Nafarroako biogas planten etenaldia beste bi urtez luzatzeko eskatu dute herri plataformek

Nafarroako biogas planten etenaldia beste bi urtez luzatzeko eskatu dute herri plataformek

Viana, Los Arcos, Lodosa, Sesma, Arroiz, Mendabia, Cintruenigo, Sartaguda eta Murillo el Cuende. Biometanizazio plantak jarri nahi dituzten Nafarroako udalerrietako batzuk baino ez dira horiek guztiak. Azpiegitura horietarako, hamabi hilabeteko luzamendu bat onartu zuen foru gobernuak, 2025eko urrian. Hala ere, neurri hori bertan behera geldituko litzateke, eremu kalteberetan ongarritze organikoari buruzko araudia onartuko balute, eta etenda dauden proiektuak abiatuko lituzkete. Hori dela eta, gutxienez beste bi urteko luzamendua eskatu dute Stop Biogas aterkipean batzen diren herri plataformek.

Biomekanizazio planten kontrako Nafarroako bederatzi udalerritako plataformek idazki bat aurkeztu dute gaur Nafarroako Parlamentuan. Foru erakunde horretako talde politikoei mintzatu zaizkie idatzian, eta bertan jasotako gogoetak aintzat har ditzaten eskatu diete.

Mota horretako azpiegiturak jartzeko, bi urteko luzamendu bat eskatu zuten herri plataformek, iaz; izapidetzen ari ziren planta guztiei eragingo liekeen luzamendua, alegia. Plataforma horiek guztiak biltzen dituen Stop Biogas koordinakundearen hitzetan, «helburua zen gai honen inguruko plangintza demokratikoa egitea, baldintza eta bermeekin, arrazionaltasunean, benetako premien ezagutzan eta eragindako sektoreen parte hartze eraginkorrean oinarrituta».

Hala ere, gogorarazi dutenez, 2025eko urrian Nafarroako Parlamentuak luzamendu bat onartu zuen, zeinak hasierako aldarrikapenak «urardotzen» baitzituen. Luzapenaren iraupena hamabi hilabetera murriztu zuen, edo eremu kalteberetan ongarritze organikoari buruzko foru araudia onartu arte. Eta, Stop Biogasek zehaztu duenez, hauetara mugatu ziren: izapidetzen ari ziren proiektuei buruzko diagnostiko tekniko bat egitera, proiektuen inpaktuak aztertzera, eta plangintza orekatua eta iraunkorra bermatzeko gomendioak aurkeztera.

Herrietako plataformen iritziz, egoera «oso kezkagarria» da: «Ez dakizkigu Nafarroako Gobernuak plangintza jasangarri baterako diagnostiko, inpaktu edo gomendioen arloan egin ahal izan dituen ekintzak». Horrez gain, luzamendua datozen hilabeteetan amai daitekeela diote, lehen adierazitakoagatik. «Horrek gaur egun etenda dauden proiektuak aktibatuko lituzke, eta horiei Erriberan jada iragartzen ari diren beste proiektu batzuk gehituko litzaizkieke», gaitzetsi dutenez.

Egiteko asko

Horren guzti horren aurrean, plataformek uste dute «egiteko asko» dagoela, «biometanizazioaren aukerak lurraldeei, lehen sektorearen bideragarritasunari eta lurraldeetako bizi kalitateari kalterik ez eragitea nahi badugu». Hori dela eta, talde politikoek aintzat hartzeko proposamenak jasotzen dituen idazki bat erregistratu dute parlamentuan, hiru eskakizun nagusirekin.

Batetik, beste luzamendu bat onartzea edo oraingoa luzatzea nahi dute. Izan ere, haien ustez, «egungo luzamendua ez da nahikoa». «Asko dira egiteke dauden zereginak: tokiko beharrak aztertzea, eragindako sektoreen parte hartzea, plangintza demokratikoa, sektorerako berariazko araudi baten beharra; eta une honetan falta diren ikuskapen, zaintza eta kontrol mekanismo eraginkorrak», azaldu dute. Gutxienez, beste bi urteko luzamendua beharko litzateke, gehitu dutenez.

Bestalde, prozesu horretan, «interes orokorra lehenetsi» beharko litzateke, «enpresa sustatzaileen interesen gainetik». Biogas planten kontrakoek zehaztu duenez, «beharrezkoa da gure lurzoruen, ibaien eta akuiferoen kalitatea zaintzea; baita lehen sektorearena ere, kalitatezko elikagaiak ekoizteko orduan».

Azkenik, «hurbiltasun ereduaz» mintzatu dira; tokian tokiko nekazaritzak eta abeltzaintzak sortutako hondakinak aprobetxatzea ahalbidetuko duen eredu bat, alegia.

«Tamaina handiko makroplantetan nekazaritza eta abeltzaintzatik ez datozen hondakinak ere nahasten dituzte, eta hauek garraiatzean distantzia luzeak egin behar dira. Horrez gain, nitratoek eragindako kutsaduragatik berez kalteberak diren eremuetan ingurumen kalte handiak izateko arriskua sortzen dute», txarretsi dute.

Herritarrei deia

Horiek dira Nafarroako Parlamentuko talde politikoei helarazi dizkieten gogoetak. Baina, aldi berean, plataformen koordinakundeak herritarrei dei egin die dagoeneko kaltetuak izan diren herrietan egiten dabiltzan ekintzetan parte har dezaten. Aldi berean, «Nafarroa osorako garrantzitsuak» diren bi ekitaldi antolatu dituzte.

Batetik, maiatzaren 6an, Antonio Turiel zientzialariak hitzaldia emango du, 19:00etan, Iruñeko Txantrea auzoko zentro komunitarioan: Berriztagarriez hitz egiten. Biogasa Nafarroan: konponbidea ala arazo berria leloa jarri diote saioari. Horrez gain, maiatzaren 10ean, manifestazioa egingo dute, 12:00etan, Iruñeko Baluartetik abiatuta.