Nafarroako Gobernuak torturaren beste zazpi biktima aitortu ditu

Nafarroako Gobernuak torturaren beste zazpi biktima aitortu ditu

Tantaka-tantaka, bere bidea egiten ari da euskal gatazkaren testuinguruan jazotako giza eskubideen urraketen gaineko aitortza, eta Nafarroako Gobernuak torturaren beste zazpi biktima aitortu ditu. Egiar Zor-ek eta Nafarroako Torturatuen Sareak eman dute horren berri, eta adierazi dute «urrats garrantzitsuak» direla estatu indarkeriaren eragina agerian jartzeko: «Urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko». Zazpi aitortza badira ere, denera hamar tortura kasu baieztatu ditu Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak; gehienak 1980ko eta 1990eko hamarkadetako kasuak dira.

Aitortzen artean, bakarra da frankismo garaikoa: Javier Lopez Uralde 1974an atxilotu eta torturatu zuen Brigada Politiko Sozialak. Santiago Hermida Diaz, Karmelo Irujo eta Julian Nazar, berriz, 1980ko hamarkadan torturatu zituzten; Hermida, Guardia Zibilak, eta Irujo eta Nazar, berriz, Espainiako Poliziak. Polizia hark torturatu zituen Alberto Pio eta C. Barbarin ere, 1990eko hamarkadan. Pio, gainera, hiru aldiz torturatu zuten: 1995ean, 1996an eta 1997an. Batzordeak aitortutako zazpigarren biktima Jorge Txokarro da. Hura Espainiako Poliziak torturatu zuen 1996an, eta Guardia Zibilak 2002an.

Gaur jakinarazi dituzten aitortzekin, 129 dira Nafarroako Gobernuak 16/2019 foru legea aplikatuta aitortu dituen biktimak, Egiari Zor-en eta Nafarroako Torturatuen Sarearen datuen arabera; haietatik 96 torturatu egin zituzten.

Halere, jazotakoaren isla izatetik urrun dago kopuru hori. Horregatik, eragileek erakundeei dei egin diete lanean jarrai dezaten Euskal Herri osoan izan diren giza eskubideen urraketa larriak argitzeko, ezinbestekoak iruditzen baitzaizkie «egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria osoa oinarri izango dituen etorkizun bat eraikitzeko». Era berean, indarkeria politikoaren biktima izandakoei dei egin diete aitortza eskaerak aurkezteko. «Prest gaude tramiteak egiteko laguntza behar duten pertsona guztiei laguntzeko», gogoratu dute.