Denetariko oinarri musikal, bertso ariketa eta tramak bilduko ditu Iruñeko Bertsoaroa festibalaren 35. aldiak

Denetariko oinarri musikal, bertso ariketa eta tramak bilduko ditu Iruñeko Bertsoaroa festibalaren 35. aldiak

Negu beteko asteetan koskaz koska aurrera egiten laguntzeko eskua bertsolaritzak emanen dio aurten Iruñeari, berriz ere. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak Bertsoaroa zikloa antolatu dute beste behin; asteon eman dute programazioaren berri, eta azken urteotako datu oparoenak utzi dituzte bistara hala: zazpi emanaldi izanen dira guztira, hiriko zazpi espaziotan banatuta, preseski. Osotara 26 bertsolari ariko dira kantuan, haurrentzako tailer bat ere antolatu dute, eta literaturari ere eginen diote tokia, besteak beste. Zehazki, Bertsoaroaren 35. aldia izanen da aurtengoa, eta, hain justu, sorreratik pilatutako edizioen zerrenda baino are zabalagoa izanen da zikloaren iraupena oraingo honetan: hasieratik bukaerara, 36 egun tartean. Asteartean eginen dute lehenbiziko saioa, otsailaren 3an, Kondestablearen jauregian, eta martxoaren 12an bukatuko dute, Herriko Tabernan eginen duten bertso afariarekin. 

Bertsoaroaren formari dagokionez, usadio bat errotzen ari delako susmoa indartzen du egitarauko lehenbiziko emanaldiak: bertso trama saioa izanen da berriz ere, bertsolari gaztez osatutakoa atzera, eta Kondestablearen jauregian eginen dute, 19:00etan hasita. Iragan urteetan ere molde horren alde egin izan dute antolatzaileek, eta, oraingo honetan, bertsolari hauek deitu dituzte kantuan aritzera: Beñat Astiz, Ekain Tolaretxipia, Idoia Granizo, Izaro Bilbao, Jabi Lezaun eta Lide Goenaga. Iratxe Legarrak eta Patxi Buenok emanen dizkiete gaiak. 

Otsailaren 5ean eginen dute bigarren saioa: Eki Mateorena, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Maider Arregi, Sarai Robles eta Xabat Illarregi Nafarroako Antzerki Eskolan arituko dira bertsotan, 19:00etatik aurrera, Ander Aranburu gai jartzailearen esanetara. Emanaldiaren hastapenean, hori bai, Iruñeko VI. Bertsopaper lehiaketako sari banaketa eginen dute bertan. Zehazki, Olaia Leitza, Beñat Anbustegi, Asier Bizkai, Alazne Untxalo, Eider Azkoaga eta Xabi Maia nagusitu dira edizio honetan.

Otsailaren 12an, bertsoa eta musika elektronikoa josteko erronka izanen dute Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Haira Aizpurua bertsolariek, Itzali eta piztu saio berezian. Laba aretoan eginen dute  

Astebetera, hilaren 12an, doinu eta errimekin jostatzeko erronka ez ezik, haiek elektronikarekin jostekoa ere izanen dute bertsolariek Iruñean. Itzali eta piztu izena jarri diote saioari; Laba aretoan eginen dute, 19:00etan, eta honako hau izanen du funtsa: bertsolariek Aner Peritzek eta Manex Pagolak aireratutako musika elektronikoaren gainean osatu beharko dituzte bertsoak. Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Haira Aizpurua ariko dira kantuan, eta Ainhoa Larretxea izanen da gai jartzailea. 

Ostegunetik hurrengo ostegunera eginen du jauzi Bertsoaroak gero, eta auzoz ere aldatuko da halako batean: Txantreara. Otsailaren 19an, 19:00etan hasita, Txantreako Salestarren Zentro Komunitarioan bertso saioa eskainiko dute Aitor Etxebarriazarragak, Aroa Arrizubietak, Eneko Lazkozek, Sahats Karasatorrek, Maddi Ane Txoperenak eta Nerea Ibarzabalek, Alaitz Rekondo gidari dutela. 

Literatura, josteta, festa

Otsailaren 26rako, bertso saio literarioa antolatu dute Bertsoaroaren gerizpean. Hain justu, Ane Labakaren Hezur berriak liburuan oinarrituko dira, autorea bera izanen da gidari, eta Alaia Martin eta Maialen Akizu ariko dira bertsotan. Musikarik ere izanen da saio horretan: Ines Osinagak jarriko du. Biharamunean, aldiz, ibilbide luzeko plazandreei haurrek hartuko diete lekukoa: Iturrama auzoko Civivoxen, Bertso Jasa, bat-bateko Jolasa bertso saioa eginen dute, 17:00etan. Jostetaren bidez haurrak bertsolaritzara hurbiltzea da emanaldiaren asmoa. Saioa 8 eta 12 urte arteko haurrentzako modukoa da, eta, doakoa izanagatik, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea: nafarroa.sustapena@bertsozale.eus helbidera mezua idatziz edo 948143747 telefonora deituz egin daiteke, otsailaren 26ra artean betiere. 

Bertsoak alaitutako afaloste batek emanen dio bukaera 35. Bertsoaroari: martxoaren 12an, Herriko Tabernan. Hain zuzen, zikloaren programazio osoan emanaldi hori da ordainpekoa den bakarra. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude salgai, 25 euroan.