Hogeita bost urte pasaren ondotik, Hatortxu Rock elkartasun eta musika jaialdiak aurtengo uztailean esan zuen agur, Lakuntzan (Nafarroa). Inoizko egitaraurik zabalena prestatu zuten horretarako, inoizko jende gehien biltzea lortu zuten lau egunez, eta azken ekitaldian, festibala behin betiko agurtzearekin batera, haren lekukoa hartuko zuen jaialdi berri bat iragarri zuten antolatzaileek: Aske. Data ere iragarri zuten orduan, abenduaren 27a, eta bihar egingo dute, bada, haren estreinako aldia. Atarrabian (Nafarroa) izango da, hamabost bider Hatortxu Rocken «etxe» izandako herri berean, eta hamabost izango dira parte hartuko duten taldeak ere. Sarrerak oraindik eskuragarri daude, 35 eurotan.
Hiru gunetan banatu dute egitaraua —Auzolana, Askatasuna eta Herria—, eta Bisaiak taldea izango da musika doinuak aireratzen lehena, 16:00etan hasiko baita —ordu erdi lehenago irekiko dituzte ateak—. Arratsaldean, ondorengo talde hauen kontzertuak izango dira bata bestearen segidan: Nafarroa 1512 (17:00), The Clayton (18:00), Hazas & Jagoba (18:05), Neomak (19:10), Sustrai Berriak (20:00) eta Juantxo Skalari & La Rude Band (20:25); eta eten bat egingo dute gero, 21:35 aldera, antolatzaileek prestatu duten ekitaldiari tarte bat egiteko.
Haren ostean hasiko dira gaueko kontzertuak: Chuleria, Joder! (22:05), Merina Gris (22:10), Gozategi (23:25), Marte Lasarte (00:00), Janus Lester (00:35), Streetwise (01:45), Kaparrak (03:00) eta Dodosound (04:00). Euskal Herriko trabestiak, bestalde, arratsaldetik ordu txikietara arituko dira Herria gunean, eta haiena izango da bertako eszenatokia ere 01:00etatik aurrera.
Aske nahiaren aterpe
Aurten duela 26 urte abiatu zuen bere bidea Hatortxu Rockek, 1999. urtean, bi helbururekin: euskal preso politikoen, iheslarien eta deportatuen egoera salatzea eta presoen sakabanaketak zigortutako senide eta lagunei ekonomikoki laguntzea. 30 bider antolatu ostean esan zioten agur festibalari, udan, eta «elkartasun forma berriei bide emateko» sasoia dela esan zuten orduan. Nolabait, Hatortxuk utzitako hutsunea Askek beteko du aurrerantzean, eta «askatasunaren aldeko topagunea» izateko bokazioa izango duela azaldu dute arduradunek: «Norbanakoaren eta gure herriaren askatasunaren ulertze kolektiboa da gurea. Euskal Herri aske baten soinu banda sortu nahi dugu: euskalduna, feminista, antikapitalista, solidarioa… Hamarkada luzez gogor kolpatua izan da geure herria eta geure jendea. Orain, herri eta jendarte hori eraikitzeko garaia da».
Posizio horretatik, egungo testuinguru globalari adi daudela ere esan dute antolatzaileek, eta, zehazki, palestinar herriaren aurkako genozidioari egin diote azpimarra. Israelen aurkako boikota, desinbertsioa eta zigorrak eskatzen dituen BDZ mugimenduarekin bat eginda, ez dute Israelen ekoitzitako produkturik eskainiko barran. Sukaldean, berriz, Nafarroako produktuak lehenetsi dituzte, eta adierazi dute «herri mugimenduaren balioek» jaialdian ahalik eta isla handiena izan dezaten egin dutela lan, oro har. «Indibidualismoaren, handinahikeriaren, lehiakortasunaren… aurka, auzolana eta elkarlana dugu guk lanabes», defendatu dute.
