Nork berea, eta denak elkarrekin: Iruñeko Arrosadiko Oberena dantza taldeak kulturarteko jaialdi bat eginen du bihar, auzoko Felisa Munarriz plazan, 12:00etan. Dantzariak ordu erdi lehenago abiatuko dira Oberenaren egoitzatik, kalejiran. Helburua baita dantzan elkartzea, eta dantzaren bidez elkarren berri izatea eta kulturen arteko sarea ehuntzea. Oberenak 85 urte bete ditu, eta urteurren hori ospatzeko antolatutako egitaraua itxiko du biharko emanaldiarekin. Euskal dantzekin batera, Palestinakoak, Boliviakoak, Ekuadorkoak eta Kataluniakoak erakutsiko dituzte.
Jaialdiaren bidez, auzoko errealitatea islatu nahi du Oberenak, hamaika herritako jendea bizi baita Arrosadian. «Hori da gure auzoak dituen berezitasunetako bat: hamaika kultura daude elkarrekin bizitzen. Errealitate hori hartu dugu abiapuntu», azaldu du Oier Urra Oberenako kideak. Aniztasun horri «gorazarre» egin nahi dio taldeak, eta, aldi berean, «gero eta gehiago zabaltzen ari diren mezu erreakzionario eta arrazistei aurre egin».
Han edo hemen bizi, «nork bere kulturari eusteko eskubidea» duela nabarmendu du Urrak, eta garbi erran du biharko jaialdian inor ez dela bertzeen gainetik egonen. Kontua da elkarrekin aritzea, eta elkarri irakastea. Izan ere, eguerdiko emanaldiaz harago, Oberenako eta gainerako taldeetako kideek asteburua baliatu nahi dute elkar ezagutzeko, harremana sendotzeko eta bertzeen dantzak, kultura eta tradizioak ikasteko.
Oberenarekin batera, auzoko bertze talde batek ere parte hartuko du jaialdian, Tinkus San Simon izenekoak. Bi taldeok aurretik ere aritu dira elkarrekin, eta hemendik aurrera ere badute elkarlan hori sendotzeko asmoa. «Ez bakarrik haiekin: parte hartuko duten talde guztiekin», berretsi du Urrak.
Oberenako kideak jaialdia hasteko gogoz dira. Taldeak elkarrekin dantzatuko dira, eta bazkaldu, afaldu, eta Iruñea eta inguruko bertze herriren bat ezagutzeko txangoak egin ere bai. 120 dantzari inguru ditu Oberenak, bai eta fanfarrea eta txistu eskola bat ere. «Harrobia bada», erran du Urrak. Bihar dantzan jarriko dute auzoa.
Palestina
Watani Group, aberria eta kultura aldarrikatzeko talde bat
Palestinako dantzak eskaintzen dituen Madrilgo Watani Group taldea. WATANIK UTZITAKOA
«Mezu politiko batekin gatoz: Palestina erresistitzen ari da, eta guk, gure herritik kanpo egon arren, segitzen dugu haren alde borrokan, kulturaren bidez». Madrilgo Watani Group dantza taldeko kide Sara Tubasirenak dira hitzak. 2023an sortu zuten, eta, geroztik, han eta hemen aritu dira palestinarren dabke dantza erakusten. Oberena taldeak antolatutako jaialdian parte hartzeko «irrikan» dira: «Palestinarron kulturaren berri eman nahi dugu Iruñean».
Palestinan jaiotako lau kidek sortu zuten Watani —nire aberria euskaraz—, duela hiru urte. Tubasi ere erdi palestinarra da. «Bostok osatzen dugu taldearen muina, baina bertze jende askok egin du bat gurekin taldea abian jarri genuenetik. Palestinaren aldeko elkartasuna erakutsi nahi izan dutenak batu dira taldera», azaldu du.
Erroei eusteko ahalegina egin nahi du Watanik dantzaren bidez, palestinarren tradizioa jaso baitu dabke izeneko piezak. Egun ere, telebistaren bidez mundura zabaldutako genozidio baten erdian, Gazako jendeak dantzatzeko bat egiten duela nabarmendu du Tubasik: «Ez gara dantzatzen kontent gaudelako; bizi nahi dugula errateko dantzatzen gara, eta gure kulturari eusteko».
Watani taldeko zortzi kide ariko dira bihar Iruñeko Arrosadiko Felisa Munarriz plazan. Dantzen bidez ez ezik, jantzien bitartez ere zabaldutako dute palestinarren kulturaren berri, herri horretako brodatu tradizionalekin apaindutako arropa izanen baitute. Bertze taldeen jantziak, dantzak eta tradizioak ezagutzeko «gogoz» da Tubasi: «Elkar ezagutzea eta elkarri irakastea da kontua». Azken urteotan telebisten bidez zabaldutako irudiak bazter utzi nahi ditu, behingoz. «Gaza aspalditik da espetxe bat. Anitzek penaz egiten digute so, baina ez dugu hori nahi. Herri bat gara, hemen gaude».
Ekuador
Dantza, nork bere erroei eutsi ahal izateko
Ekuadorko dantzen Raices Andinas folklore taldea; Tuteran sortua da. RAICES ANDINAK TALDEAK UTZITAKOA
Tuterako Raices Andinas folklore taldeak 2019ko azaroaren 19an egin zuen bere lehendabiziko emanaldia: «Ekuadorko Quincheko Ama Birjinaren eguna zen, besta egun handia gure herrian», oroitu du taldeko arduradun Fernando Floresek. Hura 14 urterekin ailegatu zen Nafarroaran Ekuadortik. Egun 39 ditu, eta aitortu du anitzetan ez hango, ez hemengo sentitzen dela. Esperientzia horrek eman dio bidea taldea sortzeko, hain zuzen: hango eta hemengo izan daitezkeela erakutsi nahi die taldeko kide gazteenei, dantzaren eta foklorearen bidez.
«Hemen egoteko, nondik gatozen jakin behar dugu», berretsi du Floresek, eta erantsi Ekuador hamaika kulturaz osatutako herri bat dela. Raices Andinas taldeak, zehazki, Sierra eskualdeko folklorea lantzen du. Ekuadortik ekarri dituzte dantzetarako erabiltzen dituzten jantzi koloretsuetako anitz. «Ez da erraza, baina zorroztasunez jokatu nahi dugu».
25 kide inguru ditu taldeak egun, eta guztiak izanen dira bihar Iruñean, Oberenak antolatutako jaialdian. «Hagitz kontent gaude, eta parte hartzeko irrikan. Jaialdi honen gisako ekinaldiak topagune bat izan daitezke hango eta hemengo taldeontzat, elkar ezagutzeko eta elkarrekin aritzeko. Polita litzateke sare moduko bat osatzea».
Tuteran, hain zuzen, hiriko bertze hainbat talderekin harremana badute. Udalarekin ere bai, baina Floresek salatu du «zailtasun handiak» dituztela udal aretoak erabiltzeko beren entseguetarako. «Parkean aritzen gara», erran du.
Zailtasunak zailtasun, sortu zenetik gazte anitzek taldearekin bat egin dutela azpimarratu du Floresek: «Batzuk baztertu egin dituzte institutuan, adibidez. Dantzaren bidez, beren erroak ezagutzeko eta beren nortasuna osatzeko aukera eman nahi diegu. Gainera, gazteon aisialdiaren parte izan nahi dugu».
Bolivia
Iruñea, Boliviako dantzen harrobia
Tinkus San Simon Boliviako dantzen Iruñeko taldea. TINKUS SAN SIMONEK UTZITAKOA
«Dantza kultura bat ezagutzeko bidea da; elkarri lotzen laguntzen gaitu. Erritmoa denon barruan dago, eta, dantza bat ezagutu ez arren, bertzeak dantzan ikusteak mugitzen hasteko gogoa transmititzen du». Horixe nabarmendu du Iruñeko Arrosadiko Tinkus San Simon taldeko arduradun Sulma Llanto Patzik. Boliviarra da, eta sorterriko tinku dantza eskaintzen du taldekideekin batera. Bihar Oberenak antolatutako jaialdian ariko dira, kolorez betetako beren jantziekin. «Txapela, lumak eta gure taldea identifikatzeko balio duten ikurrak janzten ditugu. Elementu bakoitzak badu bere esanahi berezia», zehaztu du Llantok.
Tinkus San Simon taldeak Bolivian du bere egoitza nagusia. «Talde horren adar bat gara gu, eta munduan bertze hainbat daude», kontatu du kideak. Arrosadiko taldea 2019ko uztailaren 14an sortu zen, Iruñeko Udalak sanferminetan antolatutako kulturen arteko kalejiran parte hartzeko. Llantok uste du, halere, ekinaldi horrek ez duela balio bertze kulturei duten balioa emateko: «Elkartzeko bertzelako aukerak sortu behar dira, besten egitarautik kanpo». Oberenak antolatutako jaialdian parte hartzeko «gogoz» dira Tinkus San Simon taldeko kideak, Llantok uste baitu elkar ezagutzeko balio dezakeela.
Boliviarrek, hain zuzen, badute zer erakutsi, Iruñean hango dantzak lantzen dituzten 11 talde baitaude. «Duela gutxi arte hamahiru ginen, baina bik utzi egin dute. Nafarroan bertze hainbat badira. Dantza gure sustraiekin bat egiteko modu bat da, eta garrantzitsua da guretzat», erran du Llantok. Badu gogoa elkarlana sustatuko duten bertzelako ekinaldiak prestatzeko eta egiteko, baina aitortu du hainbat emanalditan «ezeroso» sentitu dela: «Jendea etortzen da gu ikustera, baina, anitzetan, gure jantziak mozorro gisa hartzen dituzte. Nahiko genuke gure folkloreak toki bat izatea hemen».
Katalunia
Bartzelonako makil dantzak, kulturaren eta hizkuntzaren alde
Ball de Bastons del Clot Bartzelonako dantza taldea. BALL DE BASTONS DEL CLOT TALDEAK UTZITAKOA
Bartzelonako Clot-Camp de l’Arpa auzoan 2009. urtean jarri zuten Ball de Bastons del Clot dantza taldearen lehendabiziko hazia. Auzoko bestetan aritzeko, lagun talde bat elkartu zen, eta lehen emanaldi haren ondotik lanean segitzea erabaki zuten. Egun, auzoko bestetan eta egunerokoan parte hartzen dute, eta Cloteko bertze hainbat talderekin elkarlanean aritzen dira. 20 eta 45 urte bitarteko 25 kide inguruk osatzen dute taldea, eta Katalunia osoan egiten dute dantza. Bihar, Iruñean ariko dira.
«Kataluniako kultura txertatu nahi dugu auzoaren egunerokoan, Kataluniako kulturaren antena bat izan; auzoan, auzotik eta auzoarentzat aritu nahi dugu», erran du Ball de Bastons del Clot taldeko kide Marta Badia Grasetek. Azaldu du Garraf eta Penedes eskualdeetako makil dantzak hartu zituztela hasieran oinarri, baina beren estiloa garatuz eta dantza propioak sortuz joan dira. Erantsi du herri kulturaren aldeko lanaren barruan hizkuntzaren auziak ere garrantzi handia duela.
Hiri handia da Bartzelona, eta turistei so bizi da, neurri handi batean. Clot auzoko dantza taldeak, hain zuzen, errealitate horri aurre egin nahi dio: «Gure lana lagungarria da hiria dekoratu huts bat delako irudia apurtzeko; jendea bizi da, eta jendeak bere kulturari eutsi nahi dio».
«Nork bere berezitasunak ditu, eta ona da horiek ez galtzea. Horrek ez du erran nahi, noski, bertzeak ez errespetatzea. Kontua da nork bereari eustea, eta denen arteko sareak ehuntzea, elkarri begiratuz eta elkarri irakatsiz», berretsi du Badia Grasetek. Oberenak antolatutako jaialdiak sare hori ehuntzen hasteko modua eman dezakeela erantsi du dantzariak, eta erantsi du taldekideak Nafarroara etortzeko «irrikan» direla.
