin beharko duela lan, eta prest dago horretarako. Soto: «Baletoz bertso onak eta baletor argia, ba konforme; eta bestela, badakigu zer den hau».

Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999)

«Txapelketa erakusleiho bat da ikusteko nolakoa izan den urteotako garapena»

 

Bortz aldiz hartu du parte txapelketan, eta laugarren finala du aurten Illarregik. Finalera begira dago orain, baina argi dauka eguna iritsi arte ez duela jakinen zer gorputzaldirekin igoko den oholtzara. Badaki, ordea, zer gustatuko litzaiokeen: «Gustatuko litzaidake gozatzeko eta saio ona egiteko gai izateaz gain, aurreko txapelketatik zer garapen eta ibilbide izan dudan erakusteko gai izatea». Saioz saio aritzen da Illarregi, baina bertzelako saio mota bat dira beretzat txapelketak, eta mugarri gisa definitu du gaur finala. «Bertsolari baten ibilbidean mugarri gisako bat da txapelketa, erakusleiho bat delako ikusteko nolakoa izan den urteotako garapena. Egun ona tokatuko balitzait, oso gustora egongo nintzateke».

Zortzi finalistak Nafarroa Arenan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Eneko Lazkoz Martinez (Etxarri Aranatz, 1983)

«Nahiko urte zaila pasatzetik nator, eta nahi nioke inguruari poz txiki bat eman»

 

Bederatzigarren aldiz oholtzaratuko da Lazkoz Nafarroako finalean, eta jarduteko gogoz agertu da aurkezpenean. 2004an hartu zuen lehen aldiz parte txapelketan, eta 2010etik hona finalista izan da txapelketa guztietan. Hain justu final anitz bizitutakoa delako daki aldatzen ari direla oholtzak, baita finala bera ere: «Eskerrak aldatzen ari diren finalak. Denok nahi dugu gaztetu eta berritu dadila oholtza hori, baina denok egon nahi dugu hor, nahiz eta zaharrak izan». Bertze final baten bila, gogotsu eta ilusioz agertu da Lazkoz, eta prest dago finalak emanen dizkion aukerak probesteko. «Ez dakit pertsonalki zer egiteko gai izango naizen, baina nahiko urte zaila pasatzetik nator, eta nahi nioke inguruari poz txiki bat eman».

Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002)

«Aitzineko txapelketetan sentitu dut ez dudala aukera ongi probestu, eta aurten nire buruari probesteko erronka hori jarri nion» 

 

Hirugarren aldiz probatu du Zapiainek txapelketa, eta lehen aldiz sartu da aurten finalera. 2021ean eta 2023an finalaurrekoetan gelditu zen, eta zapore gazi-gozoa utzi dio bide horrek. Hala kontatu du: «Aitzineko txapelketetan sentitu dut ez dudala aukera ongi probestu, eta aurten nire buruari probesteko erronka hori jarri nion. Lehendabiziko aldi horren ilusioz nator, ahalik eta hobekien egitera». Dena dela, aitortu du «beldur pixka bat» ematen diola finalaren dimentsioak, baina lasaitua hartu du gaur eraikin barrenera sartu denean. «Izugarrizko ilusioa egiten dit hemen egoteak, nahiz eta beldur puntu bat ere baduen honek denak». Finalean kantatzen duen lehen aldia ez ezik, esplikatu du estreinako aldia duela «hainbertze jenderen aitzinean» kantatzen, eta horrek urduritu adina poztu egiten duela. 

Saioa Alkaiza Guallar (Iruñea, 1991)

«Kolektiboki bizi dut txapelketa, eta pozik nago ikusita nola ari den berritzen finala»

 

Ilusio handiz eta kontent begiratzen dio Alkaizak ere bere hirugarren finalari. Badaki zer den finalista izatea, eta baita txapeldun izatea ere; 2021ean eraman zuen saria. «Uste dut lantalde hau aldaketa horren lekuko dela», azaldu du, eta sinistuta dago bertsotan maila onean aritu direla fase guztietan. Are, aipamen txiki bat egin die finaletik kanpo gelditu diren bertsolariei: «Orain arteko bidean sekulako maila ikusi dugu, eta horren adibide dira kanpoan gelditu diren makina bat bertsolari on». Indibidualki bainoago, kolektiboki bizi du Alkaizak txapelketa, eta pozik dago «ikusita nola ari den berritzen finala». Maila pertsonalari dagokionez, «inoizko mailarik onenean» sentitzen du bere burua, baina ez daki ziur asmatu ote duen horretan. «Ongi sentitzen dut nire burua bertsotan, baina aldi berean uste dut saio batzuetan kolokan edo argi erakutsi gabe geratu dela maila hori», kontatu du, eta horretara joanen da finalera, beraz. «Nire estiloari lehial aritu nahi dut oholtzan, eta txapelketak ezarri dezakeen homogeneotasun artistiko horri men egin gabe jardun nahi nuke. Finala ederra izanen da baldin eta denok asmatzen badugu daukagun gehiena eskaintzen». 

Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2005)

«Taldekide hauekin finalean kantatzea bada nire buruari egiten diodan aitortza txiki gisako bat» 

 

2023an lehen aldiz kantatuta, bigarren saiakera egin du aurten Mateorenak, eta lortu du finalera ailegatzea. Lehen aldia izanen du aurten han kantatzen, eta pozik dago aukera hori lortu duelako. Alabaina, susmoa du nahiko gorabeheratsua izan dela bere txapelketa, eta hain zuzen ere horregatik, «poz handi-handia» izan da finalera sartu ahal izatea. «Uste dut nire bertsoarekiko aldaketa fase batean-edo nagoela, eta taldekide hauekin finalean kantatzea bada nire buruari egiten diodan aitortza txiki gisako bat». Lehen aldiak dakarren ilusioz, baina zentratuta egon nahi luke Mateorenak, non dagoen ahantzi gabe. Hala esplikatu du: «Oholtzan sentitu nahi nuke nire burua, ez beste inon; horixe da nire helburu nagusia. Ikusiko da zer aldaketa egiteko aukera ematen didan finalak».