Nafarroan tonaka alpapa blokeatuta dago, Ormuzko itsasarteko egoeraren ondorioz

Nafarroan tonaka alpapa blokeatuta dago, Ormuzko itsasarteko egoeraren ondorioz

Ormuzko itsasartearen itxiera bi norabidekoa da. Ez die eragiten Persiar golkoko herrialdeetatik irteten diren petrolio eta gas itsasontziei soilik. Alpapa ez da geoestrategia baldintzatuko duen produktu bat, baina hango zaldien, gameluen eta behien bazkarako jaki preziatua da; eta, gerra hasi denez geroztik, alpapa garraiatzen duten itsasontziak Kuwaiteko, Qatarko eta Arabiar Emirerri Batuetako portuetan lehorreratu ezinik dabiltza.

Egoerak bete-betean eragin die alpapa nazioartean saldu ohi duten Nafarroako bi enpresari: Liverco eta Nafosa. Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek gerra hasi zutenetik, Iranek estrategikoki baliatu du Ormuzko itsasartearen gaineko kontrola. Zamaontziak handik igaro ezin zirenez, tonaka alpapa biltegietan gordeta eta beste portu batzuetan sakabanaturik eduki dute, sektoreko beste enpresa askoren modura. Asteazken iluntzean AEBek iragarritako su-etena ikusirik, Iranek pasabidea zabaltzeko konpromisoa adierazi du, baina egoera oso hauskorra da. 

198.088

Produkzioa Nafarroan. Iaz, 198.088 tona alpapa bildu zituzten Nafarroan. Batik bat hegoaldean ekoizten dute, Ebro ibaiaren ibarretan: zehazki, Erriberan 115.595 tona ekoitzi ziren, eta Goi Erriberan beste 66.662 tona. Erdia inguru esportatu egiten da. Datu ofizialen arabera, 56.300 tona saldu ziren atzerrian, baina Nafosaren Azkoiengo lantokiaren esportazioak Aragoiko datuen artean zenbatzen dira. 

Livercok Buñuelen (Nafarroa) du egoitza, eta 34 langile ditu. Haren produktu nagusia alpapa lehortua da, bai alpapa gordina bai eta trinkotutako pellet zatiak ere. Horrez gain, animalien bazkarako artoa, oloa, lastoa eta llollobelarra saltzen dituzte, gehienbat atzerrian, eta %80 inguru Ekialde Hurbilera esportatu ohi dute.

Nafosa Navarro Aragonesa de Forrajes enpresa 1940an sortu zuen Oses sendiak, Azkoienen (Nafarroa). Jatorriko lantokia Nafarroakoa bada ere, egoitza nagusia Huescan dute (Aragoi, Espainia). Beste hiru lantoki dituzte Aragoin eta Argentinako Patagonian, eta, horregatik, animalien elikagaien industriako enpresa handienetakoa da Nafosa. Azkoiengo lantokian 48.000 tona alpapa bildu ohi dituzte urtean, eta haren ehuneko handi bat esportatu ohi dute: %60 inguru Persiar golkora joan ohi da.

20.000 tona noraezean

Ustekabean harrapatu zituen Ormuzen itxierak. Lehen kolpean, Livercok 250 edukiontzi zituen Persiar golkora bidean, eta Nafosak 611 inguru: orotara, 20.200 tona alpapa itsasoan noraezean. Produktu hori Zipreko eta Greziako portuetara bideratu behar izan zuten. Alternatiba gisa, Saudi Arabiak Itsaso Gorrian duen Jiddako portuan lehorreratzea proposatu diete, eta handik kamioietan Persiar golkoraino eramatea alpapa. Konponbide hori ez da bideragarria, garraio kostuek nabarmen egingo luketelako gora. Era berean, beste portu batean produktuak geldirik izateak gainkostuak eragin dizkie.

Azken asteetako buruko min nagusia izan da, baina atzean kezka handiago bat dago. Zenbat iraungo du egoerak? Ziurgabetasunaren erdian, biltegietan pilatuta dago alpapa. Asia ekialdeko merkatuetan sal dezakete —Hego Korean, Txinan eta Japonian—, baina bezeroak galtzeko arriskua dute azken urteetan asko handitu den merkatu batean, Persiar golkokoan. Ezbai zaila da, eta orain hitzartu berri den bi asteko su-etena lagungarri izan daiteke Mediterraneoko portuetan sakabanaturik dauden alpapa edukiontziei irtenbide bat bilatzeko. Dena den, luzarora begira, egoera ez da argituko Ormuz behin betiko zabaldu arte. 

Ekoizleei ere eragin die

Egoera nahasi horrek Erriberako alpapa ekoizleei ere eragiten die. Kanpaina hasi berri da, eta Carlos Sanchez UAGNko kide eta alpapa ekoizleak ere ez daki zer gertatuko den. «Ni ezin naiteke zain geratu. Ezin diezaioket alpapa landareari esan: ‘Aizu, itxaron’. Ni lanean hasia naiz». Hain zuzen ere, orain ekingo dio Sanchezek alpaparen kanpainari: asteon segan egin du, eta, lurrean idortzen utzi ostean, astebete barru bilduko du: «Ez dakit zenbatean salduko dudan, ez dakit enpresa deshidratatzaileak produktua saltzerik izango ote duen eta, beraz, niri erosiko ote didan». 

Guztiak eztanda egin aurretik, «perspektiba onak» zituzten enpresek eta laborariek. Urte hasieratik, alpapa tona %11 inguru garestitu da, eta 250 euroan salerosten zen martxo amaieran Nafarroan. Sanchezek Buñuelgo Livercori saltzen dio produktua, eta, kanpaina hasi aurretik, bilkura bat egin zuen haiekin. «Aurreikuspen onak genituen. Kopuru handiak biltzea espero genuen, eta prezio hobeak lortzea. Orain, ordea, Ormuz itxi eta gero, ziurgabetasuna da nagusi». 

«Aurreikuspen onak genituen. Kopuru handiak biltzea eta prezio onak lortzea espero genuen. Orain, ordea, ziurgabetasuna da nagusi»

CARLOS SANCHEZ UAGNko kide eta alpapa ekoizlea

Laborearen ezaugarriek ere eragiten dute. Behin ereinda, lur sail batean lauzpabost urte iraun dezake alpapak. «Landareak nitrogenoa hartzen du atmosferatik, eta lurpean uzten du. Gero, lur sail horretan zereal bat ereiten baduzu, nitrogeno hori oso ongi datorkio», azaldu du Sanchezek. Urtero, alpapa kanpaina udaberrian hasi ohi da, eta hilero bil daiteke. Eguraldiaren arabera, irailera edo urrira arte segatu eta bil daiteke.

Kanpaina hasiera denez, egoera kudeatzeko tartea badute enpresek. «Orain nabeak nahiko hutsik daude, baina biltegiak bete ahala sortuko dira arazoak», azaldu du Sanchezek. Bi hilabete barru korapiloa askatu ezean neurriak hartu beharko dituela uste du: «Alpapa zoruan utz daiteke. Ureztatu gabe ez da haziko, eta udan ez nuke segatuko, baina ez da hilko, erro sendoak dituelako. Dirua irabazteari utziko nioke, eta hori da nire ogibidea»